SINADURAK

Elena Beloki Resa

Sortuko Nazioarteko Arduraduna

Ezkerretik segurtasuna hizpide

2022-07-05

Ukrainaren inbasioak sortu duen testuinguru belikoan segurtasuna hizpide nagusietariko bat izan da. Segurtasuna gerrarekin, gastu militarrarekin, boterearen elite zuriarekin, armen industriarekin, mugekin eta mehatxuarekin lotu izana mehatxuetatik babesteko defentsa militarra eta poliziala izan du ardatz. Eredu hau hegemonikoa da gure jendarteetan eta eskuinak defendatzen duen proiektu politikoaren zutoin inportantea eta bateratzailea da.


Argazkia: Scott Webb, Unsplash

 

Ezkerreko tradizioan, aldiz, segurtasuna deserosoa izan den auzia da, batu baino zatitu egiten duen faktorea. Segurtasun global eta lokala mantentzen duten eragile eta egitura desberdinen kritika zorrotza egitera mugatu du ezkerrak bere zeregina urteetan, elite ekonomiko eta estatalen defentsarako egiturak direla aldarrikatuz. Ez zaio arrazoirik falta izan. Baina segurtasunaren gaia askoz harago doa, eta ez dago segurtasunaren kontzepzio bat eta bakarra. Nolanahi ere, segurtasuna ikuspegi emantzipatzaile batetik pentsatzeko beharra dauka ezkerrak gaur. Izan ere, indar eraldatzaileek, estatua eduki zein ez, planteamendu alternatibo propioen beharra dute, berandu baino goizago.

60. hamarkadan jadanik arestian aipatu dugun segurtasun kontzeptu hegemonikoaz zalantzak agertu baziren ere, 80. eta 90. hamarkadetan kritikak eta zalantzak areagotu ziren, segurtasunean oinarritutako politika kapitalista eta patriarkal horiek giza talde ezberdinetan eta ingurugiroan segurtasun eza sortzen zutelako finean, adibiderik argiena NATO dugu. Hori dela eta, Nazio Batuetako hainbat batzordek eta programek estatuaren mugen defentsa militarra gainditu eta pertsonen defentsara zabaltzeko beharra agertu zuten.

 

Errealismo politikoak bideratu duen segurtasunari buruzko ikuspegi klasikoak, herritarrengan baino estatuetan jartzen du arreta.

 

Mundua aldatzen hasi zen eta gerra hotzaren bukaerak horretan lagundu zuen. Armagabetzearekin loturiko Segurtasun Amankomuna ezagutu genuen, Etorkizun Komuna ingurumena eta garapenarekin loturikoa edo gertuago zaigun Giza segurtasuna, estatuak ahaztu gabe segurtasuna, pertsonen behar eta askatasunetan arreta jartzen zuena.

Garai horretan ere, feminismo akademiko eta militanteak segurtasun politiko eta militarraren nagusitasuna kritikatu zuen, erreferentzia-objektua estatutik haratago eramanez, eta generoa analisi kategoria gisa erabiltzeko beharra aldarrikatuz, indarkeria-adierazpenen oro ikusgai izateko. Segurtasunaren ikuspegia, hortaz, estatuaren defentsa hutsetik, jendartearen, ekologiaren eta generoaren kezkaz bustitzera pasatzen hasi zen.

 

Segurtasuna ikuspegi emantzipatzaile batetik pentsatzeko beharra dauka ezkerrak gaur.

 

2001eko irailaren 11tik aurrera (AEBko dorre bikien kontrako erasoarekin), ordea, segurtasunaren kontzeptu klasikoa militarizatu egin zen, eta munduan zehar barreiatu. Aldi berean, ikuspegi alternatiboen eskutik, bestelako ereduak ezagutu ahal izan genituen. Ideiak argia zirudien: segurtasuna pertsonen edo talde konkretu batzuen eskubide eta askatasunen kontrola eta murrizketak suposatzen zuten ulermen paradigma kritikatu eta jendartearen aldaketa sozialaren beharra aldarrikatzen zuten proposamen horiek. Horrela osatu ziren segurtasun askatzailea, segurtasun berdea, segurtasun post-koloniala, nortasunean, boterean eta espazioan oinarritzen den segurtasun post-estrukturala...

 

Segurtasun global eta lokala mantentzen duten eragile eta egitura desberdinen kritika zorrotza egitera mugatu du ezkerrak bere zeregina urteetan.

 

Ezkerreko indarrek teoria hauek eskaintzen dituzten lanabes analitikoak eta euren diagnostikoak aztertu eta baliatu dituzte orduz geroztik. Baina zantzu guztien arabera, 2 ezkerreko indarren gabezietako bat orden neoliberalaren kritikara (Chadka Beheera, Ticknern, Hinds 2021) mugatzea izan da, alegia, aldatu nahi den orden sozialaren alternatiba eta hau sostenga dezakeen marko legal bat ez dela gaur gaurkoz osatu.

