SINADURAK

Egoitz Urrutikoetxea

Iratzar Fundazioko kidea

Lehenik alderdia eta gero...

2020-05-20

Politikan egiten denak baino saltzen den irudiak omen du garrantzia. Eta egiari zor, herritar askoren begietara EAJk egonkortasuna eta eraginkortasuna bermatzen dueneko ustea da nagusi. Bada EAJren nagusitasuna azaltzen duen bigarren arrazoibide bat. Pertsonak orobat kontserbadoreak gara.


 

Argazkia: Maite Elorza / ESTEKA

Apirilaren 5ean behar zuten Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeek, Urkullu lehendakariak rriaren 25ean bukatzekoa zen legealdiak gehiago luzatzerik ez zuela deliberatu ondoan. EAJ alderdiaren kalkulu politikoen araberako hautua izan zen Urkullurena.

Politikan egiten denak baino saltzen den irudiak omen du garrantzia. Eta egiari zor, herritar askoren begietara EAJk egonkortasuna eta eraginkortasuna bermatzen dueneko ustea da nagusi. Bada EAJren nagusitasuna azaltzen duen bigarren arrazoibide bat. Pertsonak orobat kontserbadoreak gara. Badakigu zer dugun, eta nahiz eta jakin ez dela eskeintzarik hoberena, ezezagun zaigun horri baino egonkortasuna bermatzen duen horri lotzen gatzaizkio. 

Badira lau hamarkada EAJ Euskal erkide autonomoko errealitate sozial, ekonomiko eta instituzionala bere gisara antolatu eta moldatzeko eginahaletan ari dela. Urrun gelditu da 36ko lubakietan EAJko gudarien «lehenik aberria eta gero alderdia» aldarria. Aitzitik, Erkidegoa alderdiaren zerbitzuko eraiki dute. Alderdia instituzioetan edo insituzioak alderdian urtzeraino. Laurogei hamarkadan krisia ekonomikoak bazterrak astintzen zituen hartan, gauza jakina zen Diputazioan edo administrazioaren zerbitzuetan lanpostu eskaintzetan aukera sendoak izateko lehenik herrietako Batzokietatik iragan behar zela alderdiko kide egiteko. Herritarren interesak alderdiarenak eta alderdiarenak herritarrena bihurtzeraino. Horra EAJren eraginkortasunaren mitoaren orubea. Herritaren eroskeria eta klientelismoa.

 

«Bada EAJren nagusitasuna azaltzen duen bigarren arrazoibide bat. Pertsonak orobat kontserbadoreak gara»

 

Errealitatea, abagune historikoa eta herrialde bakoitzaren bilakaera ezberdinak izanagatik, interesgarria da oso Italiako Kristau-Demokraten ibilbidea eta EAJrena erkatzea. Biek edan baitute iturburu ideologiko beretik, eta biak baitira bilakatu euren herrialdeetan sistema edo Estatu alderdiak. Lehenak, bigarren mundu gerratearen biharamunean Italian nagusi zen egoera ezegonkorrean ezker eraldatzailea boteretik urruntzeko helburuarekin harresi funtzioa bete zuen. Lau hamarkada luze iraun zituen bere eredu eta agintaldiak, 1994an ustelkeria kasu ezberdinek alderdiaren gainbehera eta desagertzea eragin zuten arte. EAJk antzeko funtzioa bete du Euskal Autonomia Erkidegoan, ezker abertzale eraldatzailea instituzioetatik zokoratzeko eta sistemaren egonkortasuna bermatzeko tenorean.

 

«Horra EAJren eraginkortasunaren mitoaren orubea. Herritaren eroskeria eta klientelismoa»

 

Bestelako garaiak dira bizi ditugunak. Otsailean Zaldibarko zikindegian lur litatzea eragin zuen ezegonkortasunetik asko du koronabirusaren pandemiaren egiturazko eraginak. Haatik, EAJk ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen du. Nola ulertu bestela koronabirusak bazterrak inarrosten zituen eta osasun zerbitzuak gainezka zeuden une berean abiadura handiko trenaren lanekin jarraitzeko tema. Azken hamarkadan, EAEko sistema alderdiak bere interesak zerbitzu publikoen eta bizitzaren pribatizazioarekin gizendu ditu. Eta ez dute beste zerumuga posiblerik aitzinikusten. Alderdiaren interesak kapitalaren interesekin nahasteraino. 

Urkulluk uztailaren 12ra aitzinatu ditu hauteskundeak, EAJren irudi ona sobera lausotu aurretik gehiengo osoa eskuratuko dutelakoan. Ikusteke dago, pandemiaren gurpilzorotik atera gabe gauden honetan, sistema-alderdia ala herria, nor den garaile aterako.