SINADURAK

Ibon Meñika Orue-Etxebarria

Sortuko Herrigintza arduraduna

Nola eraiki gehiengoak?

2023-10-24

Izenburuaren galderak, bere baitan, atari bat badu; kontzientea naiz. Izan ere, gehiengoak eraikitzeko borondatea, beharra edo motibazioa behar delako, aurrena. Eta, ondoren, Nola? Itaunari erantzuten saiatzea dakar. Ez dela batere erreza afera, berez.


Argazkia. Jon Urbe. FOKU

 

Aitortu behar dut ni neu apriorismo horretatik abiatzen naizela lerro hauek izkiriatzerako momentuan. Ñabardurak baditut, noski, ziurrenik, denok modura. Gehiengoen aurka joan daitezkeen praktikak ere baditut, ukaezina. Maiz, lehentasunek gailendu naute, gardenki. Eta, zintzotasunez, asmo kontziente gisa iritzi bat, posizio bat, ekinbide bat lehenetsi izan dut, eremu ezberdinen bateratasunaren gainetik. Bai, hori ere banaiz.

Alta, aspaldion buruan bueltaka dabilkidanari bidea ematen saiatuko naiz gaurkoan. Gure herri txiki baina polarizatu, anitz eta konplikatu honetan (zein ez da?) helburu handiak egikaritzeko  gehiengo sozialak eraikitzea konplexua delako: izan Palestina, izan presoak, izan euskara, hezkuntza, ekologismoa, udal akordio bat…. edo izan bizi zaren auzotarren komunitatearekin igogailuaren eraikuntza adostu behar duzunean. Latza.

 

«Aitor nendin, une honetan, uste dudala gehiengo sozialen artikulazioan ekarpen kualitatibo gehien eskaintzen ari dena feminismoa dela, ene ustez»

 

Bide batez, aipatzea dagokit gizonen gehiengoa ez gauden eremua izateak zer-esan argia duela horretan, zalantzarik gabe. Prozesu sozial zabalak, erpin eta ahots ugarirekin, erritmo eta denboren diktadurak saihestuz eta zeharkakotasuna irudikatuz proiektatzen baita, besteak beste.

Aldiz, eta langintza honetan dudan esperientzia praktiko xumea aintzat harturik, zein ikusmiratik begiratzen den edozein gehiengo soziala eraikitzeko -eskalak ez du ardura- oinarrizko printzipioa begitantzen zait. Alegia, ez delako berdina helburu orokorraren beharra edo urgentzia gauzatzeko norberaren posizio/iritzi/aldarte malgutzeko prestutasuna edukitzea, edo ez. Bistan da. Ezta ere, zureak jendartearen babes handia edo lausoago izateak (iritzi guztiak errespetagarriak badira ere).

Kritika eraikitzaileak ondo etorriak izan bitez, bai. Haatik, puntualizazio txiki batzuk planteatuko nituzke: batetik, kritika, beti beste norbaitek esan edo eraikitzen dionari egiten zaion ariketa da. Bestetik, kritikoa izan gaitezke abiapuntuan, prozesuan edota helmugan. Eta baita adostasunak gauzatu eta gerora ere. Baita norbera adostasun horiek eratzeko bere jokabidea leunduta.

 

«Kritikotasuna oso osasungarria da, bai. Eta herri honetan, pausu bat eman da sarri, jakinik bere baitan ehuneko ehunean bat ez datorren jende asko barnebildua egon denean ere»

 

Urte batzuk baditut jada, eta agian gure jardunean gaurko garaiko baliabide teknologikoek zenbateraino markatzen duten ez naiz hain kapaza barneratzeko. Ni neu, ikuspuntu kritikorik sakonenak beti norbera dabilen eremu horretako espazio kolektiboetan plazaratzeko kultura politikokoa naiz.

 

«Iritzia emateko eskubidea eskaintzen digutelako, bai, baina baita betekizunak edo erantzukizunak berenganatzeko beharra ere»

 

Kontzientea naiz, ordea, sare sozialek duten eragina eta zentralitateak, zeharo aztoratu dutela ulerkera hau. Eta horrekin bizitzen ikasi behar da. Gehiengoak egin eta desegiteko potentzialitate itzela dutelako. Dena den, bakoitzak duen bozgorailu, plataforma edo sare hedadura mailaren oihartzuna izateak, aspaldiko kontua da, ez da hain berria. Gehiago entzuten zaie batzuei, beste batzuei baino. Kitto.

Esperientziak erakutsi didana da norberak non jarri arreta, hor helarazten duzula zure ustez zerk duen garrantzia gehiengoak sortzeko. Jardun kolektiboetan buru-belarri aritua izan naiz, banaiz, eta espero dut horretan segitzea. Iritzi gogorrak eman ditut, eta jaso ditut. Eta ikasgai modura barneratu dut ideiak eta posizioak batzeko prestutasuna duenari, balio nagusia eman behar zaiola. Beti. Ekinbidea hobetzeko ekarpena egiten dionari, nahiz eta zure lanaren aurka egin. Dagokion markoan planteatzen dionari. Ondoren, kafe bat eskatzen dizunari, patxada eta soseguz iritzia trukatzeko.

 

«Ez-adostasunak badituen ere, “hurrengoan ere deitu” esaten dizunari. Gure arteko zaintzari arreta jartzen dionari. Gainezka zaudenean “nola lagun dezaket?” planteatzen dizunari. “Kontatu nirekin” konfiantzaz diotsunari»

 

Nola eraiki gehiengoak?

Argazkia. Oskar Matxin. FOKU

 

Giltzak

Larunbatean, adibidez, holako jende askorekin elkar topo egiteko aukera izan nuen. Urriaren 28an Guggenheim Urdaibai STOP-ean ziurrenik ere. Azaroaren 4an, Bilbon … bizitzaren parte delako.

Izan ere, gehiengo soziala ez da gauza abstraktu bat. Gu geu elkartu, adostu, ahaldundu, eta determinazioz eta arduraz garatzen dugun ekinbide komunitario ahalik eta demokratikoena da. Eta botere hori sortzeko gaitasuna zaindu, elikatu eta indartzeko bidea malkartsua bezain ederra da.

Bertan elkar ikusiko dugu hurrengoko erronkan ere.