SINADURAK

Xabier Landabidea

Deustuko Unibertsitate irakaslea

Fikzioa eta emantzipazio borrokak

2020-04-23

Fikioaren bidez amesten ditugu bestelako gizarteak, bestelako gizalaba eta gizasemeak. Fikzioa behar beharrezkoa dugu ez soilik errealitate gogorregitik ihes egiteko (eskapismoa) edota inoiz guztiz helduko ez garen zerumuga utopikorantz ibiltzen jarraitzeko (astoari aurrean jartzen zaion azenarioa bezala). Fikzioa beharrezkoa zaigu errealitateari berari zentzua emateko.


 

Fikzioa garrantzisua da

Fikzioa borroka eremua da

Fikzioa emantzipaziorako arlo bezala landu dezakegu

 

Istorioen bidez ematen diogu forma eta zentzua munduari. Izena ematen diegu gauzei eta berehala nahasten asten gara biak, gauza eta izena. Astelehena esaten diogu ordu zehatz batean esnatu, irteteko prestatu eta lanera joan behar izateari. Herri esaten diogu gure burua baino handiagoa den eta inoiz ezagutuko ez dugun jende multzo konplexu eta anbiguoari…

Errealitatea ez dugu bere horretan eta zuzenean ezagutzen. Mitoz eta istorioz, heroiz eta bilauz, garaipen eta porrotez blai ezagutzen dugu eta zalantzan jartzen dugu errealitatea. Horregatik iruditzen zait garrantzitsua, funtsezkoa, potentzialez betetakoa fikzioa: errealtzat duguna ulertu eta eraldatzeko funtsezko aldagaia, funtsezko planoa, funtsezko ardatza delako.

Fikzioa da maitasun erromantikoa eta fikzioa da kapitalismo berdea. Fikzioa da sozialismo utopikoa eta fikzioa da Euskal Herria askatua. Fikzioa da gizarte (jendarte?) feminista eta fikzioa da anarkismoa. Fikzioaren bidez irudikatzen ditugu gaur egun, eta batez ere, gure emantzipaziorako moduak ezezik helburuak.

Fikziozko bi lan ekarri nahi ditut gaur hona. Telesail bat eta rol joko bat ekarri dizkizuet: Westworld eta Degenesis.

 

Westworld (2016-2020)

Michael Crichtonek zuzendutako filman (1973) - bai, Jurassic Park-eko Michael Crichton -  oinarritutako HBO telebista ekoiztetxe entzutetsuaren zientzia fikziozko super-ekoizpena.

Sistema errepresibo perfektua jolas parke bat izan daitekeela erakusten digu telesail honek. Plazerra eta jokoa oinaze eta tortura existentzialean oinarrituta. Batzuen plazererako besteen tortura. Zientzia fikzioa noski, errealitatean oinarririk batere ez duen distopia hutsa.

Westworld ikus-entzunezko testu konplexua da. Kipula baten geruzak (edo Adimen Artifizialaren eremu fikziozkoetan txipli-txapla ari garela Matrioshka burmuin bezala egituratutako narrazioa. Geruza bat ulertzen duzunean hurrengo geruzara bidaltzen zaitu telesailak, aurrekoa problematizatuz, hedatuz, zalantzan jarriz erreala eta simulatua, artifiziala eta naturala, ametsa eta memoriaren arteko dantza eder baina terriblean.

Westworld, finean, askatasunaren eta erantzunkizunari buruzko fikzioa da. Borroka dago bere muinean: biolentziaren izaeraren inguruko hausnarketa fantastiko edo, zehatzago esanda, zientzia fikziozkoa. Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen, eta auto-kontzientziaren garapenak inplikazio etiko eta politiko indartsuak ditu. Mundu osoa dardarka jartzeko bezain indartsuak.

 

Azpimarratzekoak

  • - Adimen artifizialaren garapenak eta autokontzientziak dakartzan inplikazioen esplorazio uste baino konplexuagoa.
  • - Ikus-entzunezko formaren aldetik lan ezin ederragoa.
  • - Denboraldi bakoitzak (oraingoz 3) aurreko denboraldia problematizatzen du, irakurketa geruza berri bat eskainiz.
  • - Dolores Abernathy eta Maeve Millay pertsonaien dizdira. Interesgarria protagonistarik garrantzitsuenak emakumezkoak izatea gainera.

