SINADURAK

Asier Ventimiglia Iñarra eta Beñat Irasuegi Ibarra

Ernai eta TEKS elkarteko kideak

#GlovoEz!

2021-12-22

Gure herri eta auzoetako denda txikiak erreleborik gabe ixten ikusten ditugun garaian, multinazional handiek pantailen bidez lortu dute gure denbora eta arreta bereganatzea


Argazkiak: #GlovoEz

 

Joko zelaia aldatzen ari da kapitalismoaren baitan. Mundu globalizatuaren lotura merkantilizatuak dardarka dauden garaiotan, inoiz baino barrurago sartu zaizkigu kapitalismo digitalizatuaren multinazional erraldoiak. Gure herri eta auzoetako denda txikiak erreleborik gabe ixten ikusten ditugun garaian, multinazional handi hauek pantailen bidez lortu dute gure denbora eta arreta bereganatzea.

Baditugu bi adibide oso ikusgarri, gure lurraldeak beraien aberastasunaren metaketa handitzeko helburu bezala identifikatu dituztenak, Amazon eta Glovo. Biek informazio bektoreak erabiltzen dituzte, herritarron kontsumo ohituretatik erauzitako informazioari esker, balio kateen kontrola hartu eta lehenagotik lurraldean existitzen den ehun ekonomikoa ordezkatzeko.

 

«Glovok, bildutako datuekin tokiko ekonomia ordezkatzen du, kostu baxuko ekoizpen eta banaketa egiturak sortuz, dark kitchen eta dark store deiturikoen bitartez.»

 

Biek gure ohiturak aldatu eta informazio fluxuen jabe egitea behar dute, tresna digitalen bitartez, baina biek lurraldean jokatzen dute beraien estrategiaren arrakasta. Amazoni aurre egitea da, datorren hamarkadako herri erronka nagusietako bat, baina bitartean ahulagoak eta partzialagoak diren Glovo bezalako proiektuei aurre egiten, asko ikasi dezakegu. Glovok ere lurraldea behar du, gure hiri, auzo eta herrietako kaleetan egin behar baitu jarduna. Kontsumitzaileak, tokiko negozio txikiak eta prekarizatutako langileak behar ditu APP batenbitartez antolatutako prozesuetan, informazioa erauzi eta azken miliako balio katearen nagusitasuna lortzeko.

Prozesu argia da [IKUSI INFOGRAFIA], App-aren bitartez komertzio eta ostalaritzaren konplizitatea bilatzen du, etxean kontsumitzeko ohitura sortuz.

 

 

Banaketa ahalik eta kostu txikienean egiteko riderrak lortzen ditu, beraien arteko konpetentzia sustatu eta erregulaziotik kanpoko lan prekarizatuak sortuz. Erabiltzaileen kontsumo ohitura eta logistika datuen erauzketa eta analisia egiten du. Bildutako datuekin tokiko ekonomia ordezkatzen du, kostu baxuko ekoizpen eta banaketa egiturak sortuz, dark kitchen eta dark store deiturikoen bitartez. Ikusi dugu gainera Glovo Euskal Herriko hirietatik, maila ertaineko herrietara pasatzen ari dela, eredua aplikatzeko kontsumitzaile masa handiagoen bila.

Estrategiak ahulgune nabarmenak ditu, ordea, lurraldean harreman eta egiturak sortu behar dituelako, eta hor komunitatea antolatu dezakegu. Orereta/Errenterian abiatutako #GlovoEz! kontra-estrategiak bi lan lerro eta hiru hartzaile dauzka. Alde batetik #GlovoEz lan ildoa jarri dute martxan eta bestetik #Ziklologistika Kooperatiba Bai. Bi kasuetan hartzaileak riderrak, tokiko denda eta ostalaritza, eta herritarrak dira. Hainbat ekimen egin dituzte.

 

«Amazoni aurre egitea da, datorren hamarkadako herri erronka nagusietako bat, baina bitartean ahulagoak eta partzialagoak diren Glovo bezalako proiektuei aurre egiten, asko ikasi dezakegu.»

 

Glovoren kartelen gainean “Ez erabili app esplotatzailerik” eta ondoan “riderra izan nahi baduzu batu, antolatu eta kooperatibizatu. Zure eskubideek merezi dute!” kartelak jarri eta sare sozialetan zabaldu dituzte; ostalari eta dendariei bideratutako kanpaina, galdetegia eginez beraien ikuspegi eta beharrak jakiteko, eta “hemen ez da glovorik sartuko” kartela jartzeko atxikimendua neurtuz; tokiko banaketa kooperatiba bat sortzeko azterketa eta harremanak egiten hasi gara.

55 negoziotan egindako lehen kanpainak emaitza esanguratsuak eman ditu [Datu guztiak https://t.me/glovoEz Telegram kanalean]. %80ak ekimenaren kartela jarri du, %47ak banaketa zerbitzuaren beharra ikusten du, %13 da Glovoren aldekoa eta ordezkatuko lukete tokiko proiektu batengatik.

 

«Gure herrietako bizitza okertzen duen plataforma kapitalismoari aurre egiteko aukera dago, baina erantzuteko moduak moldatu beharko dira»

 

Oreretako ekimenaren datuek erakusten dute #Ziklologistika Kooperatiba Bai ildoaren beharra. Lanketa abiatu dute, Euskal Herrian CoopCycle App kooperatiboa erabiltzen duten ziklogistika proiektuak ezagutu, eta tokiko proiektu bat sustatzeko asmoz. Helburu argia da, Glovo Euskal Herriko herrietako kale eta harremanetatik atera, eta identifikatutako behar komunitarioei proiektu publiko-komunitario-kooperatiboekin erantzutea. Bide horretan aipagarria da Gasteizko Eraman kooperatibaren kasua.

Gure herrietako bizitza okertzen duen plataforma kapitalismoari aurre egiteko aukera dago, baina erantzuteko moduak moldatu beharko dira, plataforma logikak ulertu eta estrategia banatu eta zehatzak garatuz. Espero ez gaituzten tokietan agertuko gara.