SINADURAK

Xabi Iraola

Sortuko Gipuzkoako herrigintza arduraduna

Libertad ez da askatasuna

2020-11-04

“Libertad” oihuen artean joan ziren protesten ostean zalaparta sortu da ezkerreko euskal herritarren artean. Tira, sare sozial konkretu bateko ezkerreko euskal herritar konkretu batzuen artean: “Ezkerrak egiten ez badu, eskuin muturrak kanalizatuko du jendearen ezinegona”. “Otzan gaude elite ekonomiko eta politikoen neurri murriztaileen aurrean”. Bi hauek asteburu honetan sare sozialetan (beste batean hitz egingo dugu sare sozialen inguruan) ezkerrekoak diren hainbat kidek idatzitako dozenaka txioen artean bi adibide baino ez dira.


Argazkia. Unsplash / Adam Nieścioruk

 

Ez dut ukatuko aipaturiko bi arazo horiek (ezinegona eskuin muturrak kanalizatzea eta otzantasuna) aurrez aurre ditugun arriskuen artean bi ez direnik. Ez da nire asmoa Bilbon, Arrasaten edota Gasteizen neurri murriztaileen aurka izandako protestei garrantzia kendu edo horiek gutxiestea.

Beste zerbaitek kezkatzen nau, ordea: arreta leherketa txiki horietan jartzen dutela batzuk, zuzenean edo zeharka beste hainbat protesta ikusezin bilakatu edo existituko ez balira lez jokatzen duten bitartean. Badira ezkertiarrak ezkerraren hutsuneak behin eta berriz azpimarratzeko joera ia kronikoa (hartu) dutenak. Han-hemenka martxan dauden borrokak aitortu eta balioan jarri beharrean.

 

«Sare sozial konkretu bateko ezkerreko euskal herritar konkretu batzuen artean: “Ezkerrak egiten ez badu, eskuin muturrak kanalizatuko du jendearen ezinegona”. “Otzan gaude elite ekonomiko eta politikoen neurri murriztaileen aurrean”.»

 

Ez dakit, akaso, beste Euskal Herria batean bizi naiz. ni. Baina, ni bizi naizen Euskal Herrian pandemia gure lur eta gorputzetan dagoenetik hamarnaka ekimen piztu dira. Begirada azken 7 hilabete hauetara luzatuz gero herritarren behar material eta emozionalak asetzeko hamarnaka zaintza sare, hezkuntza eta osasungintzako greba eta mobilizazioak, kultura segurua dela aldarrikatuz protestak, kultura segurua dela erakutsiz ehunaka kultur ekimen, telematikoki ikasi ahal izateko bitarteko digital eskaini dituen udaletxea, hainbat lantegitan borrokaldiak, euskarak jasan duen gutxiespenaren aurrean haserrea, presoak jasaten ari diren isolamendu bikoitzaren salaketa, ostalariek deitutako mobilizazioak... eta beste hainbat ekimen ikusi ahal izan ditugu.

“Ezkerrak egiten ez badu” esaldia irakurtzen dudan aldiro, zera pentsatzen dut: “ez al da ari ba?” Ezkerra pandemiaren lehen egunetik ari da krisi egoera honen ondorio anitzei erantzun nahian. Egoera konplexuek erantzun konplexuak eskatzen dituzte, ordea. Ezkerrak ezin du eskuin muturrak egin dezakeen bezala -eta egiten ari den bezala- erantzun sinpleen bidez egon badagoen frustrazioa eta ezinegona kanalizatu. Ardura ez da otzantasunarekin parekagarria. Aukera adina arrisku dituzten garaiak dira hauek eta ezkerrari inoiz baino gehiago arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokio aukerak baliatuko baditu.

 

«“Ezkerrak egiten ez badu” esaldia irakurtzen dudan aldiro, zera pentsatzen dut: “ez al da ari ba?” Ezkerra pandemiaren lehen egunetik ari da krisi egoera honen ondorio anitzei erantzun nahian. »

 

Egoeraren konplexutasunaz jakitun izan eta egoera ertz guztiak aintzat hartuz aztertzea da lehen egitekoa. Egoerak eskatzen dituen diskurtso eta protesta moduekin ongi asmatzeko. Inbertsio publiko gehiagoren aldeko aldarrikapena erdigunean jarriz eta indar komunitario guztiak aktibatuz. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talka inoiz baino gordinagoa den honetan, bizitzen aldeko trintxera egunez egun eraikiz. Urrutira joan gabe pasa den astean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan zahar etxeetako egoera salatu eta zaintza publiko eta duinaren aldeko mobilizazioetan edota osasungintzako langileen greba eta mobilizazioetan egin zen bezala.

Askatasuna aldarrikatu izan dugu beti. Hori bera aldarrikatzen dute orain beste batzuek: “libertad”. Hori bera bai, baina ez askatasun hori bera. Ez baita berdina askatasun liberala eta askatasun kolektiboa. Joseba Sarrionandiari Cornelius Castoriadis filosofoaren esaldi euskaratu hau irakurri ahal izan diogu: “Nire askatasuna bestearen askatasuna hasten den puntuan hasten da”. Besteen zapalkuntzan oinarritzen den gutxi batzuen askatasuna ezkerreko proiektuaren justu kontrakoa da. Guk defendatzen duguna guztion bizitza duinak egikaritzen dituen askatasuna da.