 

Degenesis (2014-2020)

Agian ohikoagoa da bideojoko edo eleberri bat gomendatzea halakoetan, baina gaur rol joko bat ekarri nahi izan dizuet. Rol joko alemaniar bat, zehazki. Degenesis jokoa 2004an argitaratu zuten Christian Günther eta Marko Djurdjevic-en artean. Baina gomendatu nahi dizuedana 2014an argitara ekarri zuten Degenesis Rebirth (birjaiotza) edizioa da.

Labur esateko: apokalipsia 2073an gertatu zen. Eskatoia. Meteorito erraldoi bat atmosferaren aurka desintegratu zen, eta haren zatiek lurraren aurka jo zuten indar osoz… giza zibilizazioaren amaiera ekarriz. Bostehun urte igaro dira, 2595. urtea da, eta gizateria ez da hil. Aldatu egin da.

Degenesisek mundu hautsi, zikin, aldatu bat proposatzen digu taldean abentura eta istorioak bizitzeko eszenatoki gisa. Ezagutzen ditugun nazioak desagertu egin dira. Haien ordez 5 kultura handi sortu dira Europan: Borka, Polen, Franka, Hibrispania eta Baljan. Amerika eta Asiaz ez dakigu ezer, baina Afrikaz bai. Afrika da orain ia denaren jaun eta jabe.

Post-apokalipsia beraz, eta bertan guda eta aliantza joko amaigabean kolektibo ezberdinak: Spitaliarrak (gurutze gorriaren eboluzio militar-faszistoidea), Kronikariak (interneta berriro piztu nahi duten geek teknologikoak), Helvetiarrak(alpeetako mertzenario ustez neutralak), Epaileak (Justiziano hiri handiko epaimahai, epaile eta borrero armatuak), Klanak (Europako herri zaharren ondorengoak), Txatar-biltzaileak (iragan mendeetako teknologia berreskuratzen diharduten oportunistak), Neolibiarrak (Afrikar kapitalista berriak), Zigortzaileak (Afrikaren atzapar motorizatuak), Anubiarrak (Egiptoko heriotzaren gurtza… edo beste zerbait?), Jehammedarrak (Azken profetaren jarraitzaile tradizionalistak), Apokaliptikoak (plazer eta krimenaren trafikanteak), Anabaptistak (Demiurgoaren aurka gerran dauden gnostiko berriak) eta Zurbilak (lurrazpiko tuneletan mendeetan biziraundako arraza misteriotsua).

Eta noski… izarretatik etorri zen beste zerbait hori. Espazioko espora horiek. Eboluzioan mutazioak  eragiteko gaitasuna duen sustantzia hori. Erredura. Homo Degenesis edo psikonauten fenomenoaren atzean dagoen fenomeno izugarria.

Degenesis mundu oso bat da. Gurea (ez) bezalako mundua, esploratzeko, zeharkatzeko, borrokatzeko, irabazteko eta galtzeko planteatua, lagun talde bat eta dado batzuk baino eskatzen ez dituena ehunka, milaka istorio diferente bizitzeko.

Badu gainera abantaila bat joko honek: anti-manikeoa da. Ez dago arrazoia edo egia osoa duen kolektibo edo kulturarik. Ez dago herri aukeraturik. Ez dago erabat gaiztoa edo erabat ona den inor. Existentzia gogorra, bidegabea eta biolentoa da 2595ean. Denok kutsatuta gaude, eta denok gaude kondenatuta. Eta again hor datza esperantza. Emantzipazioa etortzekotan konplexutasunetik eta diferentziatik datorrela planteatzen duen lana da Degenesis. Sinplekeriak bizirauten lagun zaitzake… baina ez zaitu askatuko.

Inoiz rol jokorik zabaldu ez baduzue, ez izan zalantzarik: sartu webgunean, eman izena eta deskargatu liburuak. Baietz harritu.

 

Azpimarratzekoak

  • - Jokoaren mekanika sinplea den arren (6 aldeko dadoak erabiltzen dira) mundu konplexua aurkezten du. Murgilketa eta konpromisoa eskatzen ditu, baina trukean unibertso aberats eta interesgarri bat eskaini jokalariei.
  • - 2020ko apirilean argitaratutako material guztia sarean askatzea erabaki du Six More Vodkaestudioak. Den-denaa haien webgunean aurkitu daiteke, doan deskargatzeko moduan: http://degenesis.com 
  • - Liburu fisikoen produkzioaren kalitate maila inoiz ikusi dudan altuena da. Arte liburuak dira.
  • - Testu idatzitik beste formatoetara ere saiakerak egin dituzte (ikusi Multimedia atala webgunean)