SINADURAK

Edurne Benito del Valle

Soziologoa

Euskal unibertso berria amestuz

2022-07-19

Bada azken boladan indarrez suspertu den kezka bat: nazio pultsuarena. Asko dira honen inguruan egin diren gogoeta, eztabaida saio edota irakurketak, gaia lehentasun bihurtu delarik. Hain zuzen, XXI. mendeko nazio askapenaren abagunean, euskal identitate indarberritu baten beharrizana sentitu baita; funtsean, Euskal Herriko borroka ezberdinak ardaztuko dituen subjektu abertzale eta garaikide baten premia.


Argazkia. Bizkaian langileen borrokaldia irudikatzen duen obra. Egilea: Vicente Cutanda y Toroya, 1892.

 

Hala, ez dira gutxi izan bide ezberdinetatik auzia mahaigaineratu dutenak, eremu akademikoetatik hasita, ekinbide politikoetaraino. Askotariko begiradek gaia aberasten dute, hamaika ikuspuntu ezberdin aurkitu ditzakegularik - nahiz eta, noski, inork irtenbide magikorik izan ez. Iritzi-saltsa horren aurrean, bada, Bizkaiko errealitatetik erreparatzeko intuizio partekatua gero eta biziagoa izan da azken urteetan. Behingoz intuizioari gorputza eman, eta Bizkaia Hari Gorria dinamika aurkeztu dugu, hasierako kezka horretatik tiraka, hainbat mahaingururi bide emanez. Solasaldi horietatik entzundakoak eta nik ekarritakoak uztartuz, ideia batzuk partekatu nahi nituzke zuekin lerrootan.

Hasteko, metaforikoki nazioa unibertso bat bezala ulertzen dugula azpimarra nahi dugu. Alegia, nazioa ez izate itxi bat bezala, ezpada mugimenduan dagoen prozesu ireki eta dinamiko baten gisan baizik, osagai eta ezaugarri ezberdinak barnebiltzen dituena. Naziogintza terminoak horri erantzuten dio, egunero egiten eta desegiten den prozesua nola, nazioa eta gintza elkartuz. Hala, nazio narratibetan hariak berebiziko garrantzia dauka: iragana orainaren lotzen duen continumm-a baita nolabait nazioa, borondate artikulatu historiko bat eta borondate hori egikaritzen duen narratiba bat, orainari eta etorkizunari erantzuten diona, baina iraganean akuilu bilatzen duena ere.

 

«Hain zuzen, XXI. mendeko nazio askapenaren abagunean, euskal identitate indarberritu baten beharrizana sentitu baita; funtsean, Euskal Herriko borroka ezberdinak ardaztuko dituen subjektu abertzale eta garaikide baten premia.»

 

Bizkaian azken horrek berariazko ezaugarriak ditu. Eta agian, aitortza batekin hastea litzateke errealistena, izan ere, Bizkaia ez du soilik hari gorri batek zeharkatzen. Bestela esanda, kolore askotako hari ezberdinen saretzearen lekuko izan da muga-lurralde hau; muga fisiko eta sinbolikoa, askotariko identitate, fluxu eta aldarriren elkarbizitzak eta gatazkak egon baitira, horietako batzuk oinarri eraldatzaile batetik sortutakoak (tartean, industriarekin lotutako errebolta guztiak) eta beste batzuk ez hainbeste (tradizioari lotutakoak, ez tradizioa berez atzerakoi izateagatik, Bizkaian izan duen pultsio eraldatzaile baxuagatik, baizik). Herrialdean bizitako guztiak sortzen du Bizkaitar “gu”tasun bat, propioa, esperientzia orok bere eran eragina baitu Bizkaitik eraiki nahi dugun subjektu askatzaile horretan. Denak uzten duenez arrastoa, abiapuntua Bizkaiko aniztasuna onartzea da, eta hortik egitea aurrera.

Aniztasun horren baitan, euskaldun gisa jardutea urte luzez errebeldia ariketa bat izan da, bereziki, Bizkaia aski ezaugarritzen duen metropoli-aldean eta haren mendebaldeko lurralde periferikoetan. Sarriren esanetan oinarrituz, normaltasunaren kontra joateko modua izan da, hots, inposatutako molde horien kontra egiteko bidea. Hala, gatazka biziki azaleratu baten testuinguruan, lubakian mantentzeko markoa eskaini du naziogintzak, borroka bati edo besteari eutsiz,  gizartearen  askapenaren alde egiteko esparru praktikoa. 

