SINADURAK

IƱaki Lizundia Alvarez

Sortuko kidea

Gure energia-mendekotasuna: Iberdrola eta Repsolen papera (I)

2022-11-22
ES   

Hego Euskal Herriko energia-politikari buruzko errepasoa duzue idatzi hau. 60ko hamarkadatik aurrerako zikloari erreparatuko diogu. Batez ere energiaren eskala handiko ekoizpenari buruzko erabaki nagusietan jarriko dugu begirada, oligarkiaren interes ekonomikoek eta Espainiako Estatuaren energia-oligopolioa osatzen duten enpresek zehaztu baitituzte energia politika nagusiak.


Argazkia. Unsplash / Robin Sommer

 

Bi une nagusik eragin dute egun bizi dugun egoera energetikoa: batetik, 60ko hamarkan, ikatzaren, petrolioaren eta nuklearraren alde egindako apustuak, eta bestetik, 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000koaren hasieran, ikatzaren ordez gasa jartzeko erabakiak.

 

1. 60ko hamarkan, ikatzaren, petrolioaren eta nuklearraren aldeko apustua

60ko hamarkadan, 70eko hamarkada hasierara bitartean, eskala handiko ekoizpen-ahalmena handitzea izan zen helburua, industria-garapenari eta energia-kontsumoaren gorakadari aurre egiteko. Une horietan indarrean zen erregimen politiko frankista, eta oligarkiak zuen botere ekonomikoa zein erakunde politiko guztien kontrola. Muina Negurin zuen oligarkia hark erregimen frankistaren erabaki asko baldintzatu edo zuzenean hartzen zituen. Bereak ziren alkateak eta Espainiako Gorteetako diputatuak, Bizkaiko Diputazioa kontrolatzen zuten, portuetako batzordeak beste hainbeste... Aldi berean, bere negozio garrantzitsuenak Estatuko bandera nagusiak ziren: AHV, Banco Bilbao, Banco Vizcaya, Iberduero, Hidrola eta El Correo Español.

50eko hamarkadaren amaieratik 70eko hamarkadaren hasierara bitartean, oligarkiaren lehentasunetako bat izan zen energia eskala handian sortzea. Alde batetik, merkatu elektrikoa lurralde-eremu ezberdinetan banatuta zegoen, eta enpresen artean banatu zuten mapako gune jakin bakoitzaren kontrola. Hego Euskal Herriaren kontrola Iberdueroren esku gelditu zen. Ordura arte bere jarduera nagusia energia hidroelektrikoa ekoiztea zen, batez ere Duero ibaiaren inguruko ur-jauzien kontrolari esker. Petrolioaren sektoreari dagokionean, INH (Instituto Nacional de Hidrocarburos) izeneko monopolio estatalak kontrolatzen zuen bereziki, CAMPSA bere enpresa-markaren bitartez.

Bizkaiko oligarkiaren interes ekonomikoak nagusitu ziren energiaren ekoizpena handitzeko proiektuetan, hiru apusturen bidez: energia termikoa ekoiztea izan zen lehen apustua. Ikatza erabilita, hiru zentral termiko handi eraiki eta martxan jarri zituzten: Burtzeña III (aurreko termikoa handituta), Santurtzi eta Pasaia. Bigarren apustua Bizkaian petrolio-findegi bat jartzea izan zen, Petronor izenekoa, Muskizen. Horretarako inbertsio publikoa funtsezkoa zen, besteak beste, Abrako superportuan petrolio-ontzientzako kai-muturra eraikitzea aurreikusi baitzuten.

 

«Bizkaiko oligarkiaren interes ekonomikoak nagusitu ziren energiaren ekoizpena handitzeko proiektuetan, hiru apusturen bidez: energia termikoa, nuklearra eta petroleoa»

 

Hirugarren apustua energia nuklearraren aldekoa izan zen, Nuclenor sortuz Garoñako zentrala martxan jartzeko. Horrez gain, beste lau zentral nuklear eraikitzeko egitasmoa jarri zen martxan: Lemoizen, Ea-Ispasteren, Deban eta Tuteran. Proiektu bakoitzaren tamaina ikaragarri handia zen, eta egitasmo hura ezartzeak bi gauza eragingo zituen, batez ere: batetik, energia-ekoizpenaren erabateko kontrola, eta bestetik, politika publikoak proiektu horien mende jartzea. Kontuan hartu beharra dago Bigarren Mundu Gerraren ostean energia alorrean gasaren erabilerak gora egin zuela.

Baina Espainiako Estatuan oraindik ez zen gasaren aldeko apustu irmorik egin, 60ko hamarkadan Arabako gas-hobi batean eginiko ustiapena izan ezik. Izan ere, euskal oligarkek S.N. de Petroles d'Aquitanie proiektuaren berri zuzena izan zuten, Biarnoko Lacqeko eremua aurkitu zutenekoa, gas horren zati bat merkaturatzeko. Oligarken ikatz- eta petrolio-interesek aukera hori baztertu zuten. Izan ere, oinarrizko euskal industria erregai horien gainean zetzan.

