SINADURAK

Onintze Oleaga

EH Bilduko Udalgintza arduraduna

Hiri handiak, ezkerreko alternatiba

2022-02-22

​​​​​​​Udalak instituzio organigrama konplexuan txikienak izanik, sarri gainontzeko erakundeengandik zapalduak eta zokoratuak dira. Baina udalek duten eraldatzeko potentzialitatea izugarria da, are gehiago, potentzialitate hori ez da soilik udalen ondare edo titularitatekoa, udalez harago doazen tokiko egiturena baizik, instituzionalizatuak zein ez instituzionalizatuak izan daitezkeenak, egituratuak edo emergenteak, formalak zein informalak izan daitezkeenak.


Argazkia. Unsplash / Jonny Gios

 

Hainbatean udalgintzaz baino egokiagoa litzateke prozesu herrigileez hitz egitea, herri (hiri) proiektua eskala lokalean eraiki eta gauzatzeaz. Ezinbestean baina aitortu beharra dugu, udalaren babesak edota gobernutik jarduteak tokiko egitura guzti hauei beren ekimenak arrakastatsuak izateko gutxienean hiru abantaila eskaintzen dizkiela: legitimitatea, baliabideak eta konfiantza.

Udalgintza gobernatzea da, espazioak, ondasuna eta prozesuak kudeatzea finean. Kudeaketa honek baina modu ezberdinak hartu ditzake eta batez ere, helburu ezberdinak bete ditzake, izan daiteke status quoak mantentzeko, izan daiteke eraldaketa bultzatzeko; izan daiteke aberastasun ekonomikoa sortzeko, izan daiteke aberastasun soziala bultzatzeko.

 

«Gobernutik jarduteak tokiko egitura guzti hauei beren ekimenak arrakastatsuak izateko gutxienean hiru abantaila eskaintzen dizkiela: legitimitatea, baliabideak eta konfiantza.»

 

Egun hiriguneetan bereziki bi kudeaketa ereduren arteko polarizazioa ematen da: kudeaketa pribatuarekin hertsiki lotutako hiria, gobernantza ekonomikoki eraginkorragoa izateko merkatu pribatuaren soluzioetara jotzen duena eta pertsonentzat bizigune izango den hiria baino enpresentzako etekin iturri izango diren hiria bultzatzen duen eredua; eta bestetik, hiri inklusiboa, pertsonak eta bizitzak erdigunean jarrita, bereziki espazio publikoaren erabilera baloratu eta eskubideen sustapena bultzatzen duena.

Eskuin indar politikoek lehen ereduaren aldeko hautu irmoa egin zuten duela hamarkadak, eta egun, eredu horren erreprodukzioan sakontzea du helburu.

 

Prozesu herrigileen erronkak hiriguneetan

Ezkerrak premiaz, hiriguneetan zein herri, zein proiektu eraiki nahi duen zehaztu beharra du. Hiri eredu ezkertiar baten formulazioan, berau eratzeko, prozesu herrigileak lehentasunezko erronka batzuk identifikatu behar ditu: espazio publikoaren erabilera, eskubide subjektibo eta kolektiboen sustapena eta gauzatzea, eta, prozesuaren beraren eraikuntza komunitarioa eta kolektiboa.

Espazio publikoaren erabilerari dagokinez, herritarrak berdindu, edo kontrara, status-ak sortu eta mantentzeko ahalmena dauka. Eskuinak gobernatzen duen ezein hiriburutan argi ikusi dezakegu espazio publikoaren erabilerak batetik gatazka sozialak ikusezin bihurtzeko joera duela, eta bestetik, etekin ekonomikora bideratutako erabilera besterik ez duela bilatzen. Espazio publikoaren erabilerak irekia behar du izan, hiritarren zerbitzura, beraien beharrizan kolektibo eta indibidualetara egokitutako guneak izan behar dute, non hiritar guztiak berdinak izango diren.

 

«Espazio publikoaren erabilerak herritarrak berdindu, edo kontrara, status-ak sortu eta mantentzeko ahalmena dauka.»

 

Bestetik, eskubide subjektibo eta kolektiboen sustapena eta gauzatzeari dagokionez, tokiko eskalan hiritarren gurari eta egonezinak errazago ulertu eta ase daitezke, injustizia eta segurtasun gabeziei gertutasunetik ematen zaien erantzunen harrera errazagoa da gainontzeko eskala handiagoetan ematen dena baino.

