SINADURAK

Iker Eizagirre, Andoni Olariaga, Joseba Permach, Floren Aoiz

Iratzar taldeko kideak

Gizonak grebaren aurrean

2023-11-21

Azaroaren 30ean zaintza eskubide kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra izango da Hego Euskal Herrian. Emakumeak* zein gizonak gaude deituak grebara, alegia, jendarte osoarentzako greba orokorra izango da.


Argazkia. Unsplash / Kid Circus

 

Aitortza batetik hasi nahi dugu gogoeta hau: gizonen artean badugu joera feminismotik datozen aldarrikapenak partzialak bezala ulertzeko. Joera esplizitua ala inplizitua izan daiteke, baina halaxe izan ohi da. Hain zuzen, aurreko jarrera munduan egoteko modu bat da, kultura honetan jaio eta hezituak izan garen heinean gainean daramagun ikuspegi heteropatriarkala da, finean. Gogoetaren abiapuntua hori izan behar da.

Abiapuntua hori izanik, iruditzen zaigu greba honek jendarte berri batera bidean duen gaitasun inpugnatzailea ez ulertzea errealitate sozialaren analisi kamuts baten ondorioa baino ez dela. Zaintzaren auzia borroka partzial bezala irudikatzea gizon txuri eta heterosexualok batailaren zentrotik alde egiteko daukagun erresistentzien erakusle baino ez da. Izan ere, berdin eman beharko liguke bandera gorria, berdea edo morea soinean eramatea mundu justuago baten eraikuntzan aurrera urratsak emateko aukerak baleude. Kasu honetan, ez dago errotiko proposamen inpugnatzaile honek bezala horrenbeste jende mobilizatu eta sektore artikulatu dezakeen beste mugimendurik gaur gaurkoz Euskal Herrian. 

Aurrekoa dela eta, zer da gizonek greba honen aurrean izan beharreko jarrera? Hasteko eta behin, protagonismorik ez izatea dagokigu, baina aldi berean, jarrera aktiboa izatea. Jarrera aktiboa izatea ez da lehen lerroan egotea, baizik eta gizon bezala dagozkigunak egitea, inori itxaron gabe. Aurreko ideia horri tiraka, iruditzen zaigu baditugula egiteko eta desegiteko korapilo argiak, grebara bidean bai, baina baita grebaz harago ere. Lehenik eta behin, ezin dugu greba hau gurekin ez doan ekimen bat balitz bezala hartu. Arduraz jokatzea dagokigu, berekoikeria baztertu, mugimendu feministak bultzatutako ekintza kolektiboak lehenetsi eta greban aktiboki parte hartuz. Eta bigarrenik, mugimendu feministak bidea jada erakutsi duelarik guri dagokigu aginduak edo argipenak jaso gabe gauzak aldatzeko borondatea erakustea. 

 

«Gizonok ere hartu dezagun dagokigun ardura eta parte hartu dezagun greba honetan protagonismorik gabe baina aktiboki»

 

Gure betebeharra da greba hau antolatu (lehen lerroan egon gabe) eta ondo atera dadin ahalbidetzea. Izan ere, hau ez da emakumeen greba edo kontu bat, guztiona baizik. Grebaren planteamendua prozesu bat dela ulertzen dugu, ez soilik egun bat, aldaketa kultural eta politiko oso bat dakarren prozesu bat baizik. Horrek, gizonon aldetik epe laburrerako eta epe ertain-luzera egin beharrekoak uzten dizkigu. Batetik, grebaren potentzial iraultzailea ulertu eta gizonon papera ongi ulertzea eta barneratzea dagokigu, horrek militantzia eredura ekartzen dituen aldaketak ulertu eta barneratzea. Bestetik, epe ertain luzerako bataila bati ekin behar diogu, orain arte egin ez dugun indarrarekin; betaurreko moreak jantzi eta gizontasun hegemonikoaren deseraikuntzan pausuak azkartzeko garaia da.

Gaur egun kolektibo eta indibiduo bezala sufritzen dugun zapalkuntza aldeanitzeko sistema honi aurre egiten dion mugimendu eta agenda apurtzaileagorik ez dago, bizitza eta kapitala oposatuz lehenengoaren alde saretzen eta artikulatzen den mugimendu feminista baino. Elkar zaintzen duen Euskal errepublika bat bada guztion zerumuga, hurrengo greba feminista orokorrak gure lehentasuna behar du izan. Beraz, gizonok ere hartu dezagun dagokigun ardura eta parte hartu dezagun greba honetan protagonismorik gabe baina aktiboki.