Nuklearra, termiko-ikatza eta petrolioa ekoiztearen bueltan oinarritu zuen oligarkiak, beraz, Hego Euskal Herrian bere energia-negozioa, bai merkatua kontrolatzeko, bai Espainiako kapitalismo monopolistaren eredua inposatzeko. Energia ez-berriztagarrietan oinarritutako eredua zen, ingurumen-inpaktu handia izango zuena.


 

1.2. Petrolio-nuklearraren aldeko apustuaren bilakaera

60ko hamarkadaz geroztik, energia alorrean eginiko apustu bakoitzak garapen propioa izango zuen. Apustu nuklearra Lemoizen aurkako herri-borrokak baldintzatu zuen, ingurumen-kalteak, etorkizunerako hipoteka eta herritarrentzako benetako arrisku handia baitzekartzan. Lemoiz geldiaraztearekin gure herriak kalte berreskuraezinak izatea saihestea lortu zen. Hala ere, Garoña 1971n abiaraziko zuten, eta beraren bidez negozioa egin 42 urte baino gehiagotan.

Petrolioaren erabilerak gure herriaren politika baldintzatuko zuen, Muskizko petrolio-findegia dela-eta. Bizkaiko oligarka talde ezagun baten amets handienetako bat izan zen hori. Petrolioa fintzeko tokiko proiektu izatetik negozio ezberdinen proiektu global bat izatera igaro zen. Petronor-Repsol taldeak izango zuen kontrola, erabakiak hartzeko orduan eragin handiena duen enpresa oligopolistetako batek.

1973ko petrolio-petrolioaren mundu-krisia lehertzean, findegiak une zailak bizi izan zituen, baina negozio gisa indartzea lortu zuen, bere lehen birmoldaketaren bidez. FCC edo cracking katalitiko proiektua eraikitzeak dibidendu ekonomikoak biderkatu zizkion 80ko hamarkadaren hasieran.


Argazkia. Unsplash / Riccardo Annandale

 

1.3. Iberdrola eta Repsolen posizioa indartuz

80ko hamarkadan prozesu ekonomiko eta politiko garrantzitsua gertatu zen, Espainiako Estatua Europako Ekonomia Erkidegoan sartzean, egun Europako Batasuna den horretan. INHren estatu-monopolioa birmoldatu beharra zegoen liberalizazioari aurre egiteko. Estatuaren apustu politikoa enpresa pribatu bat eratzea izan zen, petrolio alorreko boterea ia modu monopolistikoan kontzentratuko zuena, Espainiako merkatura irits zitezkeen gainerako enpresei aurre egiteko.

Horrek Repsolen posizioa indartzea ekarri zuen, multinazional gisa eta Estatuko enpresa pribatu gisa. Aldi berean, Repsol pixkanaka sartu zen Petronorren akziodunen artean, harik eta 1989an, BBVren (Banco Bilbao Vizcaya) akzioak saltzean, akziodun nagusi bihurtu arte eta erabakiak hartzen dituena bilakatu arte.

 

«Petronor Bizkaiko oligarka talde ezagun baten amets handienetako bat izan zen»

 

Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, negozio elektrikoan, produkzio- eta mozkin-iturri nagusia termikoak izan ziren aldi horretan, Garoña ahaztu gabe. 1991n, bat egin zuten Iberduerok eta Hidrolak. Alde batetik, negozio elektrikoa kontzentratzeko egin zen bategitea. Bestetik, merkatu elektrikoaren birmoldaketa-liberalizazioaren aurrean posizioa hartzeko egin zen: birmoldaketa 1996-1997 urteetan hasi bazen ere ondorengo hamarkadetan jarraituko zuen.

Beste modu batean esanda: 90eko hamarkadan sendotu ziren Iberdrola eta Repsol. Oligopolio energetikoaren bi enpresa nagusiak erabakigarriak izango ziren Euskal Herrian. Euskal industriaren birmoldaketaren urteak ziren. Eta birmoldaketak ere energia-alorrari eragin zion, gure herriko oinarrizko industria ikatzaren eta petrolioaren mende baitzegoen erabat. Esate baterako, Bizkaiko Labe Garaiak ixtean, eta haien ordez altzairugintza trinkoa ezartzean, langileak murrizteko prozesua gauzatu zen eta ekoizpen-jarduerak kontzentratu. Gerora, altzairugintzaren oinarria elektrikoa izango zen.
 

