SINADURAK

Nora Salbotx, Ibai Redondo, Maitane Nerekan eta Aitzol Gil de San Vicente komuntasunetik

Hezkuntza sistemen zuloak

2021-02-04

Gu. Euskal Herriko hezkuntza komunitatea, beraz ikasle, hezitzaile, eskola-bizitza sustengatzen dugun beste langileek, eta, oro har, heziguneen inguruan biltzen garen, berauek posible egiten ditugun eta arnasa ematen diegun kide guztiok, sistemak eta estatuek zapalkuntzarako tresna nahi duten hezkuntza eredu batekin topo egin behar izaten dugu egunero. Gu eta haiek.


Argazkiak / Foku

 

Gaurko hezkuntza sistemak neoliberalismo patriarkala elikatzea xede dutenak, gure hizkuntza eta kulturaren transmisioaren, larrialdi klimatikoari erantzun eraginkorrak eman eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredutik erabat aldenduta daude. Gisa honetan, muturreko neoliberalismoaren eta  indar erreakzionarioen eskutik datorkigun inboluzio demokratiko sakoneko agerleku batean, euskal hezkuntzarako subjektu trinko eta batu baten beharra herri urgentzia zaigu. Gu edo haiek.

Euskal Herria edo zapaltzen gaituzten estatuak, bizitza edo kapitala. Bizi lehia honetan, hezkuntzak gure herriaren, hizkuntza-kulturaren, emakume, langile klasearen eta bereziki gure haurren irriaren zerbitzura egon behar du.

Alta, arestian aipatutako egiturazko arazo horiei, krisi sitemiko baten baitan baino ulertu ezin daitekeen arren berriki arte urruneko eta arrotz zitzaigun aldagai berria gehitu zaio; SarsCov2 birusak eragindako mundu mailako COVID19 pandemiarena hain zuzen ere. Haren eraginaren indarrak, batetik, gaurko gure egunerokoa zein etorkizuna ere baldintzatzeko adinakoa izanen dela agerian utzi du; bestetik, hezkuntza arautu zein ez-arautuko jarduera denen eteteak eta konfinamendu garaiko salbuespeneko politika instituzionalek ere, agerian utzi dituzte aldez aurretik gure diagnosi eta salaketetan mahaigaineratzen genituenak; gaurko agintarien lehentasuna ez dira ez pertsonak, ez da hezkuntza, ez dira zerbitzu publikoak, ez da bizitza, ez da zaintza, beraz inondik ere ez dira ez euskal herritarrak ezta Euskal Herria ere.

 

«Muturreko neoliberalismoaren eta indar erreakzionarioen eskutik datorkigun inboluzio demokratiko sakoneko agerleku batean, euskal hezkuntzarako subjektu trinko eta batu baten beharra herri urgentzia zaigu.»

 

Hezkuntza Sailek pandemiaren aitzakipean egindako egokitzapenek eta hartutako neurri berriek erakusten dute zein den beraien proiektua: sistema kapitalista bertikal bat elikatzen duen makina mantentzea. Hezkuntza, norabide bakarreko eduki trukatze bezala ulertzen dute, emozioei eta hezkuntza integralari garrantzirik ematen ez diona, gizartearen parte handi bat kanpo usten duena, euskara bigarren mailako hizkuntzatzat duena, hezkuntza-komunitatearen kohesioa bilatzen ez duena, teknologia elitizazioaren eta datu salerosketaren mesedetan erabiltzen duena, jakintzaren kolektibizazioan sinisten ez duena, ume eta gazteen jarrera kritiko autonomoa blokeatzen saiatzen dena eta eredu hegemonikotik aldentzen den edozein gorputz edo bizi-errealitate arazotzat duena.

Itxialdi garaian ordenagailu baten aurrean edozein eduki trukatze egitera kondenatu nahi izan gintuzten, ume, gazte zein jendartearen benetako osasun premia eta behar psiko-emozionalak zeintzuk ziren kontuan izan barik. Etxetik irtendakoan ere, hezkuntza-komunitatearen hitza erabat baztertua izan da, sarean lan egitea eta ardurak partekatzea inoiz baino garrantzitsuago bihurtu denean. Argi ikusi izan da hori, modu kaotikoan, mezu kontraesankorrez josia eta dekretu kolpez egindako kudeaketa tamalgarrian.

