SINADURAK

Alberto Matxain Beraza

GARAko kazetaria

Herri mugimenduaren papera Nafarroako aldaketa politikoan

2020-06-12

Aldaketa eta erregimena. Azkar ahaztu dugu lau urtetako esperientzia singularra, zenbait aspektu behar bezala baloratu gabe. (...) Instituzioen eta herri mugimenduaren arteko harremanak ordea ez zuen fokoa hainbeste erakarri, eta gerora ez zaio denborak ematen duen perspektibaz erreparatu. Hilabete batzuk pasata, momentu egokia izan daiteke gaiari heltzeko.


 

Argazkiak: FOKU

Aldaketa eta erregimena. Azkar ahaztu dugu lau urtetako esperientzia singularra, zenbait aspektu behar bezala baloratu gabe. Lau urtetan zehar, egunez egun, prentsak aldaketa eta oposizioaren arteko lehia, laukoaren baitako tirabirak, Podemosen baitako labankadak edo Ana Beltranen astakerien berri eman zigun. Egunerokotasunaren jarraipena, zutabeak, analisiak... eztabaida batez ere instituzioetan fokalizatuta egon zen. Instituzioen eta herri mugimenduaren arteko harremanak ordea ez zuen fokoa hainbeste erakarri, eta gerora ez zaio denborak ematen duen perspektibaz erreparatu. Hilabete batzuk pasata, momentu egokia izan daiteke gaiari heltzeko. Analisi honek aldaketaren legegintzaldian kalea, alderdi eta instituzioen arteko harreman prozesuei hurbilpen bat izateko anbizioa du, herri mugimenduaren joeretan zentratuz. Baina ezer baino lehen gogora dezagun, labur labur bada ere, nola gauzatu zen aldaketa.

 

«Aldaketa eta erregimena. Azkar ahaztu dugu lau urtetako esperientzia singularra, zenbait aspektu behar bezala baloratu gabe»

 

Azken hamabi urteotan, hiru gertakizun-gakok Euskal Herriko prozesu politikoa goitik behera baldintzatu dute: ezker abertzalearen estrategia aldaketa, 2008an piztu zen krisi ekonomiko-finantzieroa, eta krisiari aurre egiteko gobernuek aplikatutako neurri neoliberalak. Urte berdinetan eman ziren hiru gertakizun hauek aldaketa sakonak eragin zituzten. Aldaketa sakon horien artean, Nafarroari dagokionean, hauek azpimarragarriak dira: ezker abertzalearen legalizazioa eta esparru abertzalearen rekonposizioa, ezker estatalaren rekonposizioa, populazioaren sektore zabalen bizi baldintzen kaxkartzea eta sindikatuek eta herri mugimenduak gai ezberdinen inguruan garatutako ofentsiba indartsuak: murrizketen kontra, ustelkeriaren kontra, konkistaren 500. urteurrenaren inguruan... Eferbeszentzia honek ekarri zuen Nafarroan 2011ko hauteskundeen ostean ezinezkoa zirudiena: UPN eta bere betiko muleta, PSN, oposiziora bidali eta gobernu alternatibo bat osatzea.

2015-2019 legegintzaldia salbuespen bat izan da Nafarroako historia garaikidean, herrialdeko indar eraldatzaileen garaipen handi bat. Tamalez, 2019ko maiatzeko hauteskundeetako emaitzek beste errealitate bat marraztu zuten. Orokorrean, aldaketaren gainbehera eta amaierari buruzko errelato bat hedatu da: «Sanchez efektua» eta eskuinaren batasunarekin batera, IE-Podemos espazio politikoaren kolapsoaren ondorioz gertatu zela, eta neurri handi batean hala da. Sanchezek PSOE berpiztu zuen PSNri bultzada bat emanez, nafar eskuinak bozka konzentratzea lortu zuen, eta Nafarroako Podemosek eta Iruñeko Aranzadi udal taldeak espektakulu penagarriak eman zituzten legegintzaldiaren azken bi urteetan, espazio horretan hausturak eman zirelarik. Gainera, Podemos alderdiak Estatu mailan eta Estatuko hainbat herritan antzeko barne liskar publikoak eta hausturak bizi izan zituen. Nafarroan haien potentziala suntsitu zuten eta hauteskundeetan gogor zigortuak izan ziren PSNren mesedetan. Baina, aurrekoarekin batera, aldaketa prozesuaren hauskortasuna ulertzeko funtsezkoa da herri mugimenduaren paperari erreparatzea.

