SINADURAK

Mirene Begiristain

UPV/EHUn irakasle eta ikerlari

Normaltasun berrirako agroekologia feminista

2021-08-09

Europako Batzordeari zuzenduriko A sustainable food System for the European Union txostenan adierazten da gaur egungo Europako elikadura sistemak osagai sozial, ekonomiko eta ekologiko konplexuak dituela, eta erabateko aldaketa behar duela epe luzera jasangarri bihurtzeko.


Argazkia. Unsplash / Maja Petric

 

Covid-19aren aurretik zeunden krisi anitz eta konbergenteen beste estualdi bat etorri da. Planetaren eta bizitzaren biziraupenarekin zer egin nahi dugun erabakitzera garamatzan estualdia.

Egun dugun elikagai kate ereduak sortzen dituen eraginak ezagunak genituen honen aurretik. Ebidentzia guztiak medio, SAPEAk (Science Advice for Policy by European Academies) berriki argitaratu du Europako Batzordeari zuzenduriko A sustainable food System for the European Union txostena.

Bertan adierazten da gaur egungo Europako elikadura sistemak osagai sozial, ekonomiko eta ekologiko konplexuak dituela, eta erabateko aldaketa behar duela epe luzera jasangarri bihurtzeko.

 

«Bertan kokatzen dugu emakumeek* elikadura sisteman eta landa ingurunean bizi duten egoera desorekatua.»

 

Aldaketa horretarako, azken urteetan agroekologia ekoizpen eta kontsumo trantsizio alternatiba iraunkorrak proposatzeko gai izan da, prozesu eta ikuskera berriekin, bai planetarentzat eta bai pertsonentzat. Elikadura sistemaren azterketak ikuspegi multidimentsional eta konplexua eskatzen badu ere, oraindik ikuspegi feminista, neurri handi batean, eskasa da, nahiz eta agroekologiaren arloan ekarpen aitzindariak baditugun.

Elikadura sistemaren ikuspegi osoa badugu, sukaldeetan, kontsumoan edota ekoizpenean gertatzen diren askotariko zapalkuntzen katea hautsi dezakegu, proposamen emantzipatzaile errealak sustatuz. Testuinguru horretan, COVID-19aren etorrerarekin hamaika sentsazio, bizipen, hausnarketa eta pentsamendu-galdera sortzen zaizkigu.

Hausnarketa intimo eta kolektibo honetan —subertsiboa ere izan daitekeena— gure antolaketa sozioekonomiko eta politikoan elikadurari eta elikagaien ekoizpenari leku bat ematea nahitaezkoa da, elikatzea esentziala delako.

 

«Zer da esentziala gure bizitzen ortzimugak askatasunean eraiki nahi baditugu? Zer da esentziala planetaren eta pertsonen bizi onerako?» 

 

Beraz, euskaldunok elikagaien inportazioekiko dugun menpekotasuna sustatzen jarraitu behar dugu, edo ez ote da zentzuzkoagoa eta erabaki estrategikoa gure elikagaien ekoizpena tokikotzea eta sostengagarria bihurtzea? Horrekin batera, elikadura, esentziala izateaz gain, eredu iraunkorraren eta eredu industrialaren arteko talkan dago.

Izan ere, intsumoetan menpekoa den ekoizpen ereduari ere arreta jartzea ezinbestekoa da. Baserrien kopuruen murrizketak, ekoizpena produktu gutxi batzuetara bideratzeak eta intentsifikazioak eta eskala handitzeak, lanpostuen galeraz harago, ingurumenaren eta gure lurraldeen kaltetzea ekarri du.

Ez al du zentzu gehiago baserri kopuruari eusteak edota areagotzeak, eskala murriztuz, nekazaritza eta abeltzaintzako enplegua defendatzeak, soberakinak ezabatzeak eta produkzioa, batez ere, tokiko merkatuetara bideratzeak, kalitatea, iraunkortasuna eta jendarte-justizia irizpidetzat hartuta? COVID-19ak gogorarazten digu badagoela zer eztabaidatu, eta erabakitzen ari garela zein nekazaritza eta elikadura eredutarantz joan nahi ote dugun, berandu baino lehen.

