SINADURAK

Lur Albizu Etxetxipia

Sinergiak eta beste

2020-06-08

Lana, anbizioa eta inbertsioak. Batzuek ederki dakite zertan dabiltzan. Eta munstroari modu eta hizkuntza askotan egin beharko diogu aurre. Herri askotan eta aliatu berriekin. Deseroso sentituko gaituzten aliatuak izanen dira. Konpromisoak eskatuko dizkigutenak, baina ez ahaztu: haiek ere egin beharko dituzte aurretik pentsaezinak iruditzen zitzaizkienak. Eta ez da gutxi.  


 

Argazkia: Flickr / Euskalakari AEK

Azken urteotan askotan hitz egin izan da –dugu- mugimenduen arteko sinergiez. Borroken arteko elkarloturez, artikulazioaz, intersekzionalitateaz… duela bi urteko greba feministaren eztandak eta pentsionistek eraman gintuzten aipatutakoan asko pentsatzera. Eta, pentsatzera baino gehiago, egitera, probatzera, sortzen saiatzera. 

Borroken uztarketa leku eta garai konkretu batean gertatu izan da eta gertatzen ari da. Horiek lekutu nahi nituzke, lurrera ekarri eta galdera batzuk egin, ideia batzuk bota. Pentsa dezagun, adibidez, Nafarroa Hegoaldeaz ari garela. Euskaraz edo euskalgintzaz ari garela –hizkuntza eskubideez, finean-. Feminismoaz ari garela. 

 

«Borroken uztarketa leku eta garai konkretu batean gertatu izan da»

 

Euskara eta Erribera[1] (edo, areago, eremu ez-euskalduna) lotzen ditugunean, parean dagoenak askotan aldatuko du aurpegia: normalean pena izanen da, beste batzuetan “gizajoak” pentsatuko du, beste batzuetan harrituta geldituko da (“zelako meritua zuena!”). Sentimentalismo kutsua duten erruki aurpegiak, miresmena izan nahi duten keinuak. Hor hasten da guztia: ez, ez da meritua. Ez da errukirik behar. Eta, batez ere: hau ez da (bakarrik) sentimendu kontua. Euskararen egoera, hasiera-hasieratik, estrategia politiko baten fruitu da. Eta muga legal eta administratiboak ditu. Ukitzen ahal diren ondorioak ditu zonifikazioak, azalean geratzen direnak eta ondorio materialak dituena; ez dugu erromantizaziorako joerarik behar. Eta muga horiei erantsita, planifikazio soziolinguistiko zorrotza dute atzetik: hamarkada luzetan zehar euskararekiko fobiak elikatu dituen estrategia oso bat. Has gaitezen hortik: Nafarroa erdian (Iruñea sartzen ere ausartuko nintzateke) euskalduntze prozesuan urratsak eman dira, baina ez nuke esanen paradigma aldaketa baten beharraren parean gaudenik. Zalantzaz beteta diot: langa batzuk ezin pasa gabiltza, zerbait ez doa guztiz ongi eta hobe dugu buelta batzuk eman, dagoeneko formula batzuek ez digutelako balio. Eta bai, oso materiala da zure haurrek herrian ezin ikastea gobernuak nahi ez duelako; oso materiala da kooperatibak sortu behar izatea haur eskola euskaldunak egon ahal izan daitezen; oso materiala da batxilergoa euskaraz egiteko ehun kilometro baino gehiago egin ahal izatea. 

 

«Hau ez da (bakarrik) sentimendu kontua. Euskararen egoera, hasiera-hasieratik, estrategia politiko baten fruitu da»

 

Euskaran zentratzen ari naiz baina feminismoaz hitz egitera ere banentorren. Izan ere, modu berriez ari garela (edo akaso ez dira hain berriak?), borroken arteko uztarketek haiek beraiek elikatzeko potentzialitatea dutela sinetsita nago. Bai, batak besteari indarra eman, elkarrizketak sortu eta ildo berriak arakatzeko (eta, batez ere, praktikan jartzeko) aukera ematen dute. Eta ez da teoria bakarrik. Azalean sentitzen den zerbait da. Zer dute komunean borrokek? Zein komunitate sortzen eta birsortzen dute? Ez al gara euskaltzaleak feministak garelako? Ez al gara feministak antiarrazistak garelako? Ez al gara bollerak euskaltzaleak garelako? Norberak bila ditzala iturburuak: ondorioak ez dira hain desberdinak izanen. 