 

«Aldaketa sakon horien artean hauek dira azpimarragarriak: ezker abertzalearen legalizazioa eta esparru abertzalearen rekonposizioa, ezker estatalaren rekonposizioa, populazioaren sektore zabalen bizi baldintzen kaxkartzea eta sindikatuek eta herri mugimenduak gai ezberdinen inguruan garatutako ofentsiba indartsuak»

 

Joseba Asironek GARAri eskainitako elkarrizketa batean aldaketa kalean sortu zela eta gero instituzioetara iritsi zela esan zuen. Hala izan zen, izan ere, kalea aldaketaren abangoardia izan zen. Aipatutako hiru gertakizun-gakoek sortutako baldintza sozial eta politikoei esker, kaleak eragin zuen instituzioetan eman zen aldaketa, eta Nafarroako Gobernuan eta udal askotan emandako aldaketarekin posible zenaren mugak mugitu ziren. Alibio kolektibo bat izan zen, eta herri mugimenduaren eta, orohar, azken urteetan mobilizatutako masen artean tentsionamenduaren lasaitzea nabarmena izan zen.

Herri eragile gehienak urteetan luzatu zen egoera itogarri batetik haien lana garatzeko aukera berriak edukitzera pasa ziren, eta hainbat esparrutan erresistentzia eta aldarrikapen dinamiketatik eraikuntza dinamiketara pasa ziren, egun batetik bestera horretarako aukera paregabeak sortu zirelako. Hasiera batean, aldaketak eskaintzen zituen aukeren irismena eta mugak ezagutzeke zeuden. Egoera berri eta guztiz ezezagunaren aurrean, esan daiteke termino orokorretan eragile ugarik ez zutela bere burua reposizionatzen asmatu.

 

«Joseba Asironek elkarrizketa batean zioen aldaketa kalean sortu zela eta gero instituzioetara iritsi zela»

 

Herri mugimenduaren parte handi bat bolada batez deskolokatuta egon zen, kalera atera ala ez, edo nola atera garbi izan ez zuelarik, instituzioetan emandako aldaketa kaltetu zezaketelakoan. Agian, askok aldaketa egoera instituzional berri bat bezala ulertu zutelako, emaitza bezala, eta ez hainbeste instituzioetatik eta kaleetatik elikatu beharreko prozesu dialektiko bezala. Bestalde, egon zen instituzioetan egin zen lanaren fiskalizazioa egitera mugatu zenik. Bazegoen pentsatzen zuenik politikariek egingo zutela hamarkadetan zehar aldarrikatutakoa. Esperientziak erakutsi digu errealitatea ez dela hain sinplea.

Ziurrenik, dinamika herritar  bat azpimarratzekoa baldin bada, hori Altsasuko gazteen askatasunaren aldeko dinamika da: ageriko injustizia larri baten aurrean, gazteen gurasoen inguruan antolatutako mugimenduak Nafarroan gehiengo zabalak mobilizatzea, errelato bat hegemonizatzea eta benetako inzidentzia politikoa edukitzea lortu zuen. Aldaketaren aldeko Nafarroa kalera ateratzea lortu zuen, eta herrialdeak azken hamarkadetan bizitako manifa potenteenak antolatu zituen, aldaketaren alderdi eta instituzio nagusien babesa lortuz. Ez zen lortu Altsasuko gazteen kaleratzea, eta honek erakusten digu nolako erronka den Estatua, edo, gutxienez, Guardia Zibila bezalako Estatu aparatua aurrez aurre edukitzea. Baina esan daiteke Guardia Zibilak mezu garbi bat bidali nahi izan bazuen («kontuz Guardia Zibila ukitzearekin»), Nafarroak eta Euskal Herriak mezu indartsu bat bidali diotela Estatuari eta Guardia Zibilari («kontuz gure gazteen kontrako muntai polizialekin»). Salbuespen honek ez zion erantzun Nafarroako barne dialektika soziopolitikoari, Guardia Zibilaren mendeku onartezin eta zeharo desproportzionatu bati baizik.

