SINADURAK

Muhamadu Ladur

Ernaiko kidea

Saharak berri

2020-12-10

25 urte ditut, Euskal Herrian lan, bizi eta militatzen duen gaztea naiz. Gatazka politiko baten ondorioek eraman ninduten gatazka baten parte izatera; hain zuzen ere, Euskal Herrian errefuxiatu behar izanak herri honen askapen prozesuan nire aletxoa jartzera eraman ninduen.


Errefuxiatu kanpamenduak. Argazkiak. Wikipedia Commons

 

Ni jaio baino 4 urte lehenago isildu ziren armak Afrikako azken kolonia izan behar zen horretan, negoziazio prozesu batek ekarri baitzuen gerra osteko lehen su-etena. Gerraosteko  isiltasunak herriari eman behar zion hitza eta erabakia;  saharar herriak bere etorkizuna demokratikoki erabakiko zuen.

Testuingurua kokatze aldera, 1975ean Frankismoaren azken egunak zenbatzen ari zirenean, espainiar estatuan frankisten aurpegi garbiketarako orkestraturiko fake-trantsizioa diseinatzen ari zenean, txanponak hainbeste maite dituen Juan Carlos I.a Borboiak Sahara txanpon gisa baliatu zuen lurraldea Mauritania eta Marokoar diktadurari salduz. Independentzia ekarri behar zuen deskolonizazio prozesuak gerra ekarri zuen, transakzioa bilakatuz. Frente Polisarioak Mauritania ekuaziotik laster atera zuen 1979an, militarki garaitu baitzuen, eta Argeleko ituna sinatu zuten bi aldeek. Ordutik, aldebikoa izan da gatazka politikoa; boxeo ring batean bezala, Nazio Batuen joko zaindariarekin eta mendebaldeko ikusleekin, azken roundaren bila.

 

«Independentzia ekarri behar zuen deskolonizazio prozesuak gerra ekarri zuen, transakzioa bilakatuz.»

 

Pandemia dela eta, arduraz hainbeste hitz egiten ari den garai hauetan, hitz egin dezagun gatazka honetan ardura daukaten alde guztiez. Iparraldetik hasita, nabarmentzekoa da frantziar estatuak ordutik gaur egun arte izan duen papera. Gerra piztu zenean baliabide militarrez hornitu baitzuen marokoar diktadura eta NBEan duen beto ahalmena baliatu izan du inolako erreferendumik gauzatu ez zedin.

Espainiar erresumari dagokionez, bere DNAn hain errotuta daukan nazio zapalduen ukaziorako joeraren beste espresio bat aurkitu dezakegu kasu honetan. Aldebiko aurpegiarekin jokatu baitute momentuan momentuko deklarazioen bitartez, publikoki saharar herriaren aldeko sasi elkartasun deklarazioak luzatuz eta diplomatikoki marokoar diktadurarekin hitzarmen komertzialak sinatuz. Zurrunbilo honetan, gogora ekarri nahi ditut Abdulah Arabi Frente Polisarioko ordezkariaren hitzak: “Espainiarengandik ez dugu ezer espero, egin diguna baino min handiagoa ez egitea, besterik ez”.

Giza eskubideen bermatzaile izateko jaio zen Nazio Batuen Erakundea bada gatazkan honetan arduragabekeriaz jokatu duen beste aldeetako bat. Izan ere, Autodeterminazio Erreferendumaren gauzapena eta berme demokratikoak erakunde honen esku geratu ziren 1991an sinatutako akordioan. Beste behin ere, interes ekonomiko eta geopolitikoak giza eskubideen gainetik jarri dituzte.

 

«Espainiar erresumari dagokionez, bere DNAn hain errotuta daukan nazio zapalduen ukaziorako joeraren beste espresio bat aurkitu dezakegu kasu honetan»

 

Arduragabeen zerrenda alde batera utzita, Saharako herrian jarri nahiko nuke fokua. Honen deskribapenerako, egokia iruditzen zait saharar banderaren esanahia oinarritzat hartzea:

Esperantzaz beteriko berdea. Zerbaitek ezaugarritu baldin badu saharar herria, hori esperantza izan da. Urteetan zehar zapalduak egon arren, munduan zehar sakabanatutako komunitatea izan arren eta gatazkaren konponbiderako bide guztiak itxita izan arren, belaunaldiz belaunaldi borrokan jarraitzeko beharra bizirik mantentzeko gaitasuna izan du Saharako herriak. Belaunaldien arteko transmisioa izan da gako nagusienetarikoa, bestela pentsaezina litzateke lau hamarkada baino gehiago igaro ondoren, ehunka gaztek borrokarako deiari erantzun izana. Gazteak izan baitira azken asteetan haien lan prekarioak, ikasketak eta ingurunea alde batera utzi eta batailaren lehen lerrora jaitsi direnak; herriarekiko konpromisoa azkenera arte eramateko prest daudenak.