Beraz, hariaren baitan, atzo gaur bezala, euskal naziogintzaren ezaugarri nagusiak, besteak beste, feminismoa, ekologismoa, euskal kultura eta langile borroka izan dira, klase borrokaren aurpegi desberdinak. Baina, balioak berdinak izanik ere, ez dirudi komunikatzeko gaitasun bera dugunik, izan neoliberalismoaren azelerazio bortitzagatik, izan egoera egoki irakurtzeko zailtasunak izan ditugulako. Beraz, hemendik aurrera, zer komunikatu baino, nola komunikatu jakitea izan daiteke gakoetako bat. Geuri buruari galdetu beharko genioke ea jendearengana heltzeko gaitasuna dugun, inguruko aniztasuna kontuan hartzen dugun edota zein izan daitezkeen pultsio nazionala pizteko palanka-aldarri lekutuak. Hau da, naziogintza Bizkaian nola itzuli daitekeen hausnartzea dagokigu berriz ere, “gu” berri bat eraikiz.

 

«Bizkaia ez du soilik hari gorri batek zeharkatzen. Bestela esanda, kolore askotako hari ezberdinen saretzearen lekuko izan da muga-lurralde hau; muga fisiko eta sinbolikoa, askotariko identitate, fluxu eta aldarriren elkarbizitzak eta gatazkak egon baitira, horietako batzuk oinarri eraldatzaile batetik sortutakoak (tartean, industriarekin lotutako errebolta guztiak) eta beste batzuk ez hainbeste (tradizioari lotutakoak, ez tradizioa berez atzerakoi izateagatik, Bizkaian izan duen pultsio eraldatzaile baxuagatik, baizik).»

 

Euskaldunako emakumeak protestan itxieraren aurka. Argazkia: Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentala

 

Aipamen honek, ordea, ez ditu bi oinarrizko egitate ukatu behar, hasiera batean kontraesankorrak diruditen arren:

Alde batetik, arestian babestutako mugimendu  anitz eta aglutinatzaile baten apustuak ez baitu bigarren plano batean kokatzen identitate sendo baten beharra. Esan nahi baita, apustu kuantitatiboen izenean ez direla balio eta erritoak bidean galdu behar; akaso, berreraiki beharko dira, baina egun ere, ziurgabetasun garaiotan zinez garrantzitsua izan daiteke jendeari babes-leku egonkor bat eskaintzea. Hau da, jendearekin komunean egoteko espazio bateratu bat, dakigun bezala, soilik kolektiboan bilakatzen baikara nor.  

Beraz, azaldutako bi mutur horien arteko tentsio orekatuan egon beharko gara etengabe jolasean, askotariko sektoreen arteko elementu amankomunak zoru partekatuak beharko baititu: hain zuen, nortasun bat eskainiko diona kideari, kultura oso eta ezberdin baten parte bilakatu duena. Horrela, aniztasun horretatik eratorritako ezein borroka sozial, gurean identitate nazionalarekin bat egin behar du. Eta esan bezala, Bizkaian badugu esperimentatzeko aukera nahikoa; lurralde honen baitan gurutzatzen diren hamaika ezberdintasunak eta haiekiko ditugun hartu-emanak ondo ulertu, eta eraldaketaren aldeko marko erakargarri bat eraiki behar dugu. 

Bestetik, ordea,  kultura edota marko alternatibo baten eraikuntzak ez du esan nahi egituretan eragin behar ez dugunik, identitateen inguruan ari bagara, hautua ez baita dena. Hau da, kolektibo baten parte aukera pertsonal baten ondorioz bilakatu gaitezke, identitate horrek gure beharrizanak asetzeko gaitasuna badu, adibidez. Baina badaude era berean, egunerokotasunean jarduten duten dispositibo indartsuak, sinbolikoki eta materialki gugan eragin handia dutenak eta beraz, gure identitatea ere baldintzatzen dutenak. Gizartean dauden boteregune formal eta informalak kontuan hartu behar ditugu, biak ala biak izango dira beharrezko borroka esparruak fase politiko honetan. Bizkaian badaude herri-kulturaren parte diren ikur garrantzitsuak – kirola, kultur ekimenak, etab.-, gizartean zentralitate handia dutenak. Agian, gaur gaurkoz, kontraesanak sortuko zaizkigu eta deseroso izango dira, baina, eredu berriak sortzearekin batera, sinbolo berrien berdefinizioa bultzatu beharko dugu, Bizkaitartasun berri bat sortuz.