SINADURAK

Eulate Zilonizaurrekoetxea

LAB Industria federazioko idazkaria

Euskal langileak, irabaziko dugu! TUBACEX-en auziaz

2021-03-22

Sistema honek krisialdi ziklikoak ditu eta, nola ez, krisialdi bakoitzean nork bere posizioa ahalik eta hobekien defendatzea izaten dugu helburu. Nabaria da, krisialdi berri honetarako, kapitalak denbora zeramala prestatzen; altzairuari muga-zergak, dieselaren iruzurra, digitalizazioa, autogintzaren gainbehera, Airbus eta Boing-en arteko gerra... Badirudi, COVID-aren izurritea une egokian iritsi zaiela batzuei eta, nola ez, aukera hori probestu nahi dutela.


EAEko Lehendakaria 2016an Tubacex-eko OCTG planta bisitatzen. Wikipedia Commons / Zarateman. Portadako argazkia. Unsplash / Enrique Vidal Flores

 

Gamesa, Gestamp, Alestis, ITP, Aernnova edota Tubacex ez dira edonor; ez Euskal Herrian ezta mundu mailan ere. Ez dira ere urte txar bat izan duten enpresak, baizik eta aurreko urtean baino gutxiago irabazi dutenak, ez die COVIDak eragin, diru gosea da. Horietako bakoitzak artikulu propioa beharko luke, baina gaur Tubacex-en gertatzen ari denaz idazteko eskatu didate.

Badakizue Tubacexek 6 lantegi dituela Euskal Herrian? Eta horietako 3tan kaleratu nahi dituztela langileak? Bai, Tubacex TTI Laudio, Tubacex TTI Amurrio eta Aceralava lan zentroetan. 1963an sortu zuten konpainia, eta 1970ean Espainiako poltsan kotizatzen hasi zen. 1975ean lehen bulego komertziala ireki zuten Ameriketako Estatu Batuetan. Hau da, Euskal Herrian metatutako aberastasunari esker, Euskal Langileen lanari esker, munduan hedatzea lortu zuten.

Hala ere, zer da edo zertarako da bulego komertziala? Bulego Komertzialak, mundu zabalean zehar dauden delegaritzak dira. Beraiek erosten dituzte lehengaiak jatorrizko herrialdeetan eta gero Euskal Herriko lantokiei saltzen dizkiete (garestiago noski!); Amurriko lantokiak, adibidez, bere lehengaien %83 erosten die horrelako bulegoei; edo beste datu bat, irabazitako 100 eurotatik 5 langileetan inbertitzen da eta 76 lehengaietan. Lehengaietan aurrezterik ez ote dago? Argi dago behintzat langileetan egindako inbertsioa ez dela arazo nagusia.

 

«Badakizue Tubacexek 6 lantegi dituela Euskal Herrian? Eta horietako 3tan kaleratu nahi dituztela langileak?»

 

Saldu ere bide beretik egiten dute, beste atzerriko delegaritza batzuk dituzte horretako. Laudioko lan zentroak bere salmenten %55 bulego horiei egiten die. Zergatik ez ditu Tubacexek lehengai horiek zuzenean erosten eta azken produktua zuzenean saltzen? Argi dago, katearen puntu ezberdinetan Euskal Herriko bi lan zentroei balioa kendu nahi dietela, eta hori da onartu ezin duguna. Amurrio eta Laudioko lan zentroak “gaizki” daude baina Tubacex taldea oso ondo doa, normala horrelako azpi-jokoak eginda.

Hala ere, bi lan zentroak ekonomikoki gaizki daudela ez da egia borobila, patronalaren marasma sare horien gainetik, bi kasuetan, 2016tik enpresaren emaitzak positiboak izan dira eta maniobra fondoa (likidezia) positiboa daukate; hau da dirua badago. Non inbertitu nahi duten galdetu beharko dugu, azken urteotan 8 milioi baino gehiago banatu baitituzte dibidendutan.

Luze eta zabal jarraitu dezakegu, akzioak saldu dituztela esanez, nork eta zenbat eurotan erosi dituen azalduz, EBIT-da (zerga eta interes aurretiko irabaziak) positiboa dela... baina ondorio berera iritsiko ginateke; TUBACEXen ez dago inor kaleratzeko arrazoirik!

 

«Non inbertitu nahi duten galdetu beharko dugu, azken urteotan 8 milioi baino gehiago banatu baitituzte dibidendutan.»

 

Hori argi ikusi dute langileek eta borrokatzea erabaki dute. Goizetik eta gauera, beraien lanpostuengatik eta bailara osoaren etorkizunagatik. Ez dira, ordea bakarrik egon; bisitan joan naizen bakoitzean norbait eduki dute han, Tubosekoak, ITP-koak, herriko jendea, senideak... Eta komunak eraman dizkiete, gailetak, fruta...

Hori guztia Aiaraldea lan uzte batera eramateraino, bai! Herri erantzuna itzela izaten ari da! Ni Amurrion nengoen, dena itxita eta kaleak beteta; emozioa gainezka. Laudiotik iristen ziren albisteak ere antzera, itzela omen ondoko herrikoa ere. Eta arratsaldean Laudioko kaleak gainezka Aiaraldeko greba komitearen deialdian, aupa zuek! Ez dakit zuei berdina gertatzen zaizuen baina niri horrelakoek pilak kargatzen dizkidate.

Bada gero, pikete feministak autobusari buelta eman arazi ziola iritsi zitzaigun! Pozik hasi nuen martxoaren 8a horrelako albiste batekin. Aupa neskak! Gora indar morea eta gora Aiaraldea feminista! Badakizue 70 emakume inguru daudela eta 50 kaleratu nahi dituztela? Eta oraindik ere greba feministak zergatik egiten ditugun galdetuko du norbaitek.

 

«Badakizue 70 emakume inguru daudela eta 50 kaleratu nahi dituztela? Eta oraindik ere greba feministak zergatik egiten ditugun galdetuko du norbaitek.»

 

Erasoei erantzuteko bide bat egiten ari gara Aiaran, horregatik nire indarra bertan borrokan dauden langile guztiei, piketeetan parte hartzen ari diren gazteei, egoera kaxkar honetan bat egitea erabaki duten komertzio guztiei... Zuen etorkizuna zuen esku! Aupa zuek! Aipamen berezi bat ere, itzalean eta isilpean horrelako grebak posible egiten dituzten etxeetako zaintza sareetako kideei, bikote, ama, lagun... Zuek gabe hau guztia ez litzatekeelako posible.

Bukatzeko, Tapia eta Urkulluri, beraiek Tubacexeko langileei eskainitako denbora bera eskaini nahiko nieke testu honetan. Listo! Eta Jaurlaritza osotik denbora eta arreta gehien eskaini dionari, Erkoreka eta Segurtasun Sailari, ez zaretela ongi etorriak eta Tubacexeko langileriak ez zaituztela behar, beste Sail batzuk beharrezkoagoak direla. Hori bai, ez dituzuela langileak beldurtzen, jai duzuela ere ardi ikusi da.

Bien bitartean, borrokak darrai; Ezkerraldean PCB, Berantevillan Aernnova, Miñanon Alestis, Aiaran Tubacex eta Euskal Herri zabalean, euskal langile borrokalariak. Irabaziko dugu!