Gazteez gain saharar emakumeen papera goraipatuko nahiko nuke, erresistentziaren motore izan direlako gau eta egun. Azken asteetan Euskal Herrian ikusi ditugun mobilizazioak horren argazki izan dira: askatasun aldarriak lau haizetara momentu oro zabaldu dituztenak saharar emakumeak izan  dira. Hain zuzen ere, gerraren lehen urteetan borrokaren lehen lerroan egoteaz gain -emakumez osaturiko lehen batailoia 1974ean sortu zen-, erbestean eraikitzen ari zen Saharar Errepublikaren oinarriak eraiki zituztenak.

 

«Gazteez gain saharar emakumeen papera goraipatuko nahiko nuke, erresistentziaren motore izan direlako gau eta egun»

 

Fronte Polisarioak gerra garaian (Tifariti, Mendebaldeko Sahara) eraitsi zituzten bonbardaketa marokoarreko hegazkin baten zatiak. Espainiaren menderakuntza gudu garaian, herria postu militar gisa erabili zen. Tifariti Marokoko kontrolpera igaro zen, eta ondoren Fronte Polisarioaren menpe. 1991ean, Marokoko bonbardatzaileek herria erabat suntsitu zuten NBEren su-eten kontrolatua eman aurretik. Argazkiak / Wikipedia Commons.

 

Bakearen ikur den  zuria. Bakeari  bidea eraikitzeko borrokatzera behartua izan den beste herri bat gehiagoren historia bada hau ere. Bakeari momentu oro ateak ireki dizkio saharar herriak eta, hala ere, gatazka armatuaren berpiztearekin asko izan dira herri honen izaera baketsua zalantzan jarri dutenak. Baina zer da bakea? Bakea al da berrogei urte baino gehiago estatu zapaltzaileen menpe egotea? Bakea al da lurralde okupatuetan bizi diren saharar herritarren kontrako etengabeko atxiloketak eta torturak? Bakea al da lurralde baten aberastasunak etengabe ustiatzea? Ez gaitzatela engainatu, herritarron eskubide zibil eta politiko oro bermatuta egon arte ez da bakerik egongo.

Odolaren gorria eta doluaren beltza. Heriotza baita edozein gatazkaren alderik gordinena. Asko izan dira borrokan erori diren gudariak eta haiengatik guztiengatik ere borrokan jarraitzen du saharar herriak. Asko izan dira baita ere azken urteetan marokoar diktaduraren espetxeetan hil diren presoak torturen edo gaixotasun larrien ondorioz. Badirudi independentismoaren kontrako borrokan asko ikasi duela bere Europako kideetaz erreinu aliatuak.

Brigade Loco talde bergararrak dioen bezala, esperantza piztu zen munduan zehar, ekintzek  dute  hitza. Piztu zen eta piztu da. Izan ere, saharar herria hamarkada luzeetan mugiezina izan den harri bati begira egon da, batzuen promesa elektoralen antzera inoiz gauzatu ez den erreferendum baten zain. Azkenik, iniziatiba hartu eta askapen prozesuari bultzada berri bat emateko hautua hartu du.

 

«Bakea al da berrogei urte baino gehiago estatu zapaltzaileen menpe egotea? Bakea al da lurralde okupatuetan bizi diren saharar herritarren kontrako etengabeko atxiloketak eta torturak?»

 

Oinetako ezberdinekin izan arren, Euskal Herrian ere bide bera jorratzea dagokigu. Saharar gazteriak egin bezala, hemen ere gazteoi dagokigu pauso bat aurrera eman eta askapen prozesuaren lehengai eta motore izatea. Asko dugu borrokatzeko eta gehiago irabazteko.

Sahara Hurra!

 

TWITTER