SINADURAK

Andoni Olariaga

Ezkerreko infantilismoaz

2020-01-23

Duela 96 urte hil zen Lenin, gaurko egun batean. Azken urteetan aski aipatua izan da La enfermedad infantil del izquierdismo en el comunismo liburuan egin zuen ezkerreko infantilismoaren kritika.

Badaude ezkerreko tradizio politikoan ematen diren eztabaidetan maiz errepikatzen diren kritika jakin batzuk, eta azken hau horietako bat da. Kritika horiek, normalean, norberaren erabaki politikoak justifikatze aldera egiten dira, bestearengan akatsa ikusiz, eta norberarengan, bertutea. Izan dogmatismoa, pragmatismo erradikala, efikazia eza, infantilismoa edo errealitatea eta norberaren desioak nahastea, guztiok guztioi leporatzen dizkiogunak dira aurrekoak.
Baina zer zen Leninek zehazki kritikatzen zuena? Arrazonamendu akats batez mintzo zen bertan, galdera bati tiraka: parlamentu burgesetan parte hartu behar ote da? Baziren hainbat ezkerreko mugimendu parlamentarismoa historikoki iraungita zegoela aldarrikatzen zutenak, eta, beraz, horietan parte hartu behar ez zela ziotenak. Haien iritziz, parlamentarismoak ez ditu langile klasearen auziak konpontzen, parlamentuak eliteen mesederako arauen pean funtzionatzen dutelako. Leninek, galdera tiraka eta erantzunak analizatuz, infantilismoaren logika erakusten saiatu zen.
Galderak, ordea, bestelakoak izan daitezke. Distantziak gordez, ezker independentismoaren munduan, ondokoa izan da azken galdera potoloa: parlamentu espainolean parte hartu behar ote da? Gobernu “aurrerakoi” bat ahalbidetu behar ote zuen EH Bilduk espainiar parlamentuan? Galdera horiei ematen zitzaien ezezko erantzun gehienak, aurreko termino berberetan egiten ziren: Espainiar estatua erreformaezina da; PSOE eta Podemosek ez dute nazio auzia konponduko, eta abar.
Okerrak ote dira erantzun horiek, bai Leninen kasukoak zein oraingoak? Bada, ez, eta bai. Ez dira okerrak, analisi hori partekatzen dutenentzako: alegia, ezker independentistak argi dauka, espainiar estatua erreformaezina dela, gobernu “aurrerakoi” honek ez duela eskaintzarik termino demokratikoetan nazio auzia konpontzeko. Modu berean, Leninek bazekien, parlamentuak eliteen mesederako arauekin funtzionatzen zutela, eta ados egon zitekeen, parlamentarismoa, agortua egon litekeen instrumentu bat delako ideiarekin.

Zein da problema orduan? Zein da infantilismoa?

Sinplea da: nola esan daiteke parlamentarismoa iraungita dagoela, oraindik milioika langile parlamentarismoaren aldekoak badira, eta parlamentarismoa haien auziak konpontzeko jokalekutzat hartzen baldin badute? “Ezkertiarrek” haien desira, haien ideal politikoa, errealitate objektibotzat hartu dute; eta hori da, Leninen ustez, iraultzaile baten akatsik larriena; hori da infantilismoa. “Se trata precisamente de no creer que lo que ha caducado para nosotros haya caducado para la clase.” Alegia, parlamentu hori disolbatzeko eta beste ordenamendu bat ezartzeko indarrik ez dagoen bitartean, dio Leninek, betebeharra duzue horietan lan egitera, horietan parte hartzera, hain zuzen, horien mugak eta iraungitasuna demostratzeko, ideia hori praktikara eramateko. Hori egin ezean, hitzontzikerian erortzeko arrisku guztia dago.
Eta gurera etorriz; gobernu aurrerakoi bat ahalbidetu behar ote zuen EH Bilduk espainiar parlamentuan? Espainiar estatua erreformaezina ote da? Bada, errealitatea, alegia, jendartearen gehiengo zabal batek erreformagarria dela pentsatzen du, eta horregatik, besteak beste, dira hauteskundeetako emaitzak egun direnak. Euskal Errepublika ote da jendartearen behar sozial eta nazionalak asetzeko tresna egokia? Hori nahiko genuke jendartearen gehiengoak pentsatzea. Kontua ez da, ordea, hori sinesten dugunon artean sineste ariketa sendoagoak egitea, hori praktikara eramateko baldintzarik baldin ez badugu, orain ez dugunez. Kontua, aldiz, bestelakoa da: jendarteak sentitu behar du, euskal errepublika dela bere eguneroko aferei irtenbidea emateko bide posiblea. Eta gakoa da, horretarako, jendarteak berak atera behar duela ondorio hori, gorputzean sentitu behar duela. Bitartean, guri estatu bat sortu eta kudeatzeko erronketarako prestatzea dagokigu, oraindik ez baikaude prest.

Beraz, galdera sinplea da: nola egingo dugu, jendarteak ondorio hori atera dezan?

Gogoratu behar da postmodernoei esaten zaigula ideia hutsekin errealitatea aldatu nahi izaten dugula, errealitate materialari ez diogula gehiegi erreparatzen, alegia. Bada, kuriosoki, postmodernokeri eta idealismo okerrena infantilismo horretan dago: gure proiektu politikoaren beharra eta bestearenaren inbiabilitatea praktikan demostratu baino, ideologikoki eta hitzez demostratu daitekeela pentsatzen baitu, jendartearekin biderik egin gabe.
Guk pentsatzen duguna errealitatetzat jo eta jendea ekuaziotik ateratzea da infantilismoa. Jendarteak gure proiektu politikoarekin bat egin dezan, jendarteak berak sinesten duen horren posibilitateak praktikan jarri behar dira, are gehiago, konbentzituak bagaude horien gauzatzea ezinezkoa dela, praktikan bertan demostratzeko, eta gure proiektu politikoa bideragarritzat hartu dadin. Eta jendea gure proiektu politikora erakartzeko, sinesgarritasuna izateko, ibilbide horretan lagundu behar zaio jendarteari; ezin da kanpotik, purrustaka, proiektu horren inbiabilitateaz hitz egiten egon etengabe, eta halaxe ulertzen ez duena, tontotzat jo; eta inbiablea dela “demostratzen” denean, jendeak gure ondorio bera aterako duela eta gure atzetik etorriko dela pentsatzea. Horrela pentsatzea infantila da.
Ez du balio, gure artean zerbait ebidentetzat jotzea eta gehiengoak horrela pentsatzen ez duelako purrustaka aritzea, mendi puntatik behean daudenei zarataka puntara ahalbait lasterren igotzeko eskatuz. Tamalez, espainia erreformaezina dela demostratu egin behar da, ez termino teorikoetan (hori egina dugu aspektu askotan), baizik eta azalean sentitu behar du jendeak. Guk jendartea ondorio hori ateratzera eraman behar dugu, eta horretarako eman beharreko pausu taktiko egokiak eman behar dira.