 

«Egon zen instituzioetan egin zen lanaren fiskalizazioa egitera mugatu zenik. Bazegoen pentsatzen zuenik politikariek egingo zutela hamarkadetan zehar aldarrikatutakoa. Esperientziak erakutsi digu errealitatea ez dela hain sinplea»

 

Hezkuntza oposaketetako zerrenda bakarraren aldeko dinamikak ez zuen lortu gehiengo zabalak mobilizatzea. Nafarroako Gobernuak Hezkuntzako oposaketei begira zerrenda bakarra ezartzeko asmoa zuen, euskara jakitea ordurarte bezala oposaketetan zigortua izan beharrean, saritua izan zedin. Baina 2017 amaieran PSNk bi azterketa planteatzen zituen lege proposamen bat aurkeztu zuen, bata D ereduko irakasle izateko eta bestea gaztelerazko ereduetako irakasle izateko. Lege honek, onartua izanez gero, irakaslegai euskaldunen ordura arteko diskriminazioa arintzea baina mantentzea eragingo zuen. IEk alde bozkatuko zuela iragarri zuen eta hala egin zuen PSN, UPN eta PPrekin batera, aldaketaren gainontzeko indarrak gutxiengoan utziz. Horrela, irakaslegai euskaldunen kontrako diskriminazioa mantendu da, bi lerroetara aurkeztu nahi duenak azterketa bakarra egin beharrean, bere konpetentziak bi aldiz frogatu behar ditu eta. PSNren lege proposamena bozkatu aurreko asteetan euskalgintza mobilizatu zen, baina ez zen gai izan lau alderdi hauetako inoren (partikularki, IEren) posizio politikoa mugiarazteko.

Euskalgintzak babes sendoa du Nafarroan, baina babes honek ez du inoiz gehiengo bat osatu. Gutxiengo potente bat osatzen du, baina finean, gutxiengoa. Euskarafobia eta indiferentzia oso hedatuta daude herrialdean, eta jendartearen sektore esanguratsuak aldekotasunera erakarri ezean, oso posiblea da euskararen kontrako politikak mantentzea, hauek onarpen zabalagoa baitute.

 

«Euskalgintzak babes sendoa du Nafarroan, baina babes honek ez du inoiz gehiengo bat osatu»

 

Sektore txikiago batzuek aldaketaren instituzioekin konfrontazio dinamika puntualak garatu zituzten. Adibiderik nabarmenena Maravillas gaztetxearena izan zen. Esan beharra dago Maravillaseko kide ugariren borondatea ez zela aldaketaren instituzioekin konfrontatzea. Kide asko aldaketarekin identifikatzen ziren, edo, gutxienez, aldaketaren alde ezkertiarrenarekin. Baina momentu ezberdinetan hartu zituzten erabakiek garbi utzi zuten kolektibo bezala ez zituztela aldaketaren instituzioak aliatu bezala ikusten (eta instituzioak aldaketa prozesuaren funtsezko oinarrietako bat ziren). Geroa Bairen jarrera ikusita, gaztetxekoek aldaketaren instituzioei Rozalejo jauregia irabazteko gehiengoak artikulatzea ezinbestekoa zuten, eta hori Iruñerrian ezinezkoa zen gaztetxe baten inguruan. Ez zen posible izan 2004an Euskal Jairen inguruan UPNren kontra, eta ez zen posible izango 2018an Maravillasen inguruan aldaketaren gobernuaren kontra.

Egia da batzutan, ezinezkoa lortzen saiatuz, errealistagoak diren erdibideko lorpenak lortu daitezkeela, eta Maravillasen kasuan, desalojo osteko okupazioarekin lortu zuten hiru hilabete beranduago Udala gobernatzen zuen EH Bilduk Alde Zaharreko lokalik onena eskaintzea. Baina ezetz esan zioten, eta aste gutxitara Foruzaingoak Maravillas gaztetxea hutsik zegoela aprobetxatu zuen sartu, lokala barrutik suntsitu eta definitiboki ixteko. Gazteak lokalik gabe gelditu ziren, eta pultso honek ez zion ezer onik ekarri aldaketa prozesuari.

 

«Egia da batzutan, ezinezkoa lortzen saiatuz, errealistagoak diren erdibideko lorpenak lortu daitezkeela»

 

Aipatutako hiru dinamikek asko esaten digute aldaketaren legegintzaldian kalea eta instituzioen artean garatu zen dialektikari buruz. Altsasuko gazteen aldeko dinamikak eta borroka feministak erakusten dute gehiengoak artikulatuz zentralitatea eskuratu eta zenbait alderdiren posizioak baldintzatu eta aldarazi daitezkeela, eta errelato bat hememonizatu daitekeela. Zerrenda bakarraren aldeko borrokak eta beste batzuk (AHTaren kontrakoa, adibidez) erakusten dute gutxiengo potenteak artikulatzea ez dela nahikoa alderdi eta instituzioen posizioak baldintzatzeko. Eta Maravillas gaztetxearen inguruan eman zen pultsoak erakusten digu tensio sortzailea eragitetik haratago joateak aldaketa prozesuari ez ziola ezer positiborik ekarri. Hainbatek uste zutenaren kontra, ez zuen hauteskundeetan eraginik eduki, baina gazteak lokalik gabe gelditu ziren eta pultsoak hainbat zauri utzi zituen esparru eraldatzailean.