1.4. Klima-krisia, kezka-iturri munduan

Garai hartan, ingurumen-kezkak indarra hartzen hasi ziren, garapen-eredu honek munduko biztanleak kale itsu batera garamatzalako planteamenduak indartu ziren. Kolapso nuklearrarekiko kezkak indarra hartu zuen mundu osoan, eta zentral nuklearrak irekitzea zalantzan jarri zen herrialde gehienetan.

1979an ere kezka eragin zen munduaren beste kolapso batek: klima-aldaketak. 1979an, Klimari buruzko lehen Mundu Konferentzia egin zen, eta klima-aldaketa premiazko arazo global gisa identifikatu zen. Orduan, gobernuei erronka horri aurre egiteko dei egin zieten. Ordutik, nazioarteko konferentzia ugari izango ziren gaia aztertzeko. 1988an, atmosfera babesteko konbentzio-marko bat garatzeko deia egin zen. Horrek 1995eko Kiotoko akordioak ekarriko zituen.

Garai hartan, energia berriztagarrien ikerketan eta diseinuan lehen aurrerapen handiak egin ziren, batez ere eskala handiko ekoizpenaren alorrean, energia eolikoaren bidez. Horrela, 1982an, Europako lehen parke eolikoa eraiki zuten Grezian.

Energia berriztagarriei dagokienean, euskal enpresa batek posizio interesgarria lortu zuen hasieratik, Gamesak. 90eko hamarkadaz geroztik Iberdrolaren partehartzea dauka. 1994an eolikoen atala garatzeari ekin zion, eta hurrengo urtean Euskal Herriko lehen parke eolikoa inauguratu zuen Nafarroako Erreniegan.

 

«Horrenbestez, duela 30 urte bazeuden politika aldatzeko kontzientzia eta energia berriztagarrien abiapuntu teknologiko on bat, baina berriztagarriak eta ekologia ez ziren interes ekonomikoentzat negozioa egiteko lehentasun»

 

Argazkia. Unsplash / Patrick Federi

 

Sasoi hartako eskala handiko ekoizpenean, garrantzi handia hartuko zuen gasaren erabilerak, baina berandu iritsiko zen gurera, gainerako herrialdeek Bigarren Mundu Gerraren ostean ekin baitzioten erabiltzeari. Esan daiteke Estatuko beste leku batzuetan baino beranduago hasi ginela hemen gasa erabiltzen. Gasaren negozioa Enagas enpresaren mende gelditu zen, Espainiako oligopolioko kideen esku, Bizkaiko oligarkiaren kontrolpetik kanpo.

Euskal Herrian, gasaren erabilerak indarra hartu zuen Bizkaian, Estatu osoko hobirik handiena aurkitu eta ustiatu zutenean: La Gaviota, Bermeo inguruan. Baina garai hartan, gure herriak ez zuen hornidura-egiturarik prest, ez eta industriarik hobi hartatik ateratakoa egoki baliatzeko. Izan ere, aurretik ez zen energia-plangintzarik egin.

1985 eta 1992 bitartean, gas-hobia errendimendu betean egon zen, eta onuradun nagusia, berriz ere, Repsol enpresa izan zen. Gaur egun ere azpiegitura energetiko garrantzitsua da, Estatuko gas-biltegirik handiena baita. Enagasek kontrolatzen du 2010ean Repsolek saldu zionetik.

1987tik aurrera hasi ziren etxeetara gasa eramateko lehen planak diseinatzen. Ordura arte bigarren mailakotzat zuten gasa eta 60ko hamarkadan baztertua zuten negozio-modu gisa. Une hartatik aurrera petrolio eta ikatzaren ordezkotzat jotzen hasiko ziren zen, eta 2000ko hamarkadaren hasiera markatuko zuen.

 

«Horrekin batera, 78ko Erregimeneko erakunde berriak, autonomikoak barne, energia-merkatuaren kudeaketan beren erantzukizun-zatia izaten hasiak ziren, baina beti ere enpresen mendeko posiziotik ariko ziren»

 

Ez zituzten enpresak behartu plangintzetan interes orokorra lehenesteko dibidenduen aurretik. Beraz, negozioen erreztaile gisa jardungo zuten, erabakitzeko ahalmen autonomoa duten eragile gisa baino gehiago. Eusko Jaurlaritzaren lehen buruko min handietako bat izan zen Lemoizko proiektuari erakutsitako babesa. Azkenean, argindarraren fakturan ordaindu behar izan dugu zor ekonomiko handi hura.

Une batzuetan, 80ko hamarkadako nahiz 90eko amaierako eztabaida politikoan, Euskal Herriaren mendekotasun energetikoari eta, beraz, subiranotasun energetikoaren garrantziari aurre egiteko beharra mahai gainean jarri bada ere, inoiz ez da prozedura eraginkorrik ireki gaia bideratzeko, konponbideak bilatzeko eta are gutxiago konponbide horiek behar bezala eramateko.

 

TWITTER