SINADURAK

Toni Rico

Historiagile valentziarra

Ohar batzuk “La línea invisible” telesailaz

2020-05-05
ES   

Bai, Txabi poeta gisa aurkezten da, intelektual eta irakasle unibertsitario bezala, baina azkenean gazte idealista denaren ideia inposatzen da, ez hausnartzen duen militantea, ekitera hausnarketa horrek eramaten diona, ez erromantizismoagatik, baizik eta konbikzio politiko sendoengatik.


 

Lehenik eta behin gustatu zaidala esan beharra daukat. Erritmoa dauka eta ongi girotua dago. “El día de mañana”ren ildo beretik doa, produktore berarena dena. Zuzendariak berberak dira: Mariano Barroso eta Alejandro Hernández. Beraz, serie ona da konfinamendu garaietarako. Aktoreen papera, Alex Monner (Txabi Etxebarrieta) eta Antonio de la Torrerenak (Melitón Manzanas), batez ere, bikaina da. Halere, badu akatsik: askotan desagertzen den euskal azentua, esaterako. Baina, esan bezala, interpretazio bikainak ditu. Guztiak bezala, ordea, baditu “baina” batzuk. Historiagile bezala, falta diren gauzak topatu ditut. Hutsuneak, ahultasunak eta modu batean edo bestean, zuzendariek ETAren fenomenoaren interpretazio presentista egin nahi duten arren, aktiboki eta pasikoki erortzen dira ihes egin nahi duten leku komun eta topikoetatik. Goazen partez parte.

 

Nazioarteko testuingurua

Telesailak ez du kontuan hartzen. Ez hartu beharko lukeen sakontasunaz. Che Guevararen poster bat eta 68ko maiatzeko irudi batzuk kenduta, ETA agertzen den testuinguru politikoa ez da telesailean agertzen. Eta hori fundamentala da. Iraultza kubatarraren inpaktu eta eragina, Pariseko maiatzaren eztabaida politikoak (hegan egiten zuten harriak gorabehera), Vietnameko gerra, iraultza txinatarra edo Algerreko independentzia, horiek kontuan hartu gabe ezin da ETAren agerpena ulertu. Batez ere, bide armatuari ekiteko erabakia. Izan ere, ETArena ez da fenomeno isolatua, kulturalista euskaldun fanatiko eta apaiz talde batzuen fruitua, telesailean esaten den bezala. ETA agertzen den momentu historikoan armak hartzea ezkerreko posizio politikoak defendatzeko praktika ohikoa zen kontinente guztietan, eta ez hori bakarrik, gazte militante politikoen babes oso handia zeukan. Erromantizismo iraultzaileagatik, idealismoagatik edo praktika bideragarria zela ikusten zelako, kontua da borroka armatua Euskal Herritik harago ere Irlandan, Alemaniako errepublika federalean eta Italian ere agertu zela, beste hainbat herrirekin batera.

 

ETA armez harago

Garaiko beste mugimendu politiko asko bezala, ETA fronte armatuaz harago zihoan. Izan ere, fronte hori ez zen zentralena edo militante gehien zituena. Fronte militarra, telesailean ikusten den bezala, denbora askoan ekintza propagandistikoetara mugatzen zen, biktima mortalak eragin gabe, auzi politikoa egunkarien lehen planoan jarri eta jarraitzaileak izateko asmoz. Telesailean debate eta posizionamendu erreal baina sinplifikatuak agertzen dira, ahaztuz, V. asanbleako erabakiak eta Txabi Etxebarrietaren figurak bi posizionamendu politiko batu zituela. Obrerista izateko ez zen beharrezkoa espainolista izatea, eta independentista izateko ez zen Sabino Aranaren jarraitzaile izan behar. Nire ikuspuntutik, telesaila hemen erratu egiten da eta ETA zintzo eta gaizto bat dagoela erakusten duen debate presentistetara egiten du ihes. Lehena, langile eta internazionalista, Espainiar estatuko beste herrien laguna eta demokraziaren aldeko borrokalaria. Bigarrena, fanatikoa eta nazionalista, langile espainolen arerioa. Debatea, esaten dudan bezala, faltsua da eta testuingurutik guztiz aterata dago. Etxebarrietak zerbait errepresentatzen badu Euskal Herrian bi borroken arteko sintesia da, munduko beste leku batzuetan gertatzen ari zen bezala.

 

«Telesailean debate eta posizionamendu erreal baina sinplifikatuak agertzen dira, ahaztuz, V asanbleako erabakiak eta Txabi Etxebarrietaren figurak bi posizionamendu politiko batu zituela. Obrerista izateko ez zen beharrezko espainolista izatea, eta independentista izateko ez zen Sabino Aranaren jarraitzaile izan behar.»

