SINADURAK

Xabi Iraola Larraia

Sortuko Herrigintzako idazkaria

Harro hadi

2023-04-18

Egun batez Txikia abestiarekin “Harro hadi” kantatzen jarri gintuen Telesforo Monzonek. Saseta eta Mendizabal omenduz, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bi belaunaldi batu zituen abesti bakarrean. Askok hutsala iritziko dio hildakoei kantatzeari. Guk, aldiz, uste dugu Harkaitz Canok "Nire bi amonak" poesian idatzi bezala, hildakoak direla bizidunen begiko su.


Argazkia. Unsplash / Ran Berkovich

 

Gaur dira 50 urte poliziak Eustakio Mendizabal Benito Txikia Algortan hil zuela. 29 urte lehenago Itsasondon jaioa. Etxetik jaso zuen Euskal Herriarekiko maitasuna. Francoren diktadura garaian egin behar izan zituen bizitzako lehen urteak. Lazkaoko beneditarretara bidali zuten ikasketak egitera. Egonaldi hartan irakurri zituen liburuei zor zaie euskararekiko eta euskal kulturarekiko izan zuen maitemina.

ETAren sorrerak eta Txabi Etxebarrietaren heriotzak astindu zuten politikoki. Garai eta giro batek. Nazio suspertze baten erdian batu zen Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokara. Hil zuten egunean berarekin zen Jose Manuel Pagoaga Peixotok definitu bezala, “ereintza aro” bete-betean.

Lur eman ziotenean, hala oihukatu omen zuen batek: “Hemendik aterako ditun/k ernamuinak!”. Mende erdi geroago, amaitu gabeko aberri bat jaso dugu oinordetzan. Eta hura maitatu, askatu eta eraikitzeko aukera. Belaunaldi hark erein egin bazuen, guk estatu bat eraikitzeko egitekoa dugu. Haiek erein zutelako dugu guk estatu bat eraikitzeko aukera.

 

«Aktibista zen ororen gainetik. Jakitun zen borrokak bizitza eman eta heriotza ekarriko ziola; hala esaten zuen sarri. Pentsalaria ere bazen. Garaiko ETAren pentsamenduaz eta bereaz galdetuta, “hizkuntzak ematen duena”, erantzungo zuen.»

 

Aukerak, baina, ausardia eta berrikuntza eskatzen ditu derrigor. Bide eta molde propioak aurkitzea. Garaira egokitutako nazio bulkada bat martxan jartzea: herri anbizioa igoz, egitura nazional berriak sortuz, nazio harrotasuna berreskuratuz, eremuz eremu mugarri berriak jarriz... Horretarako, batetik, abertzaletasuna eta independentismoa modu egokian josten asmatu behar dugu. Bestetik, independentismoa elikatuko duen abertzaletasun garaikidea eraiki behar dugu.

Naziotasunaren auzia subiranotasunarekin uztartuta egon ohi da. Nazioek haien berezitasunen eta identitatearen jabe izanik, kasu gehienetan, estatu subirano bat erdiesteko asmoa izaten baitute. Halaber, naziotasunak ez du subiranotasuna garantizatzen.

Aitzitik, argi izan behar dugu ideia hau: abertzaletasuna ezinbestekoa da independentismoarentzat. Gaur-gaurkoz, independentzia nahi izateko arrazoi nagusia abertzale sentitzea da. Horregatik, hori errefusatzeak ez lioke mesede egingo independentismoari. Ezta abertzaletasunari independentismoa errefusatzeak ere. Independentismoa ere beharrezkoa baita abertzaletasunarentzat.

 

«Euskal independentismoan, nazioaren eta burujabetzaren inguruko eztabaida piztu da. Bistan da estatu propio baten alde egoteko, abertzale izateaz gain, beste arrazoi batzuk egon badaudela eta horiek ere landu behar direla.»

 

Euskal nazio proiektu bat garatu nahi duen hark estatu bat beharrezkoa du. Azken hamarkadetan ikusi baitugu garapenerako baldintza egokiagoak izan dituztela estatu egiturak izan dituzten nazioek, horiek izan ez dituztenekin alderatuta.

Uztargarri egin behar ditugu; elkar elikatzen duten prozesu gisa pentsatu. Horretarako, nahitaezkoa da independentismoa elikatzeko abertzaletasuna birpentsatzea. Zenbait oinarri mantenduz, beste zenbait eraberrituz. Nondik berritu, ordea? Maialen Lujanbiok duela lau hilabete eskas Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela irabazi berritan honela hasi zuen bukaerako agurra: “Herriak ta hizkuntzak zuten norantzari / gai geyo lotu zaio lehengo ardatzari”.

Hor, hitz gutxitan, berritzearen funtsa: abertzaletasuna egungo erronkei eta olatu berdinzalearen balioei lotzea. Feminismoaren, ekologismoaren, eskubide berdintasunaren, justizia sozialaren, demokraziaren, antifaxismoaren... balioekin lotzea, alegia. Nahi bada, orain arte baino sakontasun handiagoz. Mugimendu horien agendetan euskara eta euskal kultura kokatuz. Eta alderantziz, euskararen, euskal kulturaren eta euskal nazioaren agendara borroka horiek ekarriz.

 

«Berritzearen funtsa: abertzaletasuna egungo erronkei eta olatu berdinzalearen balioei lotzea. Feminismoaren, ekologismoaren, eskubide berdintasunaren, justizia sozialaren, demokraziaren, antifaxismoaren... balioekin lotzea.»

 

Txikiaren heriotzak etsipena eragin zuen. Dena amaitu zela sentitu zuten askok. Itsasoak une oro harro egoterik ez duen bezala, pertsonok sinesteari ere uzten diogu tarteka. Itsasoak barealdiak nola, pertsonok ere behar izaten ditugu parentesiak. Minak osatzeko, blokeoak apurtzeko eta konfiantza berreskuratzeko. Normala da. Hori da bizitza.

Bizitza sinestea ere bada. Gugan eta Gu-an sinestea. Gure historia idazten jarraitzea. Bidezidor sinplea bainoago, bide konplexua hautatzea. Objektiboki komeni zaigunari adina subjektiboki nahi dugunari aditzea. Zaintzarako eta gerrarako deiei; biei, baietza ematea. Sabai zurien gainetik zeru izartsua imajinatzea. Arnasaldi bakoitzean mugarik gabe amestea. Hainbestetan amestu duguna eraikitzea.

 

«Oroitzapenen kutxarako oroitzapen berriak sortzea. Erromantiko zaharren gisan, Kantauri ertzean “Harro hadi” kantatzea.»

 

Errua eta damua gure hiztegitik ezabatzea. Ausartzea. Suarekin erretzea. Sentimenduak ez iranztea. Ikastea eta desikastea. Irabazi arte galtzea. Parentesien ostean, hasiera zahar eta bide berrietara itzultzea. Elkarren urratsen pausoan ibiltzea. Aurrez posible izan ez zena posible egitea.

Oroitzapenen kutxarako oroitzapen berriak sortzea. Erromantiko zaharren gisan, Kantauri ertzean “Harro hadi” kantatzea.Sor dezakeguna zeinen eder den ondotxo dakigulako, behar den aldiro joango gatzaizkio kantari; Algortan ez ezik, Orion, Hendaian eta Hondarribian. Maite dugun artean, borrokatzeko arrazoiak badaudelako.