SINADURAK

Irati Jimenez

Helburu politikoak feminismo honentzat

2018-09-29

Esnatu egin gara. Beste modu askotara esan daiteke baina horrela esatea ere badago. Kontzientzia feminista sortu da, orain arte nabari ez zen lekuetan. Eta indartu, orain arte bazegoenetan. Munduan zehar hainbat dira horren adibideak.

Martxoaren 8an, goizean goizetik egon ziren aldarri feministak kalean. Irudian Bilboko manifestazioaren une bat. / FOKU

Espainian 150.000 dira indarkeria matxistak urtero kaltetutako pertsonak. Eta kopurua goraka doa. Asko egin beharko litzateke munduari 'macho' hitza oparitu zion Estatua aldatzeko.


2016an, Legebiltzar Panafrikarrak debekatu egin zuen klitoriaren erauzketa. 2017an, Tunisia, Libano eta Jordanian bortxatzaileei debekatu egin zitzaien kartzela libratzeko haien biktimekin ezkontzea. Estatu Batuetan emakumeak erasotzearen apologia egin duen gizon bat daukate gobernu-buru, baina inoizko mobilizaziorik handienak egin dituzte emakumeek. Ikus-entzunezkoen industrian Me Too mugimenduak eta soldata berdintasunaren aldeko eskariak hartu dute protagonismoa eta udazken honetako hauteskundeetara inoiz baino emakume gehiago aurkeztuko dira.

Espainiako estatuan agerikoa da aldarrikapen feministek hartu duten nabarmentasuna. Martxoaren 8ko argazkiak eztabaidaezinak izan ziren. Tamalez, errealitatearen gordintasuna adierazten duten datuak ere eztabaidaezinak dira: 150.000 dira indarkeria matxistak urtero kaltetutako pertsonak. Eta kopurua gora doa. Asko egin beharko litzateke munduari macho hitza oparitu zion kultura aldatzeko. Egitura frankisten sustrai pozoituekin sortutako sistema judiziala dauka kontra, kultura politiko sexista, klase desberdintasun latzak, parekidetasuna zailtzen duten oztopo ugari.

Internazionalismo feministaren ikuspuntutik kezkaz ikusten dut Espainiako estatuko egoera. Baina internazionalismo horrek berak narama esatera hura ez dela gure plaza. Besterik merezi duten espainiar herritarrei egin diezaiekegun oparirik onena geure herri txiki hau aldatzea da. Bide horretan asmatzen duguna izango da haientzat zein munduko herrientzat ekarpenik erabilgarriena, besteen askapen mugimenduak geuretzat irakasgai diren moduan.

Hauxe da kontzientzia feminista berri honek eskatzen dituen helburu politikoak jartzeko momentua eta Euskal Herria da helburu horiek planteatzeko lekua.


Iruñea eta Euskal Herria, eredu


FOKU

Mugimendu feministak agerian utzi du gizartearen zilegitasun eza. Toxikotasuna sistemikoa dela ulertzen lagundu digu eta esker oneko izan nahi badugu, aurrera egitea dagokigu, jendarte bezala. Lege arloan zein politikoan, hezkuntzatik hasita ekonomiaraino.


Hasieran aipatzen nuen kontzientzia hori Euskal Herrian indar bereziz ernaldu da. Ezin da ahaztu gizarteak “La Manada” auzian izan duen jarrera feminista eredugarria Iruñeko udalaren aurrean hasi zela. Bortxaketaren salaketa ezagutu eta berehala, plaza hori bete zuten iruindarrek, txupinaren egunean baino jende gehiagorekin. Udalak egoera irakurtzen jakin zuen, herriaren ahots bihurtu zen eta auzibidera jo zuen. Bortxatutako emakumeak hiri bat zeukan bere alde. Eta epaiaren injustizia albiste bihurtu zenean, hiri horretatik sortutako indarrak herri bat mugitu zezakeela ikusi genuen. Martxoaren 8ko manifestazioak eta plantoak ere, Hego Euskal Herrian izan dira Estatuko beste lurraldeetan baino jendetsuagoak.

Mugimendu feministak agerian utzi du gizartearen zilegitasun eza. Toxikotasuna sistemikoa dela ulertzen lagundu digu eta esker oneko izan nahi badugu, aurrera egitea dagokigu, jendarte bezala. Lege arloan zein politikoan, hezkuntzatik hasita ekonomiaraino. Euskal Herriko jendartearen agindua ezin da argiagoa izan: aurrerapausoak nahi dira.