Euskal Herriak behar duen gizarte sano, sendo, feminista, sozialista, kohesionatu eta euskalduna raikitze bidean, hezkuntzak transformazio motore izan behar du; borroka ezberdinek emandako fruituetatik elikatu eta orainaldiaren erronkei aurre egin behar zaio ausardiaz. Hezkuntza integrala, jendarte eta amalurraren beharrei erantzuten diona, behetik gora besterik ezin da eraiki.

 

«Hezkuntza arautu zein ez-arautuko jarduera denen eteteak eta konfinamendu garaiko salbuespeneko politika instituzionalek ere, agerian utzi dituzte aldez aurretik gure diagnosi eta salaketetan mahaigaineratzen genituenak.»

 

Ikastetxe eta herrietatik erein behar dugu ikasle euskaldun eleaniztunak loratuko dituen hazia; hezkuntza zentro eta eragileen autonomia behar da, saretze kolektibo eta horizontala eraginkorra izan dadin. Guztion eskura jarri behar dugu hezkuntza, herritar oro maila berean jarri eta Euskal Herriak behar duen jendartea hazten lagunduko duen eredu publiko-komunitarioaren bitartez.

Ezinbestekoa dugu hezkuntza akordio nazionala, gure hizkuntza, gorputzak eta pentsamoldeak menperatu
nahi dituen legedia irauli eta aurrean dugun erronka historikoaren mailako azpiegitura sortzeko. Han eta hemen loratu diren hainbat eskola, ikastetxe eta ikastola eredugarri, ez daitezen basamortuko oasia izan, loratzear den hezkuntza sistema berriaren kimuak baizik, araua eta ez salbuespena, sistema eta ez betiereko alternatiba, denontzat eta ez batzuentzat.

Euskal Curriculuma ikastetxe, herri eta auzo guztietara eraman behar dugu, herri anitz honen sustraiak sendotuko dituzten belaunaldi euskaldun eleaniztunak indartzeko. Bide horretan inor ez da kanpoan gelditu behar, gu sendo eta anitza eraiki, subjektu bilakatu behar dugu; azken finean, euskal jendarteko kide oro izan beharko luke eragile hezkuntza integrala sustatzeko, herri hezitzailea ipar eta praxi. Horretarako konpetibitatea eta interes merkantilistak erdigunetik atera eta pertsonen garapen integrala erdian jartzen duen eredua eraiki behar da.


«Etxetik irtendakoan ere, hezkuntza-komunitatearen hitza erabat baztertua izan da, sarean lan egitea eta ardurak partekatzea inoiz baino garrantzitsuago bihurtu denean.»

 

Argazkiak / FOKU

 

Norberaren jatorrizko hizkuntza eta kulturatik emanez, euskara eta euskal kultura ezagutzeko, kalitatezko euskal hezkuntzaz gozatzeko, pedagogia kritiko eta ekofeministetan hezteko eskubidea dute Euskal Herrian bizi diren ikasle guztiek. Aukera berdintasuna, inklusioa eta kohesio sozialaren izenean, behin eta berriz zapalduak diren jatorri atzerritarreko eta errenta baxuko familietako ikasleengan jarri behar ditugu begirada, arreta eta baliabideak, guztiontzako hezkuntza, guztiokin eraikia.

Segregazio, bazterketa eta zapalkuntza oro irauliz. Zaintza eta elkarzaintza hezkuntzatik ere politizatzeko eta didaktizatzeko unea da, beraz, haren pedagogia egiteko eta heziguneetatik urrats feminista eta komunitarista artikulatu sendoak emateko garaia. Bizitza -baita eskola-bizitza ere- sostengatzen duten pertsona eta kolektibo guztien lana aitortzea dagokigu lehenik eta behin.

Eta horrekin batera, hezkuntzaren egunerokoa sustengagarria izan dadin, beharrezko baldintza materialak zein lan erreproduktiboak ulertzen eta aitortzen dituen belaunaldi berria sortuko bada, gaurtik bulkatzen hasi, euren burua zein ingurukoak zaintzeko gai diren eta, aldi berean, zaintza beraren ulerkera ekofeminista-kritikoa egiteko tresna nahikoak dituzten pertsonak eta komunitatea behar baititugu.

 

«Ikastetxe eta herrietatik erein behar dugu ikasle euskaldun eleaniztunak loratuko dituen hazia; hezkuntza zentro eta eragileen autonomia behar da, saretze kolektibo eta horizontala eraginkorra izan dadin.»

