SINADURAK

Markel Brouard Maiz

Familia medikua

Merkatu libreak gaixotutako Osakidetza

2024-03-13

Azken urteotan, bereziki pandemiaren ostean, Osakidetzak aurretik zuen errekonozimendua lausotuz joan da; azken inkesten arabera, gehiengoak ez dio gainditzeko notarik onartzen. Hori izan da herritarrek adierazi dutena, baina badira urteak hainbat esparrutatik salaketak mahai gainean daudela.


Argazkia. Unsplash / Hush Naidoo Jade Photography


Bada, 2017an, Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak salatu zuen Lehen Arretaren egoera jasangaitza zela, eta aldaketarako proposamen zehatzak egin zituen. 2017an Medicus Mundik eta OPIK ikerketa taldeak ‘Osasunerako Eskubidearen aurkako mehatxuak Euskadin’ ikerketa plazaratu zuten. 2018an ESK sindikatuak salaketa jarri zuen EPEa irregularra izan zitekeelako, gerora konfirmatu zen moduan. Hiru adibide zehatz krisia ez dela berria ikusarazteko, ez baita izan pandemiaren ondorioa.

Atzera begiratu beharko genuke: 1978an, Alma Atan (Sobietar Batasuna) mundu osoko osasun ministroak elkartu ziren Lehen Mailako Osasun Arretaren Nazioarteko Konferentzian. Adierazpen hartan, premiaz munduko pertsona guztien osasuna babesteko eta sustatzeko neurriak hartu behar direla adostu zuten, eremu politikotik zein ekonomikotik, osasungintzaren alorretik aparte, horiek direlako gaixotzeko arrazoi nagusienak. 

1980an Britainia Handian argitaratutako ‘Black txostena’ delakoan, aurreko baieztapenari ebidentzia egonkorra eskaini zitzaion: klase altuenarekin alderatuz, klase baxuenaren heriotza tasa gordina bikoitza zela frogatu zuen, eta arrazoi nagusia ekonomikoa zela. Orduan hasi zen Tatcherren mandatua, eta txostenaren gomendioei entzungor egiteaz gain, National Health Service-an merkatu librearen logika txertatu zuen.

 

«Desinbertsioak eta pribatizazioek ondorio zuzenak izan zituzten: itxaron zerrendak luzatzea, ospitaleratze oheen edota minbiziaren arreta murriztea.»

 

Sistema publikoaren dekadentzia etengabea izan da, eta hala erakusten du 2022an argitaratutako ikerketak: herritarren hilkortasun tasa handiagoa zen Ingalaterrako osasun zerbitzuak irabazi asmoko enpresek eskainitako zonaldeetan.

Hori izan da joera gurean ere; Iñaki Azkuna Osasun sailburu eta Rafael Bengoa osasun planifikaziorako zuzendari zirelarik, Osasuna Zainduz programa onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, gerora, 15/97 legearen aitzindari moduan ulertuko zena. Lege horren arabera, osasun zerbitzuen hornikuntza enpresa pribatuek ere ematea ahalbidetu zuen, publiko eta pribatuaren arteko “elkarlanaren” oinarria.

2024an bizi dugun Osakidetzaren gainbehera eta krisia ez da soilik azken sailburuek edo pandemiak eragindakoa izan. Urteetan, merkatu librearen militanteek garatu duten estrategia baten ondorio zuzena izan da. Osasuna eskubide gisa ulertu beharrean, saleros daitekeen merkantzia gisa ulertzen dutenena, negozio ezin errentagarriagoa.

 

«Bizitzan geroz eta eremu gehiago “patologizatzen” ari gara, normala izan daitekeena gaixotasun bihurtuz, eta ondorioz, eros daitekeen zerbait bilakatuz.»

 

Azken finean, kapitala erdigunean jarriz. Hor dago benetako gatazka: kapitala ala bizitza.

Euskal Herri libre eta sozialista bat eraikiz, herritarron bizi baldintzak hobetuz, gaixotzen gaituzten osasun determinatzaileek duten inpaktua txikitzea eta osasuntsu bizitzea lortuko dugu. Bide horretan gakoa izango da ekitatez artatuko gaituen osasun sistema publiko eta unibertsala, lehen arretan oinarritua. Eta norabide horretan, eremu guztietatik eragin beharko dugu: kaleetatik, lanpostuetatik zein hezkuntzatik.

Inoiz Alma Atan definitutako “erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera (...)” lortu nahi badugu, borrokatzea besterik ez dugu.