Eta politikak behin eta berriz frogatu duenez, agindu hori argia denean komeni zaie partiduei eta erakundeei haren esanetara egotea. Kaleak dioena hartu eta erakundeetan helburu politikoak jartzeko unea heldu da. Ezkerrari dagokio bereziki hori egitea, oldarraldi honek aldaketarako duen gaitasuna puztu bezala hustu egin litekeelako, aukerak ondo probesten ez badira. Democracia, Estado, Revolución (Txalaparta, 2016, Iratzar Fundazioarekin koedizioa) liburuan, Álvaro García Linerak irabazten ez diren borrokek arerioa indartzeko duten gaitasunaz ohartarazten digu. Berdin esan liteke eman beharreko unean ematen ez diren borrokei buruz ere. Feminismoaren uholde honek neomatxismoa esnatu du eta mugi arazten ez baditugu, egitura patriarkalak indartu egin daitezke.

Helburu politikoak planteatzeko momentua da, beraz, eta Hego Euskal Herriko erakundeak feminismora mugitzeko. Aukerak ditugu, Espainiako estatuan baino askoz gehiago legedi feministago bat izateko eta arau horiek neurriz eta diruz hornitzeko. Egia da, bizi dugun autonomismoaren inboluzio honetan, aurrerapauso horiek Madrilen atzera bota ditzaketela. Horrela bada, argazki hori aprobetxatzen ere jakin beharko dugu eta errepublika feministaren beharra inoiz baino ozenago aldarrikatzen. Feminismoa eskatzen duen herri batek ez ditu begi onez ikusiko autonomismoaren sabai patriarkalak.

Beste asko ere jar litezke baina, nire ustez, badira hiru aldarrikapen feminista gizartearen gehiengoa alde dutenak, batetik, eta urgentziazko neurriak eskatzen dituztenak, bestetik: soldata arteko desberdintasuna, lanaren eta familiaren arteko adiskidetzea edo kontziliazioa, eta genero indarkeria.


Bat: soldata berdintasuna


Mugimendu feministak beltzez janzteko eta besoko morea jartzeko deia egin zien herritarrei, greba feministarekin bat egiten zutela adierazteko. Eguerdian, hiriburuen erdigunea hartu eta eserialdiak eginez irudikatu zuten emakumeek haien esku dauden lan, enplegu eta funtzio prekarioei planto egiten badiete, mundua gelditu egiten dela. Irudian, Bilboko Moyua plazan egindako eserialdian, manifestari batek zeraman besoko morea. / FOKU

Badira hiru aldarrikapen feminista gizartearen gehiengoa alde dutenak, batetik, eta urgentziazko neurriak eskatzen dituztenak, bestetik: soldata arteko desberdintasuna, lanaren eta familiaren arteko adiskidetzea edo kontziliazioa, eta genero indarkeria.


Hiru arazo horietan lehena, soldata berdintasuna, gaur egun oraindik arazo izatea eskandalagarria da. Eta euskaldunok, bereziki, lotsatzeko modukoa. Izan ere, Espainiako estatuko beste hainbat lurralderekin alderatuta Euskal Herrian hobetu egiten ditugu langabezia tasa eta bestelako neurgailu ekonomikoen datuak, baina soldata berdintasunari dagokionean geurean daukagu, Nafarroan, Estatuko erkidego guztietako daturik txarrena. Batez-beste, lan egindako ordu bakoitzeko % 18 gutxiago kobratzen dugu andreok eta lanaldi mugatua duten kontratuen ia % 80 geuk sinatzen ditugu.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ere bada zer konpondu. 2009 eta 2015 bitartean eta urteko irabaziei begiratuta, soldata arteko desberdintasuna % 22,9tik % 24,3raino igo zen. Lan ordu bakoitzagatik kobratzen dena begiratuta, aldea txikiagoa da. Emakundek dioenez % 17,6koa 2009an eta % 12,8koa 2015ean. Orduagatik kobratzen dena hoberantz joan da, beraz, baina urte osoko aldea gaiztotu, emakumeok lanaldi mugaturako kontratu gehiago sinatzen ditugulako. Logikoa da kontutan izanda batez-beste emakumeok denbora gehiago ematen dizkiogula etxeari eta familiari.