 

Hezkuntzaren ondorio den ezagutza bera ere, elkarrekin eraikintzen dugula ulertu, eta ondorioz, komun etan lehena dela eta geurea, komunitatearena, herriarena, behar duela sinetsita aritu. Hezkuntza-instituzioak bizitza sustengatzeko -baita eskola-bizitza ere- oinarrizko diren horietan ekarpen erraldoia egin dezake, jendarte eraldaketarekiko erantzukizun berrituaz arituz eta etxea-auzoa-komunitatearekiko elkarrizketa horizontalak indartuz. Zaintza euskara da, komunitatea da, herri hezitzailea da, berdintasuna, ekitatea eta justizia soziala dira, jasangarritasuna da, subiranotasunak eta burujabetza dira.

Amalurrarekik o oreka bilatzean datzan ikasgai urgente hori, ezin du gehiegitan anekdotikoa izatera mugatzen den proiektu sortara (Agenda 21, data seinalatuak…) mugatu. Larrialdi klimatikoarekiko konpromisoa eta gaitasun ekosozialen eskuratzea curriculumaren ardatz izan behar du, euskal eragile sozial eta ekonomikoekin elkarlanean arituz.

 

«Ezinbestekoa dugu hezkuntza akordio nazionala, gure hizkuntza, gorputzak eta pentsamoldeak menperatu nahi dituen legedia irauli eta aurrean dugun erronka historikoaren mailako azpiegitura sortzeko.»


Gordintasunaz jabetuta, gure hizkuntza eta kulturaren egoera larriaren aztarnak begi bistan direlarik, egungo hezkuntza sistemak porrot egin duenean, ezin dugu estatuak, kapitala eta heteropatriarkatuaren aurrean zatituta jarraitu: Euskal Herrirako hezkuntza sistema bat eraiki behardugu, burujabea, publiko-komunitarioa eta batua.

Horretarako guztirako, ezinbestekoa da hezkuntza-komunitate osoa (langileak, hezitzaileak, ikasleak, familiak, aisialdiko taldeak, kultur eragileak, udalak…) barne hartuko duen sare-antolakuntza artikulatzea. Hezkuntza formal eta ez-formalean esku hartze zuzena duten eragile zein banakoen hitza ardatz duena eta jendarte beharren arabera, etengabeko berrikuspen eta egokitzapena egiten duena.

 

«Zaintza euskara da, komunitatea da, herri hezitzailea da, berdintasuna, ekitatea eta justizia soziala dira, jasangarritasuna da, subiranotasunak eta burujabetza dira.»

 

Hezkuntza beraz, eskolako mugez gaindi, norbanako eta talde guztien konpromisoaren beharra daukala ulertuko duen herri hezitzailea helburu, non pertsonek bezalaxe espazioek ere hezteko diseinatuak izanen
diren, osasuna, natura eta inklusioa lehenetsiz, beraz barnebiltzeko eta herritarrak kohesionatzeko eta ez, gaurko egunean gertatzen den moduan, berauek bereizi, guettizatu eta generoa, jatorria, kontsumo gaitasuna, hizkuntza, adina eta beste hainbat tasunen arabera segregatzeko pentsatutakoa.

Zentzu honetan dena ez da ilun eta lohi. Kurtso hasiera konplikatu honetan hamaika ekimen garatzen ari dira hainbat hezigune zein herritan hemen proposatzen den norabidean: osasuna bermatzeko, kanpo espazioak eraldatuz erabiltzeko, curriculumak ikasleen beharren arabera egokitzeko, komunitatearen indarraz jantokiak zabaldu daitezen, murgiltze eredua birpentsatzeko, pedagogia feminista ezartzeko, euskal kulturaren transmisiorako, pandemiaz geroztik ikasi ditugunak herri hezitzaileen norabidean kokatzeko, teknologikoki askatu gaitetzen, komunal digital zein analogikoa indartzeko...

Bizitako guztiak eta etor dakigukeenaren susmoak, hezkuntza publiko-komunitario, burujabe, feminista eta euskaldun baten aldeko gure hautuan berrestera garamatza, bai eta aldarri eta premia zenbaiten zehaztapen maila fintzeko baldintza berriak sortu direla esatera ere. Beraz hondar hilabeteetan plano teorikotik praktikara urrats berriak emateko baldintzak sortu direla uste dugu, eta egunotan hain agerian geratu den sistema kapitalista-heteropatriarkal honen injustizia eta zapalkuntza saldoa pitzatzeko aukera berriak zabaldu, Freirek liokeen moduan, problematizazio eta kontzientizazio kolektiboaren, elkartasunaren eta lankidetza komunitarioaren bidetik etorriko direnak.

 

 

TWITTER