 

Argazkia: Israel Palacio, Unsplash

 

ETA ORAIN ZER?

Krisi politiko, bio-sozial eta ekonomikoaren testuinguru honetan COVID19ak eta Ukrainako gerlak segurtasuna birpentsatzeko beharra areagotu dute. Birusak osasun krisiaren aurrean gizateriaren zaurgarritasuna erakutsi du, segurtasun eza esponentzialki handituz. Eta gerlak, halaber, pertzepzio hori areagotu du, gerla orok suposatzen duen suntsiketaz gain, elikaduraren hondamendia, arma nuklearren arriskuen sofistikazioen ugaltzea eta hauen hedapenen kontrako itunaren baztertzea eta NATOren azkartzea (militarki, marko legal propio bat garatzen eta pandemia, energia edota elikaduraren esparruak barnebiltzen) suposatu duelako. Segurtasunaren alderik bortitzena bakearekin parekatuz.

 

Ezkerreko indarrek, alderdiek, zein herri mugimenduek, gaur gaurkoz, ez dute pertzepzio eta segurtasunkontzeptu alternatibo bati buruzko helburu konpartiturik.

 

Egoera honen aurrean ezkerreko indarrek, alderdiek, zein herri mugimenduek, gaur gaurkoz, ez dute pertzepzio eta segurtasun-kontzeptu alternatibo bati buruzko helburu konpartiturik. Edo bestela esanda, ez dute segurtasunaren kontzeptu klasikoaren kritikatik haragoko segurtasun integrala barnebilduko duen eredurik proposatu. Ikuspegi ezberdinak, kontraesan gatazkatsuak eta jarrera politikoen gabeziak nabariak dira oraindik. Horren adibide garbia da Ukrainako erasoaren karira esparru desberdinetan mantendu dituzten jarrera antagonikoak, izan armen bidalketaz edota NATOrekiko jarreraz. Beste hainbeste Errusiarekiko zigor ekonomikoak, migrazioaren auziaren kudeaketa, mugen kontrolak, ekologia zein zaintza lanak, EBren eta Errusiaren, Txinaren, AEBen eta NATOren arteko harremanak… Gai horien inguruan dauden aburu eta proposamenak amaigabeak dira, baina indar hauek ez dira gai segurtasunaren kontzeptu klasikotik aldendu eta beste eredu integral eta global bat proposatzeko.

 

Errealismo politikoak bideratu duen segurtasunari buruzko ikuspegi klasikoak, herritarrengan baino estatuetan jartzen du arreta.

 

Eztabaida horrek, ordea, gure garaiaren konplexutasuna islatzen du, pertsonen benetako segurtasun-beharrekin erlazionatuta dagoen eztabaida azaleratzen du. Europako segurtasunaren definizio murritza eta sekuritarioa gainditu beharko genuke, eta segurtasunaren kontzeptu iraunkor baten lanketa zehaztera bideratu indarrak. Izan ere, segurtasuna jendearen bizitza duinarekin eta zoriontsuarekin lotu beharko genukeelako, ez da ala?

 

 

NOLA EGIN HORI, ORDEA?

2020ko udaberrian ezkerreko Transform Europe sareak esparru aurrerakoietako akademiarekin, alderdiekin zein herri mugimenduekin eginiko mintegian, segurtasun alternatibo batez pentsatu eta definitzeko hiru zailtasun esparru zehaztu zituen: legea betearazteko boterea edo nazioarteko marko legal loteslea eta konplexu militarindustrialaren nagusitasuna, kapitalismoaren zein kolonialismoaren gatazkek klima-aldaketaren eta injustizia globalean duten erantzukizunari buruzko jarrerak, eta ezkerraren barruko iritzi, jarrera eta hurbilpen diferentziak.

 

Segurtasun kolektibo eta globalaren ikuspegitik argudiatzeak aukera ematen du ezkerrak egungo politika eta egitura antagonikoei aurre egiteko alternatiba bideragarri eta sinesgarri batekin, eta ezberdintasun askoren benetako segurtasun kezkak jorratzen dituena.

 

Behin oztopo gorriak identifikaturik, ondorengo etapak Segurtasun-kontzeptu holistikoa definitzea izan zitekeela jakitun, segurtasunaren kontzeptua berresanahitzeko beharra ikusi zen. Aipaturiko mintegian ezkerrak segurtasun kolektiboko planteamenduak bultzatu behar dituela argudiatu zen. Giza segurtasunetik harago doana eta XXI. mendeko erronkei ekiten diena.

Agenda komun zehatzago baten garapena lehen urrats praktikoa izan daiteke, ez bakarrik segurtasunaren kontzeptua zuzentzeko modu ezberdinei dagokienez; baita egungo segurtasun praktikak erreformatzeko eta armagabetze nuklearraren aldeko jarrera lotesleak izendatzeko ere.