SINADURAK

Oier Arostegi Gorostiaga

Kaskagorri konpartsako kidea

Jaiak, borroka eta kontraesanak

2021-10-20

Jaiak herritik eta herriarentzat askotan irakurri, entzun eta oihukatu izan dugu, baina benetan dira horrela? Zerk egiten ditu jai batzuk herriarenak? Horrelako galderak izan ziren eta seguru aski dira konpartsa eta herri/auzo baten lehenengo jaiak antolatzean sortzen diren galdera ohikoenak baina aldi berean zailenak.


Argazkia. Unsplash / Axville

 

Kasu honetan herritik eta herriarentzat diren jaiak herrian pentsatu, eraiki, gozatu eta bere espazio propio bihurtu behar ditu herriak berak, inor albo batera utzi gabe edo, hobe esanda, herritarra sentitzen den oro barnebilduko duen jai espazio bat.

Horiek dira herritik eta herriarentzat diren jaiak. Gauza da kontu banaketa argi bat gertatzen dela, eraikitze eta pentsatze prozesuan parte hartzen duten herritarrak eta aisialdi eta kontsumoan soilik parte hartzen dutenak. Fenomeno hori aztertzen hasten bagara, nire kasuan, Kaskagorri da jai herrikoien eredu argi bat. Bilboko gazte konpartsa, urteetan zehar Bilboko auzo ezberdinetako gazte gorri eta errebeldeon konpartsa izan dena. Hiriko gazteontzako espazio bat, gure jardun sozial-politikoa aurrera eramateko leku bat.

 

«Zerk egiten ditu jai batzuk herriarenak?»

 

Honekin aipatu beharra dago, jaiak ez direla soilik ondo pasatzeko, ligatzeko eta jendea ezagutzeko erreminta bat, orain sakonduko dugu gehiago, baina aipatu behar da jardun politikoan paper garrantzitsua jokatzen dutela jaiek, jai eremuek eta gazte konpartsek. Zuek ondo kokatzeko, duela 32/33 urte, Bilboko gazte mugimendu ezberdinen arteko komunikazio eta ezagutza eza zela-eta, topagune bat sortzeko beharra ikusi zuten, eta bide honetan jarraitzen dugu euskara eta euskal kultura sustatuz eta Bilbo altenatibo bat aste nagusiro eraikiz.

Lehengo gaiari helduz, jai hitza entzuten dugunean ondo pasatzeko espazioa, ligatzeko, lagunekin egoteko eta jende berria ezagutzeko espazioak datozkigu gogora, baina esan behar da urteetan zehazten joan behar izan den termino bat dela eta oraindik gauzak dituela hobetzeko. Esaterako, jai herritarren inguruan hitz egiten dugunean, teorian jai inklusiboez ari gara hizketan. Euskal Herriko jaietan, ordea, euskarak bizi duen egoeragatik, inklusibotasuna zalantzan dago, hau da, herritarren erdiek, gutxienez, ez dakite euskaraz eta ez dute bere sentitzen. Euskara da gure hizkuntza, berarekin bizi gara, berarekin sentitzen dugu, baina mundu guztia gu bezala bizi ote da? Guk bezala sentitzen al dute? Egoera honek hizkuntza globalizatu eta inposatzaile bat erdigunean jartzera eraman beharko gintuzke? Euskarari uko egin beharko genioke?

Galdera hauei abesti honek argi erantzuten die: 

 

Zer Euskal Herri litzake bere
Hizkuntza ere galtzen duena.
Ez al dakizu euskara dela
Euskaldun egiten gaituena?”

 

Argazkia. Unsplash / Vishnu R Nair

 

Egia da Euskara ez dela herritar guztien hizkuntza, baina honek erakusten digu hizkuntzaren aldeko bidea.  Herriari euskara ikasten lagundu behar diogu, eta herria konbentzitu behar dugu euskara dela Euskal Herrian bizitzeko behar den hizkuntza.