 

Argazkia. Unsplash / Meriç Tuna

 

Euskal Herrian zehar agroekologiaren ikuspegian kokatzen diren baserritar eta mugimendu sozialek euren eskubideen defentsan ekimen anitz aktibatu dituzte azken asteetan. Ekimen gaitasun horrek, erreakzionatzeko gaitasunetik harago, prozesuak abordatzeko beste logika bat erakusten digu: lan dinamika horizontala, errespetuzkoa, eraikuntza kolektiboan positiboki eta era eraikitzailean baliabideak, esperientziak eta harremanak partekatzeko lankidetza.

Horrek ez du esan nahi garatu diren ekimenek mugarik ez dutenik —eskala mugak edota subjektu anitzaren eraikuntzari dagokienez, adibidez—, baina egiteko modu hegemonikoak interpelatuak izan dira, eta aldatzeko bokazio sakona dute. Modu horretara, ikuspegi agroekologikoa eta feminista egikaritzeko prozesuak eta antolaketa ereduak politizazio eta eraldatze prozesuen ardatzak direla ikasten dugu.

Zentzu horretan, politiken planifikazioek epe laburrerako ikuspegia eta helburuak lehenesteko joera dutela ikusten dugu. Euskal Herriko elikadura sistemari eragiten dioten politika publikoetan helburuak eta tresnak modu nahasgarri eta ez-eraginkorrean biderkatu dira.

 

«Elikadurari lotutako politika publikoek logika kapitalistatik irten eta bizitzarako funtsezkoak diren beharrekin negozioa ez egitea bermatu behar dute»

 

COVID-19aren aurretik, adibidez, larrialdi klimatikoa deklaratu zen, baina, horren bitartean, elikadura artifizialki ekoizteko euskal RIS3 estrategiari lehentasunezko finantzaketa publikoa ematen zaio. Ildo berean, COVID-19arekin instituziotatik ezarritako alarma egoerak emergentziazko hainbat neurri ekarri ditu: adibidez, nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizle txikientzat neurri murriztaileagoak ezartzea beste ekoizpen eta elikagai banaketa kate handiekin alderatuta.

Dikotomia horretan, eta norabide aldaketarako, elikadurari lotutako politika publikoek logika kapitalistatik irten eta bizitzarako funtsezkoak diren beharrekin negozioa ez egitea bermatu behar dute, elikadura iraunkor eta nutritibo baten eskubidea lehenetsiz. Horrez gain, COVID-19ak gobernantzaren auzia ere azaleratu digu; krisialdiaren kudeaketa tokian tokiko errealitatera egokitzeko erabakitzeko ahalmena ez dugula ikusi dugu, baliagarria litzatekeena adostasun eta parte-hartze kultura zabalagoetara iristeko.

Beraz, agroekologian eta feminismoan oinarritutako elikadura sistema iraunkorra eraikitzeko, modu kontzientean bidea egin behar da maila anitzeko gobernantza eraginkor baterantz.

 

«Honen ondoren zein da onartuko dugun edo probokatuko dugun normaltasun berria?»

 

Normaltasun berriaren diskurtsoa borrokatu beharreko lurraldea izango da, sistemaren ondorioak krisiaren ondorio bezala saldu nahiko dizkigutelako. Borroka horretan, normaltasun berria planeta eta herritar guztiak babesteko baliatu behar dugu, gero eta naturalizatuagoak genituen desberdintasun sozialetara ez bueltatzeko, eta ezinezkoak ziruditen politikak posible direla sinesteko.

Hori horrela bada ere, jakitun gaude gure senak betiko normaltasunera bueltatzeko joera izango duela (horretan kapitalismoak ederki jakin izan du bere kartak jokatzen, epe motzeko asetasunak elikatuz). Horretarako hausnarketa interesgarria proposatzen du Marina Garcesek: zer da bizitza osasuntsua? Elikadura sistemaz ari garenean, immunitateaz eta janari seguru eta aseptikoez harago, gure osasuna eta osatze kolektiboa zerekin konektatuta dagoen begiratzera garamatza.

Normaltasun berria probokatzerakoan agroekologia feministak iparrorratza izan beharko luke, sistemaren logika produktibistatik eta kontsumistatik bizitzaren iraunkortasunaren eta desazkundearen kulturara garamatzana.

 

* Artikulu hau Telesforo Monzon Laborategirako eginiko gogoetaren laburpen bat da. HEMEN