Kontuan hartuta 2015eko hauteskundeetatik atera zen indar harremana oso gutxigatik dekantatu zela (aldaketaren indarrek foru hauteskundeetan eta Iruñean udal hauteskundeetan boto gutxiago atera zituzten UPNk, PSNk, PPk eta Cs-ek baino), eta aldaketa alderdi bat eta hiru koalizioren arteko akordioan oinarritzen zela (honek eragin zituen zailtasun guztiekin), kaleak abangoardia papera jokatzen jarraitzea garrantzitsua zen aldaketa prozesua sendotu, elikatu eta erradikalizatzeko. Beste tono batekin, jakina, ez baita gauza bera instituzioetan aliatua edo arerioa izatea, baina,  beharrezkoa zen mobilizazio maila indartsu bat aldaketa kohesionatzeko eta zenbait alderdiri momentu zehatzetan hartutako posizioak aldarazteko.

 

«Altsasuko gazteen aldeko dinamikak eta borroka feministak erakusten dute gehiengoak artikulatuz zentralitatea eskuratu eta zenbait alderdiren posizioak baldintzatu eta aldarazi daitezkeela, eta errelato bat hememonizatu daitekeela»

 

Nola? Instituzioetan emandako aldaketa babestu eta berarekin bat eginda, aldaketak herri eraikuntzarako sortutako baldintzak aprobetxatuz, posible zenaren mugak identifikatuz eta, beharrezkoa zen momentuetan, muga hauek tenkatuz pauso egingarriak behartzeko edo azkartzeko, eta, horrela, posible zenaren mugak mugiarazteko. Horretarako, gehiengo zabalen artikulazioa eta mobilizazio intensitate altua ezinbestekoa zen. Azken finean, aldaketa prozesuaren norabidea, abiadura eta sakontasuna kalearen, aldaketaren aldeko eragile eta instituzioen eta oposizioaren arteko tensio dialektiko horren emaitza izango zen. Indar korrelazioaren emaitza, alegia.

Eta gogoratu beharra dago oposizioa ez zirela soilik UPN, PP eta PSN. Erregimena deitzen genuen hori zen. Eta erregimena ez da desagertu. Erregimena Estatuak trantsizio ostean eskuinari eta PSNri neurrira egindako traje instituzionala da –Foru Hobekuntza–. Erregimena UPN-PSN gobernuetatik elikatu diren sare klientelarrak dira, CEN, Eliza, Opuseko Unibertsitatea, Diario de Navarra, UAGN, UGT eta CCOO dira. Administrazioan, judikaturan, foru polizian nahiz udaltzaingo ezberdinetan eta jendarte zibilaren baitan penetrazio handia duen zentzu komun eskuindarra eta espainiarzalea da. Eta erregimena 78ko erregimenari funtzionala da (ikus “Kolpez kolpe” dokumentua: “Erregimena ulertu Erregimena gainditu ahal izateko”, 18. orrialdea). Gauza bat aldatu da: erregimenaren espresio politikoa, eskuina, oposizioan dago bere betiko muletak, PSNk, beste aliantza eskema baten aldeko apustua egin duelako. Eta kaleari buruz ari garenean, kontuan hartu beharra dago eskuinak ere baliatzen duela beharrezkoa konsideratzen duenean. Nafarroan egin zuen, ikurrina eta euskararen kontrako bi manifestaziorekin, eta PNVk Gipuzkoan egin zuen atez atekoaren kontra, arrakasta handiagoarekin.

 

«Azken finean, aldaketa prozesuaren norabidea, abiadura eta sakontasuna kalearen, aldaketaren aldeko eragile eta instituzioen eta oposizioaren arteko tensio dialektiko horren emaitza izango zen»

 

Gehiengo zabalen artikulaziora bueltatuz, erraza da esatea, baina lortzea oso zaila da. Instituzioetan aldaketa eragin aurreko mobilizazio mailari eustea oso zaila zen. Altsasuko gazteen aferarekin lortu zen, baina honek ETAren su eten definitibotik lau urtetara emandako eraso larri bati erantzun zion. Nafar jendartearen sektore zabalengan inpaktoa eduki zuen gertaera bati, alegia.