Bi: lana eta familia adiskidetzea


Milaka herritarrek bat egin zuten greba deialdi feministarekin eta ehunka izan ziren Euskal Herri osoko kaleak hartu zituzten emakumeak. Hiriburuetan eguerdian eta arratsean egindako mobilizazioetan bildu zen jende gehien. Bilbon, esaterako, gainezka egin zuten Arriaga antzokiaren eta udaletxearen aurrekaldean. Irudian, udaletxe aurrean bildutako jendetza keinu feminista egiten. / FOKU

Ezinbestekoa dugu, adibidez, eta Istanbulgo Hitzarmenak dioen moduan, erasoak jasaten dituzten sexu arloko langileak ere genero indarkeriaren biktima moduan aitortzea.


Eustat agentziak 2016an emandako datuen arabera, genero arteko berdintasuna neurtzen duen 100 puntuko eskalan, 58,5 puntu lortzen dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak. Espainiako estatuak ia bost gutxiago: 53,6. Aldea handiagoa da, ostera, taulan puntuazio onena dutenekiko. Suediak 74,2 puntu ditu hiru dimentsio neurtzen dituen eskala horretan: ugalketa arloko eskubideak, ahalduntzea eta lan merkatuan emakumeok dugun parte-hartzea.

Ez da harritzekoa Suedia hain ondo agertzea. Besteak beste, 69 asteko amatasun baja dute. Espainiako estatuak 16, 1988an zituen berberak. Europako Batasunean, batez-bestekoa 28 astetan dago, Suediatik oso urrun baina behintzat betetzen du Nazio Batuen gomendioa: 24 aste gutxienez.

Feminitateari eta amatasunari buruz egin ditu feminismoak bere ekarpen interesgarrienetako asko. Amatasun derrigortuaren pisua salatu du, familia arteko botere harremanak ikusgai egin ditu, emakumearen hautua defenditu du. Normala da, beraz, feminista askok ama ez izatearen nahia erreibindikatzea. Aldarrikapen inportantea da, emakume horiek ahalduntzen ditu eta emakumearen leku tradizionala kolokan jartzen du.

Baina ez dezagula ahaztu norbere burua askatzeko tresna izateaz gain, feminismoa borroka kolektiboa dela eta ama diren edo izan nahi duten emakumeek eskubide ekonomikoak eta politikoak behar dituztela. Erabaki horrek ez ditzan lan merkatuan zokoratu. Erabaki hori ez dadin izan pobreziarako eta prekarizaziorako bidea zabaltzen duen hautu bat. Badakigu jakin emakumeen kasuan pobretze horrek arrisku propioak dakartzala. Bikotekide edo familia bati ezinbestean lotuta bizitzea, esate baterako, nahiz eta sistema toxikoa izan. Edo bortxazkoa. Tratu txarretatik alde egitea askoz zailagoa da norberak bere burua eta bere familia mantentzeko nahikoa baliabiderik ez duenean.


Hiru: genero indarkeria


Nekez imajinatu daiteke feminismoaren gaitasun eraldatzailea daukan mugimendurik edo hura baino humanoagorik eta justuagorik. Emakumeontzat patriarkatua kartzela terriblea da baina gizonentzat ere bai, kartzela oro terriblea den neurrian.


Tratu txarren arloan egin du gure inguruko feminismoak biderik luzeenetarikoa eta oparoenetarikoa azken hamarkadetan. Zentzu horretan, duen garrantzia aitortu behar zaio José Luis Rodríguez Zapatero gobernuburu zela onartu zen legediari. Genero Indarkeria jasaten duten pertsonak babesteko aurrerapausoa izan zen eta frankismoaren gorroto misoginoarekin apurtu zuen lege bakanetariko bat. Euskal Herrian ez dugu ahaztu Francorena ze diktadura latza izan zen nazio eta klase ikuspuntuetatik, baina gehiagotan gogoratu beharko genuke ze patriarkatu gaiztoan ito gintuen, 40 urte luzez. Eskoletan banatu gintuzten gizon eta emakumeok, Eliza boteretu, emakumeak legez adingabetu. Ordutik egin dugun bidea ahazten zaidanean amumarekin akordatu besterik ez dut. Senarraren tratu txarrak jasan behar izan zituen, hamarkadetan zehar, berak eta bere seme-alabek haurrak izan ziren bitartean. Hura hildakoan, ostera, alargundutako amumak aholku on bat zeukan niretzat; “Akordatu, Irati, orain gustukoa ez zaizun senarra aukeratzen baduzu, alda egin litekeela, ez lehen bezala”. Dibortziorik gabeko une historiko bat tokatu zitzaion, senar eskas bat, tratu txarrek izenik ere ez zeukaten sasoi bat. Gure amuma jaio zenean generoaren teoria bera oraindik garatu gabe zegoen. Etxe barruko bortxa etxe horretako kontua zen eta ateaz bestaldeko isiltasunak gordetzen zuen.