 

Erregimenaren errepresioa

Lehen garaietako ETAren ekintza gutxien gertatzen ziren bitartean, paraleloki, erregimenak erakundeko kide bezala identifikatutako zein erakundeko kide ez ziren hainbat militante euskaldun jarraitu, torturatu eta hil zituen. Elementu hau, errepresioarena, oso ondo dago interpretatua Antonio de la Torre aktorearen eskutik Melitón Manzanas interpretatzen, baina ez da geratzen irudikatua bere osotasun eta konplexutasunean. Sentsazioa ematen du torturatu gutxi, errepresaliatu gutxi egon zirela, eta ahaztu egiten du errepresioaren transbertsalitatea, eremu sozial desberdinetako euskaldunen kontrakoa izan zena. Errepresioa ETAren militanteen eboluzioa ulertzeko funtsezkoa da, pertsonen kontrako borroka armatua ulertzeko orduan. ETAk hiltzea erabakitzen duenean, baziren euskaldun asko diktaduraren eskuetan hil zirenak, gauza batek bestea justifikatu beharrik gabe: baina kontuan hartu behar da erabakia ulertzeko.

 

Elizaren papera

Elizaren parte batek ETAren agerpena ontzat eman zuen, bai. Baina ETA ez zen seminario batean agertu iturri batzuk sinestarazi nahi izan diguten bezala. Elizan ere ez zuen bere militantziaren nukleoa izan. Estatuaren beste partetan bezala, Katalunian bereziki, Euskal Herrian elizaren zati bat langile mugimenduari lotua zegoen, erregimenarekiko oposizioarekin kolaboratu eta langile kristau taldeen agerpena bultzatuz. Hori gauza bat da; bestea, apaiz batzuek telesailean duten omnipresentzia ETAri hiltzeko oniritzia emanez. Esan bezala, euskal elizaren papera neurriz kanpoa da, eta telesailaren beste puntu presentista bat bilakatzen da, ETArekiko beste ideia faltsu bat kontsolidatzen bukatzen duena.

 

Militantzia eta formakuntza politikoa

Telesailak ematen du aditzera ETAko militanteak “lau katu” direla. Erakundea sortzeko batzarrean zein izena erabakitzen denean (portzierto, serieko “El inglés”, kulturalista fanatiko gisa aurkeztua, Julen Madariaga historikoa da, euskal politikari exiliatuen semea eta urteekin borroka armatuaren kontrako ziren Aralar eta Elkarri bezalako erakundeen bultzatzailea), jende gutxi dira. Telesailak ahazten du V. asanbladan presente zeudenak, adibidez, delegatuak zirela. Horrez gain, Txabi Etxebarrietaren zirkulu hurbilari begiratzen badiogu, sentsazioa da gutxi direla borroka armatua erradikalizatzea hautatzen dutenak. Hori ez da horrela. Zaila da jakitea ETAren orduko militante kopurua, baina telesailean agertzen dena baino askoz handiagoa zen. Iturri batzuen arabera 1966 eta 1970 artean 600 pertsonek militatzen zuten erakundean, eta hortik 102 liberatuak ziren. Halaber, beste erakunde batzuen existentzia kontuan hartu behar dugu, ekintza armatu propagandistikoak burutzen zituztenak garai hartan: EGI, ORT, AST edo ETAren ramifikazio desberdinak, ETA-berri edo ETA bai, esaterako. Alegia, ekosistema politiko konplexuagoa da garai hartakoa telesailak erakusten diguna baino. Are gehiago, Etxebarrieta anaien formazio akademiko eta intelektuala eta beste militanteena ez da seriean islatzen. Bai, Txabi poeta gisa aurkezten da, intelektual eta irakasle unibertsitario bezala, baina azkenean gazte idealista denaren ideia inposatzen da, ez hausnartzen duen militante bezala, ekitera hausnarketak bultzatzen duena, ez erromantizismoagatik, baizik eta konbikzio politiko sendoengatik.

 

«Ekosistema politiko konplexuagoa da garai hartakoa telesailak erakusten diguna baino. Are gehiago, Etxebarrieta anaien formazio akademiko eta intelektuala eta beste militanteena ez da seriean islatzen»

 

Finean, telesaila eta pelikula oro bezala liburu batzuk ondoan izanda begiratzea komeni da. Beti, susmoaren lupa ondoan, erakutsi nahi digutena bakarrik ikus ez, baizik eta ñabardurak ere ikus ditzagun.