SINADURAK

Andoni Olariaga Azkarate

Filosofoa

Inozentzia kenduko dizuet

2022-05-22

Bolo-bolo dabil azken aldian sareetan Jose Antonio Zorrilla espainiar kontsul eta diplomatiko ohiak Ukrainako gerraren inguruan emandako hitzaldi bat (San Telmo museoan, Donostiako Giza eskubideen XXV Ikastaro zikloaren barruan emandako hitzaldian). Zera esatera dator, gutxi gorabehera: giza eskubideak eta nazioarteko harremanak ez doaz bide beretik, alegia, azken horietan ez dago etikarako lekurik.


Argazkia. Unsplash / Hasan Almasi

 

Edo bestela esanda, estatu guztiek interes geoestrategiko, ekonomiko, nazional eta, oro har, krematistikoen arabera jokatzen dute nazioarteko politikan, gerrak egin eta desegin, harreman ekonomiko eta politikoak egin eta desegiterako orduan. “Inozentzia kenduko dizuet”, zioen Diario 16 egunkariko titularrakSareek eztanda egin dute eta egiari zor, ez dakit zergatik harritzen naizen. Baina aitortu behar dut, oraindik sorpresaz harrapatzen naute ezkerreko sektore batzuetan halakoek duten oihartzuna. Eta oihartzun hori ez da, noski, kasualitatea izaten, oso sintomatikoa baizik. Mezua partekatzen dutenek, funtsean, mezu bat helarazi nahi baitiote, ziur aski, epeltzat jotzen duten ezkerreko beste hainbat sektoreri: “mesedez, bakezale eta negoziatzaile-zale oro, ulertu ezazue behingoz, mundua gerra bidez antolatu, desegin eta berrantolatzen da”. Hara. Milesker beloa kentzeagatik, bihotzez.

Izan ere, ez genekien, Zorrilla bezalako kontsul ohiek, gora edo nazioartera begira, eta batik bat subjektuak estatuak direnean, gerra kodea aitortzen dietela nazioarteko auziei (hitzaldian dioen bezala, “gerrak justifikatu gabe, eh”,– gerrak egitearekin, nahikoa). Ostera, behera eta barrura begiratzen dutenean, estatu barneko gatazka nazional eta sozialetara, espainiar estatuko apezpiku frankistak baino katolizismo manikeoago eta giza eskubideen kode estriktoagoa erabiltzen dute. Laburtuz eta sinple esateko: espainiar estatuarentzako, historiaren subjektu eta eroale, gerra kodea; guretzako, estatuen eta botere handien objektu diren herri, herritar edo mugimendu sozial orori, giza eskubideen aplikazio zorrotza eta biolentziaren errefusa. Baina txalotu egiten dugu Zorrillaren “errealismoa”, ustez gure inozentzia estalgabetzeagatik. Tout va bien

 

«Espainiar estatuarentzako, historiaren subjektu eta eroale, gerra kodea; guretzako, estatuen eta botere handien objektu diren herri, herritar edo mugimendu sozial orori, giza eskubideen aplikazio zorrotza eta biolentziaren errefusa»

 

Zergatik ditugu gustuko halako mezuak? Gerra batzuetarako printzipio politikoak jartzen ditugu aurretik (eta errealismo politikoa azalpenerako soilik erabili); beste batzuetarako, errealismo politikoa lehenik (eta printzipio politikoak albo batera utzi). Interesatzen zaigunerako, bata zein bestea. Eta markoa geoestrategikoa bada, ezkerretik irentsi egiten da, berdin NATOren edo Errusiaren alde jartzeko: “Errusiaren inbasioa defentsiboa da, NATOk mugak bere lurraldera eraman dituelako, bere lurralde integritate arriskuan ikusi duelako”. Halakoak asko entzun ditut lagunekin solasean. Gurera ekarrita, gordin: zergatik ekarri dizkio Espainiar estatuak hainbat gerra, tortura, GAL eta hainbat zapalkuntza mota  herri honi? Aurrekoaren arrazoi berberagatik: bere burua defendatzeko, bere lurralde integritatea arriskuan ikusten duelako gure herriaren biziraupenarekin. Zergatik jartzen dizkiote eta jarriko dizkiote espainiar zein frantziar estatuek euskararen garapenari trabak beti? Euskararen zabalpen handiagoa, berdin euskal naziotasun zabalpen handiagoa, berdin Euskal Herri indartsuagoa, berdin bi estatuaren lurralde integritatea arriskuan. Errealismo politikoa da, tentela! Maquiaveloren zita bat ere sartu nezakeen slogan horren jarraian, borobiltzeko.