2004an -gure amuma oraindik bizi zela- Zapateroren lege hura tratu txarrak arazo politikoa zirela esatera etorri zen. Europan aitzindaria izan zen baina ordutik ibilitako bideak eta feminismoen nagusitasunak aurrerapausoak eskatzen dituzte. Gasteizko Legebiltzarrak ere halaxe onartu zuen, 2017ko otsailean, eta aho batez eskatu zion Eusko Jaurlaritzari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako lege propioa garatu zezala.

Andaluziak 2017an egin zuen bide hori eta Estatuko araua nazioartean eredu jotzen den Istanbulgo Hitzarmenaren irizpideetara moldatu zuen. Aldaketa horri esker, Andaluzian genero indarkeriak kaltetutakoak jotzen dira ez bakarrik bortxa jasan duen emakumea eta bere seme-alabak, baita ere haren kargu egon daitezkeen pertsonak. Eta salaketa egiten duen emakumeari ez zaio erasotzailearekin bizikidetzarik eskatzen legearen babesa lortzeko.

Euskal Herriak ere propioa merezi du, ondoan behar gaituzten emakumeei, haien semeei, alabei eta familiei merezi dituzten tresna politikoak, ekonomikoak, sozialak eta psikologikoak emateko. Gizarte osoak hobeto ulertzen du orain genero indarkeria zer den eta tresna hobeak eskuratu behar ditugu sistema gaizto honi aurre egiteko.

Ezinbestekoa dugu, adibidez, eta Istanbulgo Hitzarmenak dioen moduan, erasoak jasaten dituzten sexu arloko langileak ere genero indarkeriaren biktima moduan aitortzea. Lehen pausua litzateke -ez azkena- prostituzioa arautzeko bidean. Izan ere, Euskal Herrian badaukagu sexu langileei merezi duten lege izaera emateko aukera. Munduko leku askotan, Espainiako estatuan tartean, prostituzioarekin bukatzearen aldeko mugimendu abolizionistak bahituta dauka langile hauen egoerari buruzko eztabaida. Prostituzioa bidegabea dela salatuta, isilarazi egiten dituzten prostituten eskakizunak. Haien ustez, ez dute arautzerik merezi, egiten dutena ez luketeelako egin beharko. Zorionez, Euskal Herrian mugimendu krudel eta sakonki misogino honek ez dauka hegemoniarik feminismoaren baitan eta egoera hori probestu genezake emakume hauei merezi dituzten lan eta osasun arloko eskubideak aitortzeko.


Laburbilduz: hemen eta orain


Iraganeko garaipen feministei zor diegu, hain zuzen, gure artean oldartu den kontzientzia zabal honi emaitza politikoak ematea.


Aipatutako horiez gain, badira konponketak eskatzen dituzten beste hainbat alor ere, jakina. Ziur nago asko egin litekeela hezkuntza sistema feministago baterantz aurrerapausoak ematen segitzeko. Eta Irlandaren adibidea ikusita, beharbada ez genuke zertan konformatu emakumeen eskubideak horrenbeste mugatzen dituen abortu lege hipokrita batekin. Ezker abertzaleak hortxe dauka, beharbada, adibiderik onena. Sin Feinn-en eskutik -eta hark parlamentuan gehiengorik izan gabe- harritzeko moduko aurrerapauso feministak egin ditu Irlandak, emakumeen eta pertsona homosexualen eskubideak aitortzeko eta arautzeko.
Esan beharrik ere ez dago oztopoak helburuen tamainakoak izango direla. Baina nekez imajinatu daiteke feminismoaren gaitasun eraldatzailea daukan mugimendurik eta hura baino humanoagorik eta justuagorik. Emakumeontzat patriarkatua kartzela terriblea da baina gizonentzat ere bai, kartzela oro terriblea den neurrian.

Ez dakigu noraino eraman gaitzakeen feminismoaren indar eraldatzaileak baina orain arte eman diguna ikusita, baikorrak izatea baino ez zaigu geratzen. Iraganeko garaipen feministei zor diegu, hain zuzen, gure artean oldartu den kontzientzia zabal honi emaitza politikoak ematea. Hemen eta orain.