Aldaketa aurreko mobilizazio mailari eusteko, kalearen abangoardia paperaren ideia nafar jendartearen sektore aurrerakoi zabaletan errotuta egotea beharrezkoa zen. Eta ez zegoen errotuta. 2011-2015 legegintzaldiko masa mobilizazio erraldoi haiek batez ere krisiak, murrizketek eta ustelkeriak eragindako haserreak eragin zituen, ez herri boterearen abangoardia paperaren kontzientzia masiboak. Agian, aldaketa lortu osteko hilabeteak izan ziren ideia hau errotzen eta hegemonizatzen saiatzeko une egokiena.

Laburbilduz, esan daiteke kaletik aldaketa prozesua ez zela ahal bezainbeste elikatu. Kalearen abangoardia paperaren kontzientzia ez zegoen aldaketaren aldeko jendarte sektore zabalengan errotuta. Bestalde, instituzioen eta herri mugimenduaren arteko dialektikari buruzko ikuspegi ezberdinak zeuden. Arerioa gobernuan dagoenean herri mugimenduak badaki aldarrikatzen, badaki kalera ateratzen, baina aliatuak nafar Gobernuan eta udaletan herri eragile askok ez zuten garbi eduki zer eta nola egin aldaketa prozesua nork bere esparrutik elikatzeko. Ez zen dialektika honi buruzko eztabaida fororik egon, eta eragile bakoitzak bere analisiaren arabera ahal izan zuena egin zuen.

 

«2011-2015 legegintzaldiko masa mobilizazio erraldoi haiek batez ere krisiak, murrizketek eta ustelkeriak eragindako haserreak eragin zituen, ez herri boterearen abangoardia paperaren kontzientzia masiboak»

 

Herri eraikuntzarako ireki ziren esparruak aprobetxatzearekin batera, aldaketa prozesua aurrerapausoen inguruan gehiengoak artikulatuz eta posible denaren mugak tenkatuz elikatu zitekeen. Nola artikulatzen dira gehiengoak? Jendartean, edo, gutxienez, sektore aurrerakoi ahalik eta zabalenen artean hegemonikoak diren balore eta ideietan oinarritutako aurrerapausoen inguruan indarrak biltzen saiatuz. Horrexegatik eduki zuen Altsasuko gazteen aldeko dinamikak hain arrakasta handia, joera sektarioengandik ihes egin eta jendartearen sektore oso zabalekin konektatzen jakin zuelako.

Honek ez du inplikatzen nor bere utopiari bizkarra eman behar dionik. Honek inplikatzen duena da nafar jendartea eta bere baitako dinamikak eta dialektika ulertu beharra daudela, jakiteko egungo Nafarroan nola sor daitezkeen baldintza berriak helburu eraldatzaileei begira. Batzutan historia azkartu egiten da eta garrantzitsua da halako une historikoetan jendartearen baitan ematen diren aldaketa azkarrak ongi interpretatzea, oharkabean harrapatu beharrean, azkartzea bultzatu eta bere irismena handitzeko (eta Nafarroaz ari garela, 2009-2015 epea horren adibide garbia da). Baina historiak geldialdi luzeak eta atzerapausoak ere ezagutzen ditu, eta egoera hauetan ere ezinbestekoa da jendartearen joerak interpretatzen asmatzea aurrera egiteko aukerak dituzten dinamikak, ildoak eta estrategiak planteatzeko.

 

«Nafar jendartea eta bere baitako dinamikak eta dialektika ulertu beharra daude, jakiteko egungo Nafarroan nola sor daitezkeen baldintza berriak helburu eraldatzaileei begira»

 

Prozesu politikoaren norabidea eta aldaketen sakontasuna instituzioetan dagoen indar harremanaren eta instituzioen eta kalearen arteko dialektikaren araberakoa izango da, ahaztu gabe joko zelaia definitzen duena espainiar konstituzioa dela. Egun hipotesi independentista minoritarioa baina konsolidatua izanda, inoiz herri hau jokaleku orokorra zalantzan jarri eta haustura puntura hurbiltzen hasten bagara, independentziara hurbiltzen bagara, alegia, beste aktore batzuk jokoan sartuko dira, Katalunian ikusi ahal izan dugun bezala. Epe ertainean Estatu mailan joera inboluzionistak nagusitzen badira, agian ez da beharrezkoa prozesu independentista martxan jartzea kanpo esku hartzeak Nafarroako eta, orohar, Hego Euskal Herriko dinamika politikoa baldintzatzeko.

 

 


*GARAko kazetaria, erreportai bikoitza egin zituen aldaketa aurreko Nafarroako prozesu politikoari buruz, instituzioen eta herri mugimenduaren arteko dialektikan oinarrituta: “Aquel «apartheid» monolítico y asfixiante de UPN (y PSN)”, eta “Dos giros claves en 2008-09 y una tormenta perfecta en 2015”.