 

«Zer dute komunean borrokek? Zein komunitate sortzen eta birsortzen dute? Ez al gara euskaltzaleak feministak garelako? Ez al gara feministak antiarrazistak garelako? Ez al gara bollerak euskaltzaleak garelako?»

 

Bidea ibiliz egiten da. Eta, iruditzen zait, elikatze perspektiba horrek bide berriak irekitzen dizkigula. Eta luzea izanen da. Ez gara mirarietan sinesten hasiko (munstro baten kontra ari garelako; eta munstroak ere partida jokatzen du, aspaldi): baina egiten ahal da. Eta, zein dira lehentasunak? Zein dira oinarriak? Gako batzuk zerrendatzen saiatuko naiz. Asko ahaztuko zaizkit, eta galdera gehiago ditut erantzunak baino. 

 

  • ♦Beste batzuetatik ikasi, loturak egin: Errigora – euskalgintza – ekoizleak – lurraldetasuna. Elikadura burujabetza – hezkuntza – euskara – auzolana – Ager Vasconum. 
  •  
  • ♦Ezagutzen duguna gorrotatzea zailagoa da: fobiak desaktibatzen hasi behar gara. Beldurra ematen digu ezezaguna den horrek, amorrua, inpotentzia. Zer du egitik eta zer gezurretik euskararen kontrako fobia guztiak? 
  •  
  • ♦Greba feminista bat zurekin eraiki, sortu eta eratu duen kideak euskarari leku bat ematen dionean, nola esanen diozu ezetz?
  •  
  • ♦Zein leku dute beste hizkuntza batzuek? Leku batzuetan entzunagoa den arabieraren aurrean ezikusiarena eginen dugu?
  •  
  • ♦Euskararen alde gaztelaniaz egin daiteke? Gure kontraesanei aurre egiten saiatuko gara? Posizio errazak eta koherenteak aukeratuko ditugu beti edo ez? 
  •  
  • ♦Malabareak eta negoziazioak. Zerbait galdu eta beste zerbait irabazi. Feminista naizelako euskaltzalea izateko aukera gehiago ditut. Zer ondorio du horrek mugimendu bezala, konpromisoetara jota? 
  •  
  • ♦Espazio hibridoak, borroka hibridoak, elkargune fisikoak. Komunitateak, pluralean. Nola sortzen dira? 
  •  
  • ♦Euskara gure hizkuntza da, ados. Europako zaharrenetakoa, ados. Ez du ahaide ezagunik, ados. Zer gehiago behar dugu? Euskarak zertarako balio du? Erabilgarria da? Euskaraz amets egiten ahal da? Ligatu? Lan egin? Oroitzapen onak ekartzen ahal dizkigu? 
  •  
  • ♦Zein komunitaterekin egin nahi dugu borroka? Norekin? Zein esfortzu egin nahi dugu sikiera elkar ezagutzeko? 
  •  
  • ♦Bai, naziogintzan ari gara. Nazio hori kolore askotakoa delako, eta batzuetan ez zaigulako gustatzen. Ezta gustatu behar ere (horregatik gaude bizirik). 
  •  

Erromantizazio gutxiago (eta ez da erromantizazioa maite ez dudalako), gorroto gutxiago, frustrazio gutxiago behar ditugu. Maitasun gehiago. Egoera, erraza baino, oso zaila delako. Eta eskatzen duen lana handia. Lana, anbizioa eta inbertsioak. Batzuek ederki dakite zertan dabiltzan. Eta munstroari modu eta hizkuntza askotan egin beharko diogu aurre. Herri askotan eta aliatu berriekin. Deseroso sentituko gaituzten aliatuak izanen dira. Konpromisoak eskatuko dizkigutenak, baina ez ahaztu: haiek ere egin beharko dituzte aurretik pentsaezinak iruditzen zitzaizkienak. Eta ez da gutxi.  

 


[1] Nondik idazten dudan aitortu gabe zaila egiten zait baieztapen batzuk botatzea: eremu ez euskaldunean urte luzez kateatuta egon den herri txiki batetik, Nafarroa Erdialdetik. Ez dakit elementu nahikoa ditudan aportazio batzuk egiteko, seguraski ni ere estereotipo eta klitxez betetakoak botatzen ari naiz.

TWITTER