Prozesuaren beraren eraikuntza komunitarioa eta kolektiboaz, berriz, komunitatea bera izan behar da berau eratzen duten kideen babesgunea, autogobernu logikak eraikiz, hiritarrak ahaldunduz. Politika komunitarioek demokrazia aktiboa artikulatzea, komunitatearentzat balioak lankidetzan sortzea eta zerbitzu publikoez jabetzea ahalbidetzen dute.


Argazkia. Unsplash / Logan Armstrong

 

Bartzelona, Konpenhage eta Graz

Krisiaren eraginek pertsonengan beldurrak eta sufrimendua sortzen dituzten neurri berdinean sortzen dira gizartean dinamika kooperatibo berriak eta ahalduntze prozesuak burutzeko aukerak. Zenbait hiritan abagune hauek probestu izanaren adibide argiak aurkitzen ditugu, non eskubide sozial eta kolektiboak berreraikitzeko oinarrizko espazioak baliatu dituzten hiriguneetan udalgintza eredu berri baterako jauzia emateko.

Udalgintza eredu berri batetik abiatutako hirien berreraikitzeak hiru ardatzen gainean eman izan dira: erronka ekologikoa, erronka soziologikoa (ongizatea) eta erronka ekonomikoa. Bartzelona, Konpenhage edota Graz ditugu horren adibide.

 

«Bartzelonan 2015. urtean udal gobernuan aldaketa eman zenetik, gentifrikazioari aurre egiteko hirigintza kontzeptu berri bat jarri zuten martxan.»

 

Bartzelonan 2015. urtean udal gobernuan aldaketa eman zenetik, besteak beste, espazio publikoaren erabileraren aldaketa eta ahalduntze komunitarioaren aldeko apustuarekin, gentifrikazioari aurre egiteko hirigintza kontzeptu berri bat jarri zuten martxan, espazio publikoaren erabilera hiritarrei zabalduz eta auzoak (periferiak) erdigunera ekarriz, hauetatik gertutasunezko zerbitzu sareak eraikiz, eta inklusio politikak bultzatuz.

Kopenhagek 2025erako lehen karbono isuri neutroa dituen hiria izateko helburua finkatu du. Europako hiri jasangarriaren ikurra izateko ideia 90. hamarkadan piztu bazen ere, babes politiko eta finantzazio falta medio, ez zen 2010. urtera arte posible izan jasangarritasun plan eraginkorrak martxan jartzea. Udaleko ingurumen sailetik abiatutako prozesu honen arrakastaren gakoa jasangarritasunaren aldeko apustu politiko irmoa izan da, erakunde publiko eta pribatuen inplikazioa eta konplizitatea, eta eraldaketa planak aurrera eramateko finantzazio nahikoa izatea bermatu duena.

 

«Austrian ia indarrik ez duen KPÖ alderdia lehen indarra izan da azken udal hauteskundeetan Graz hirian, langileen aldarrikapenei emandako irtenbideei esker.»

 

Graz ere bada neurri batean udalgintza eraldatzaileak duen potentzialitatearen adibide bat. Austrian ia indarrik ez duen KPÖ alderdia lehen indarra izan da azken udal hauteskundeetan langileen aldarrikapenei emandako irtenbideei esker. Indar politiko honek azken hamarkadetan oposiziotik eginiko lanak eta hartutako erabakiak herritarren beharrizanak jarri dituzte erdigunean, batez ere, etxebizitzaren gaineko politika sozialak erdigunean jarriz (adibidez, alderdiak berak bere baliabideekin lege aholkularitza zerbitzua eta laguntza ekonomikoak eman izan ditu urte luzez).

Prozesu herrigileetan ezinbestekoak dira gertutasuneko politikak gauzatzen dituzten ekimen eta proiektuak, zerbitzuak eta espazioak komunitatearen esku jartzea, eta hiritarren parte hartzea, hiritarrak ahalduntzeak tokiko instituzioen gaitasunak eta ahalmen kolektiboa nabarmen handitzea baitakar. Finean ezkerrak kudeaketa demokratiko eta hiritarra oinarri izan behar duen, eta bertako herritarrei egungo erronkek sortzen dizkien beharrizanei irtenbidea eraikitzeko eskaintza artikulatu behar du hiriguneetarako.