 

Argazkia. Unsplash / Artur Shamsutdinov

 

Noski! Politikan, berdin nazioartean edo estatu barneko gatazketan, giza eskubideak behekoentzako zarraila dira, goikoen komunikabide eta estatu aparailuek ondo babestu eta goraipatuak, statu quoa aldatzeko saiakera oro arin desegin dadin, nola eta legez eta giza eskubideei segika. Baina de facto, egon, beti daude dialektikan errealismo politikoa eta printzipio politikoak. Irizpide bakarra lehena bada, basakeria ankerrena justifikatu daiteke, edo lotsa handiena egin ere. Gaur Guaidó da Venezuelako presidente, bihar Maduro, petroleo gabezia dago eta. Baina irizpide bakarra bigarrena bada, ezin da politika egin, meza santua baizik. Auzia sinplea da: dialektika horretan, stablishment-ak manikeismora joka dezake eta jotzen du (lehenera jokatuz eta bigarrena zarraila gisa ezarriz -la violencia venga de donde venga...); ezkerrak ez, ordea. Ezkerraren "tragedia" da hori.

Errealismo politikoaren apelazio hutsa (Zorrillaren hitzaldira bueltatuz), hortaz, hegemonikoa den bando baten jarrera zuritzeko marko politikoa bilakatzen da. Ez badator inongo ezkerreko irakurketa eraldatzaile batekin atzetik, fribolizaziorako osagai guztiak ditu berekin, errealismoak ezkerreko posizio oro irensteko arriskua. Civilization bideo-jokora jolasteko arriskua da, herriak eta herritarrak peoi hutsak bailiran. Galdera eta auzia, hortaz, bestelakoa da; ze irakurketa egin behar du ezker eraldatzaileak gerra interkapitalistez? Galdera horretatik tiraka pentsatu behar da erantzuna; kritikoki, ale guztiak mahai gainean jarriz, ñabardura guztiak azalduz, mass medien demonizazio ororen kontra, shock doktrina saiakera oro kritikatuz, eta gerraren historiaren konplexutasuna ezkutatu gabe, naif-ak izan gabe, baina bakearen potentzial politikoa mahai gainean jarrita. Izan ere, bakea eraikitzea gerra egitea baino zailagoa da, Kolonbiako presidente ohiak zioen bezala, aurreiritziak moldatzea exijitzen duelako.

 

«Errealismo politikoaren apelazio hutsa bando baten aldeko jarrera zuritzeko marko politikoa bilakatzen da. Ez badator inongo ezkerreko irakurketa eraldatzaile batekin atzetik, fribolizaziorako osagai guztiak ditu berekin»

 

Ukrainako gerrak, zoritxarrez, eztabaida publikoaren deusezpena, demonizazioa, bandoen deshumanizazioa eta fribolizazioa utzi digu ondare. Bakearen aldeko jarreraren gutxiespena, ezkerraren parte batek erabat eta osorik erosi duena, geopolitikaren izenean. Eta gerra honek gure balioen, sinesmenen eta sistema politikoaren gabeziak eta miseriak utzi dizkigu agerian, berriz ere. Baita gure sistema globalizatu eta ez-berdin honen injustizia eta prekarietate bortitza. 

Ñabardurak daude gerra guztietan eta erantzukizun partekatuak, noski, baina artikulu honen asmoa ez da horietan sakontzea. Ezkerretik eta burujabetzaren beharretik, mundu justuago baten bidean pentsatzea da ezkerrari dagokiona, inoiz baino zailagoa den gaur ero honetan, gerra hotzeko eskema sinplista eta zaharkituak zein fribolitateak alboratuz; geoestrategikoki zein nazio eskalan, giza eskubideak aldarrikatuz baina manikeismo edo zurikeria gabe, eta beti, uneoro, herritarrak eta herriak (kasu honetan, herri ukrainarra) erdigunean jarriz, inperio "joko" eta inperio asmo guztien kontra.

 

Garan argitaratua 2022-05-24

 

 

TWITTER