SINADURAK

Mikel Irastorza

Euskalgintzako militantea eta Sortuko kidea

Euskararentzat Herri giro berri bat Ipar Euskal Herrian

2023-11-20

Ipar Euskal Herrian sozialki eta politikoki haizeak euskararen alderantz jo dezakeela dirudien honetan, bertako indarren arteko adostasuna eta ekintza batasuna izan beharko lirateke euskalduntze prozesua ufatzeko estrategiaren osagaiak. Hots, euskalgintzaren eta hautetsien artean ondoko urteei begirako bide partekatu bat garatzea, bakoitzak dagokion funtzio eta arduratik betiere.


Argazkia. Wikipedia Commons / Korrika-ren lekukoa. Remigio Mendibururen "eskultura". 05/08/2017. Azkue fundazioa

 

Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko, sustengu sozial eta politiko handiarekin, hamarnaka mila pertsona mobilizatu ginen azaroaren 4an Bilbon. Berriki aurkeztua izan da 2024an ospatuko den Korrika eta berriz ere milaka izanen gara euskalduntze prozesuaren alde Irundik Baionarat Euskal Herria luze zabalean zeharkatuko dugunak. Herri honek hamaika aldiz azaldu du euskararekiko duen atxikimendua. Euskarak batzen gaitu.

Hari horri tiraka, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoari erreparatzen badiegu, ohartuko gara azken hamarkadan euskara sustatzearen kontrako jarrera %7an apaldu dela. Halaber, 2021ean egin zen VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, hiru lurraldeetako biztanleen %60 baino gehiagok interes handia edo oso handia adierazten du euskararekiko. Datu ona da hori, garai batez euskara soilik abertzaleentzat baitzen garrantzitsua eta egun, jendarteko beste sektore zabalek bere egiten dute. Haatik, aldekotasuna funtsezkoa bada ere, ez da aski hizkuntza baten normalizazioan aitzina egiteko.

Izan ere, euskararen egoerak ilunetik gehiago du argitik baino. Aipatu inkestak erakutsi zuenez, euskal hiztunen proportzioa apaltzen ari da hiru lurraldeetan. 51.500 euskaldun leudeke, hots, herritarren %20,1. 2016ko azterketan baino ehunka lagun batzuk gehiago, baina hazkunde demografikoa dela eta, proportzionalki gero eta gutxiago. Argiago ikusteko, duela hamar urte baino 15.000 erdaldun gehiago dago, 400 euskaldun gehiago baizik ez eta euskaldun hartzaileak berriz, 2.300 gehiago. Tendentzia baikorragoa suma daiteke belaunaldi gazteenen artean, baina hala ere, ikasturte honetan, derrigorrezko hezkuntzan ikasten duten ikasleen %68k ez du harremanik izanen euskararekin. Begien bistakoa da egoera honen ardura nagusia frantses Estatuarena dela, baina euskaltzaleok gure buruari galdegin beharko diogu zertan behar dugun gehiago asmatu.

 

«Aldekotasuna funtsezkoa bada ere, ez da aski hizkuntza baten normalizazioan aitzina egiteko»

 

2017an sortu zen Euskal Elkargoak urtebete berantago euskarari aitortza eman zion, haatik, horrek ez dakar ezagupen ofizialik, egun, frantsesa baita hizkuntza ofizial bakarra. Legez euskara ez da existitzen eta erakundeek ez dute betebeharrik hizkuntza politika plantan ezartzeko mementoan. Politika boluntarista da egun indarrean dena.

Horren kudeatzaile den Euskararen Erakunde Publikoaren berritze prozesuaren erdian garela, euskalgintzak 2050erako euskal hiztunen %30era heltzeko helburua proposatu du. Hainbat hautetsik – ez denak abertzaleak – bat egin dute jauzi hori egiteko ideiarekin. Gisa horretako apustuak, guztiz bestelako estrategiak, hizkuntza politika, planifikazio zein baliabideak galdegingo lituzke. Baita konpetentzia instituzional gehiago eta babes legala ere. Ildo horretan, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak euskararen ofizialtasunaren alde agertu eta hura Parisen defendatzeko asmoa azaldu du publikoki.

 

«Euskal Elkargoak urtebete berantago euskarari aitortza eman zion, haatik, horrek ez dakar ezagupen ofizialik, egun, frantsesa baita hizkuntza ofizial bakarra»

 

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herrian sozialki eta politikoki haizeak euskararen alderantz jo dezakeela dirudien honetan, bertako indarren arteko adostasuna eta ekintza batasuna izan beharko lirateke euskalduntze prozesua ufatzeko estrategiaren osagaiak. Hots, euskalgintzaren eta hautetsien artean ondoko urteei begirako bide partekatu bat garatzea, bakoitzak dagokion funtzio eta arduratik betiere.  

Anbizioarekin jokatzeak euskararen ezagupen ofiziala, murgiltze ereduaren orokortzea, helduen euskalduntze eta alfabetatzearen hedapena edota euskararen erabilera zabaltzeko neurrien inguruan dinamika zabal bat lortzea eskatzen du. Eta hau mobilizazio, kanpaina eta iniziatiba berriekin karrikara, jendarteko esparru guzietara eta instituzioetara eramatea. Ez da lubakien garaia. Giro berri bat behar dugu, Herri ikusmolde zabala, borondateak batuko dituen gehiengo bat. Euskara herritar guzien hizkuntza dela zabaltzeko eta euskalduntze prozesuak behar duen astinaldia eragiteko.