SINADURAK

Urko Aierbe

Euskal Herrian Euskarazeko kidea

Nafarroako aldaketa euskarara iristeko unea

2022-12-26

2015eko Foru Hauteskundeen aldaketa instituzionala eragin zuen mugimendu sozio-politiko heterogeneoak osagai askotarikoak izan zituen. Hauteskundeen aurreko hilabeteetan ustelkeriaren aurkako oihuek, murrizketen aurkakoek, aldarrikapen feministek zein memorialistek, besteak beste, kaleak hartu eta Erregimen deitutako horren espresio instituzionala eraisteko arietean kristalizatu ziren.


Argazkia. Union Tuterako jokalariak. FOKU

 

Egun jarraitzen duen Erregimena desegiteko prozesu gorabeheratsuaren lehenengo urratsa izan zen. Bada, ariete horren osagai garrantzitsua euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aldeko aldarrikapenak izan ziren. Iraunkorrak ziren euskararen aurkako erasoak, eta hiru hamarkada bete behar zituen zonifikazioaren aurkako eta ofizialtasunaren aldeko borrokak mobilizazio garrantzitsuak ezagutu zituen, Gobernua aldatu beharraren olatua hauspotuz.

Bultzada herrikoi horri esker UPNren gobernua erori zen, nafarren gehiengoaren eta euskaltzaleen ilusioak eta esperantzak piztuz. Etorri ziren lehenengo Geroa Bairen eta ondoren PSNren lehendakariak. Modu ezberdinetara EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak babestutako gobernuak. Ukatzerik ez dago azken urte hauek aldaketa sakon eta esanguratsuen urteak izan direla. Hamarkadetan Nafarroa ustez atzerakoi eta ez-euskalduna denaren irudia nagusitzeko, Gobernutik zein beste botere guneetatik ahaleginak eta bi egin eta gero, azken zortzi urteak baliagarriak izan dira bestelako Nafarroa bat ez soilik existitu baizik eta nagusia hori dela ikusgarri egiteko. Nafarroa aurrerakoia, bestelako politiken aldekoa, eskubideak onartzearen aldekoa, baita euskararen aldekoa ere hein handi batean. Hori adierazten duten gero eta gertakari gehiago ditugu azken urteetan, herrialde osoan: Errigorak-Agerraldiak lortu duten errotzea, D ereduaren aldeko borrokak hainbat herritan, Union Tutera futbol talde euskaltzalea sortu izana, gazte-talde euskaldun eta euskaltzaleak sortu izana hainbat herritan edo urrian Hordago! ekimenak Tuteran zonifikazioaren aurka deitutako manifestazio jendetsua. Nafarroan ur sakonak mugitzen ari dira eta euskararen aldeko norabidean.

 

«Gehiengo sozialak eraikitzeko euskararen aldeko jarduera osagai garrantzitsua dela ere konturatu behar dugu; ezin bestela azaldu Lizarra edo Tafallako alkatetzak lortu izana.»

 

Auzia da batzuetan guk geuk ez dugula sinisten aurreratutakoa zenbaterainokoa izan den. Oraindik ere, ofizialtasunaren eztabaida publikoan azaldu edo bere aldeko politikagintza egiteko unean, ezker-independentismoak zalantzati eta noraino sakatu ziurgabetasunez azaltzen jarraitzen du. Euskararen aldeko aldarrikapena egiteak sektore sozial aurrerakoi batzuk guregana hurbiltzea zailtzen duenaren ustea barneratuta dugu oraindik. Hori da Erregimenak lortu duen garaipen handienetakoa, gure burmuinetan beldur hori sendo txertatu izana, uste ustela izanda ere. Konplexuak eta beldurrak uxatzeko garaia dugu.

Izan ere, bi legegintzaldiotan aldaketak eremu askotan ezagutu ditugun arren, euskalduntzean aldaketa gutxi eta lotsatiak besterik ez ditugu ezagutu. Hobekuntzak egon dira, noski, zaila ere ez zen. Baina euskaraz bizi nahi dugunok ezinbestekoa dugun aldaketa estrategikoa oraindik ere egiteko dago: herrialde osoan euskara ofiziala izendatzea. Ezker-independentismoak ezinbesteko erantzukizuna du ofizialtasunaren aldeko borrokari hauspo berria eman eta behingoz onartua izan dadin, eztabaida eta akordio politikoen erdigunean kokatzeko. Baita jada eskuratuak dituen instituzioetatik euskalduntzearen aldeko hizkuntza-politika ausartagoak egiteko ere. Auzi horretan ere eskubideez ari baikara. Baina horrekin batera, gehiengo sozialak eraikitzeko euskararen aldeko jarduera osagai garrantzitsua dela ere konturatu behar dugu; ezin bestela azaldu Lizarra edo Tafallako alkatetzak lortu izana, ez bada euskalduntzeak bertan lortutako aurrerapenari esker (beste faktorerekin batera). Gure aurkariek hori oso ongi dakite.