Jai ereduaren eta jai herrikoien barnean badaude beste 2 fenomeno: aisialdiarena eta espazioarena berarena. Batetik, aisialdiari buruz ari garenean, oso argia da daukagun jai eredua. Edozein gazteri esaten diozunean Bilboko Jaiak datozela seguru aski datorkion irudia hauxe da: txosnak eta jendea alkohola kontsumitzen, eta gai honek gorakada izan du gainera pandemiaren amaiera honetan botelloia dela-eta. Gure gizarteari begiratu behar diogu; alkoholizatua dagoen gizarte batean bizi gara.

Esaterako, pandemiaren deseskaladan (2020ko maiatza erdialdean) ordutegi batzuk genituen kalera ateratzeko eta kirola egiteko, baina momentu batean, ordutegiak albo batera utzita tabernetan egon ahal ginen, kalean ez, baina tabernetan bai. Gure gaztetako aisialdia oso mugatua da: parke edo plaza batean egotetik 15/16 urterekin botiloia egitera edo tabernetan kontsumitzera egiten dugu salto, beste aukerarik ez balego bezala. Eta aisialdi eredu hori onartu eta erabili egiten dugu (urtero txosnak jarrita) gure jardun politikoa aurrera eramateko. Beraz, egia da alkoholaren kontsumoak gure jardun politikoa baldintzatzen duela, eta esan beharra dago, zoritxarrez, alkoholaren kontsumoa eta salmenta jai ereduan txertatuta dagoela, nahiz eta beharbada idilikoena ez izan.

 

«Zoritxarrez, alkoholaren kontsumoa eta salmenta jai ereduan txertatuta dagoela, nahiz eta beharbada idilikoena ez izan»

 

Bestalde, musikaren kontsumoa beste arazo handi bat izaten da. Gaur egun, milaka musika estilo existitzen dira, eta hasieran esan bezala,  jai herrikoietan denontzako musika egon behar da, hau da, denetarik egon behar da beti ere muga batzuekin. Adibidez, azken aldi honetan zenbait musika joeratan ematen diren gehiegikeriak ezin dira onartu (adibidez, letra matxistak, homofoboak…). Orduan musika filtro bat edo behintzat gustura egoteko anbientea sortuko duen musika jartzea da logikoena, denetariko musika estiloetara hurbilduz, noski.  Gure kasuan, “emakumeak oholtzara” dinamika jarri genuen martxan jaietan, konpartsan joko zuten musika taldeak mistoak edo denak neskez osatuak izan zitezen eta, bestalde, txosnagunean inor gutxietsiko ez duen musika jartzen saiatzen gara. Ezin dugu ahaztu, guretzako jai eremua, segurua izan behar dela guztiontzat, beraz, Kaskagorriren zein jai askoren espazioetan ez da inolako erasorik onartzen.

Azkenik, jai eremua bera oso estrategikoa dela esan dezakegu, hau da, jai-espazioa gure helburu politikoak sozializatzeko eskenatokia bihurtu dezakegu, beraz, espazioaren erabilpen politikoa ondo zaindu beharko genuke.

 

«Jai-espazioa gure helburu politikoak sozializatzeko eskenatokia bihurtu dezakegu»

 

Honengatik guztiagatik, Kaskagorrik gazteontzat aisialdi alternatiboa eta espazio segurua eskaintzen duen konpartsa izan nahi du, herritarren aurrean zilegia eta onartua dena, eta udaletxearen aisialdi ereduaren aurrean benetako alternatiba eskainiko duena. Eta Kaskagorri eredu izan daiteke Euskal Herriko jai herrikoiek espazio estrategikoak bereganatu eta aldarrikapenak bideratzeko.

Jai eredu perfektua ez da existitzen, baina jaien inguruan dauden gako zein borroka batzuk azaleratzea izan da asmoa. “jaiak bai, baina borroka ere bai” leloari jarraituz, jaien esparruan ere borrokatzea tokatzen zaigu. Orduan, jai eredu onena helburu politikoak sozializatu eta helburu horiek herritarrekin aurrera eramatean datza, beti ere alderdi ludikoarekin uztartuta.

 

Eta esaldi honekin bukatu nahi nuen,

 

“Dantzatzen duen herria, ez da inoiz hilko, eta borrokatzen duena ere ez”.