SINADURAK

Irati Majuelo Itoiz

Bertsolaria

Imajinatu

2022-12-20

Imajinatu. 11 urteko haur bat zara Iruñerrian, adibidez, Iturraman, adibidez, Uharten. Familia euskaldun batean jaio ala ez, euskara transmititzeko hautua egin dute zure gurasoek, eta beraz, D ereduko eskolara zoaz egunero. Horma horietatik kanpo, billabesako gidariak gazteleraz hitz egiten dizu, eta medikuak, eta okinak. Arratsaldetan, eskubaloia egiten duzu, eta musika.


Argazkiak. FOKU

 

Taldekide asko zure eskola berekoak izan arren, gazteleraz izaten da entrenamendua, gazteleraz entsaioa, euskarazko talde bakarrak ez duelako zure ordutegiekin bat egiten. Batzuetan, ondoko lagunari galdetu behar izaten dizkiozue hitz batzuk, eskolan ez baituzue esaten deberes, baizik eta etxeko-lanak, adibidez. Denbora-pasa, lagunekin youtubeko bideoak ikusten dituzu, eta zuen streamer gogokoenak dira El Rubius edo Twin Melody. Zuk ere badakizu, gaztetxoa izan arren, zaila dela eskolan ikasi edo etxean jaso duzun hizkuntza horri marko bat ezartzea, eremu horietatik haratago lurra jartzea, imajinatzea. Baina ez zara horregatik okerreko, bazterreko, exotiko sentitzen. Hori da zure errealitatea, eta zu moduko haur gehienena. Eta ziur aski oraindik ez dakizun arren, Iruñerritik kanpoko ume-gazte-heldu gehienena ere bai.

Garai horretan, zure lehengusuak bere musika-zerrenda gustokoena pasatzen dizu, eta deskubritzen dituzu euskaraz haserratzen, maitemintzen, goibeltzen diren musikariak. Eta astean
behin, gazte bat etortzen da ikasgelara bertsolaritza zer den erakustera, eta hasieran ez duzu atsegin, baina gero ohartzen zara uste baino gauza gehio esan ditzakezula, eta klasekideekin tontakeriak kantatu. Eta aurrerago, lagunak han elkartzen direla eta, hasten zara auzoko dantza-taldera joaten, eta hala ezagutzen dituzue zuen hiritik haragoko lurrak, koloreak, doinuak, hitzak, errealitateak. Horiek nahasten joaten dira beste bizipen sozial, politiko eta zirkunstantzialekin, eta hasieran irla-bakarti zen euskararen eremu horrek artxipielago forma hartzen du gutxinaka.

 

«Beraz, herri bat ingeratzeko, zirriborratzeko, haragitzeko balio dizu zuri, besteak beste, kulturak»

 

Eta heldutzen zoazte, eta zure inguruko zenbaitentzat euskalduntasuna kultura politikora lotzen den zerbait da, eta beste zenbaitentzat eskolako oroitzapen hutsa. Zuretzat, ez dakizu ongi azaltzen. Baina urtero joaten zara dantza-taldetik antolatu duten Iruinkokora, eta bi urtetik behin iristen da Korrika, eta lau urtetik behin gertatzen da Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia, eta nabaritzen duzu barnean pizten zaizun motorra, marrazten dizuten mapa emozionala, txikitako bizipenak ezezagun pila baten esperientziekin konektatzen dituena. Zinez, maiz pentsatzen duzu horiek direla Euskal Herria sentitzeko, irudikatzeko, gorpuzteko dituzun une bakarrenetakoak. Artxipielagoan, uharteen arteko lotura-marrak ezartzeko aukerak.

Zer dute amankomunean, bada, zugan zerbait aktibatzeko? Komunitatea, ilusioa, mugimendua, aldarrikapena, edertasuna. Biltzen zailak diren ezaugarriak, jende askok proiektu txiki askotan lan egitearen ondorioz lortzen direnak. Zer da ekimen horietan Euskal Herria irudikarazten dizuna: euskara, lurraldetasuna, kolektibotasuna. Eta jendea lanean, lanean, lanean. Beraz, herri bat ingeratzeko, zirriborratzeko, haragitzeko balio dizu zuri, besteak beste, kulturak. Baina horrek pentsarazten dizu: behin imajinatu zen Euskal Herria gaur ez bada, zer. Balio dit folklore bat mantentzeko? Kabitzen ez naizen eredu bati eusteko? Edo kultura balia dezaket irudikatzeko zer den Euskal Herria gaur, nolakoa izatea nahiko genukeen bihar?

 

«Agian, azpimarratu nahiko zenidake, kulturak potentzial eraldatzailea ba ote duen eztabaidatu ordez, mahai gainean jarri beharko nukeela ea gu geu potentzia hori ote garen»

 

Zeren baikorra izan zaitezke baina inozoa ez, eta badakizu askotan jo zaituztela euskaldun okerreko, bazterreko, exotikotzat, nahiz eta zuk zure burua hor kokatu ez. Irudimena norabide askotan mugitzen baita, eta ez da txikia gure buruen kontra harriak botatzeko gaitasuna. Gogoratzen dituzu, adibidez, zure herrikideen euskara-maila gutxiesteko joerak edota Nafarrora euskara salbatzera datozen ilustreak. Baina aizu, ez gizajo, ez exotiko, ez biktima, ez buruarin. Zuk zure inguruan ikusten duzu jende langilea, kultura lanabes darabilena egunerokoan non dagoen eta zertan ari den lantzeko, gizartea eraldatzeko, kolektiboa saretzeko, dibertitzeko, aspertzeko, finean, bizitzeko. Eta hala, argi ikusten duzu: kulturari zein herriari ezin zaio agindu. Kanta ezazu hau, hedatu mezu hori, konbentzi zaitez hartaz. Panfletoek gutxitan funtzionatu ohi dute bilera-mahaitik kanpo. Behar dena da egitura material-sinbolikoak eraiki, sortzen dugun kulturak gure unibertsoa harrapa dezan, galdekatu, mimatu, zartatu dezan.

Eta azkenerako, ez dakizu nola baina hemen zaude, zutabe hau irakurri ahala pentsatzen ez dudala ezer berririk esan. Akaso, aipatu nahiko zenidake, kulturaren transmisio gaitasunaz, naziogintzarako tresna baliagarria izateaz milagarren aldiz hitz egitea baino, hobe nukeela zuok, zuzenean, Euskal Herri hori imajinatzen jartzea. Gaur dena eta ez dena, izatea nahiko genukeena, izan litekeena. Agian, azpimarratu nahiko zenidake, kulturak potentzial eraldatzailea ba ote duen eztabaidatu ordez, mahai gainean jarri beharko nukeela ea gu geu potentzia hori ote garen, gugan dauden ikusmirak, minak, esperantzak eta utopiak garraiatzen baititu kulturak.