SINADURAK

Elena Beloki Resa

Iratzar Fundazioko nazioarteko arduraduna

Erroldaren garrantzia kanakiar erreferendumean

2020-10-03

1998ko Numeako akordioak ahalbidetu bezala, datorren urriaren 4an independentzia erreferenduma egingo da berriro Kanakyn, eta duela bi urte egin zen galdera berari erantzun beharko diote: “Nahi al duzu Kaledonia Berria burujabetza osora iritsi eta independientea izatea?” Orduko erreferenduma independentistek galdu zuten arren, espero baino emaitza hobeek bigarren erreferenduma egiteko aukera zabaldu zuen.


Argazkia. Unsplash / Arnaud Jaegers

 

Charles Belmonten “Les médiateurs du Pacifique” dokumentalak argi erakusten du 1988ko Matignoneko akordioak nola burutu ziren eta, gatazkaren ondorioen atalarekin batera Kaledonia Berriaren deskolonizaziorako prozesu mailakatua nola adostu zen. Akordioa zailtasun askorekin lortu zen eta horren adibidea 1998rako aurreikusten zen erreferenduma ez egitea izan zen. Halere, negoziazio prozesua aurreratzeko asmoz, alde guztiek Matignoneko akordioa inplementatzeko bidean 1998an Numeako akordioa adostu zuten.

“Numeako itunak” deskolonizazio prozesuaren fase ezberdinak biltzen zituen: lehenik, Frantziar Estatuak kanakiarren esku utzi behar zituen eskuduntza zabalak, eta bigarren fasean autodeterminazio erreferenduma egiteko epea (2014 eta 2019 bitartean ) eta maiztasuna (hiru aldiz) zehaztu behar zituen. Ageri denez, akordioa lortuta ere oinarrizko ulerkera ezberdinak dituzte itunaren sinatzaileek. Frantziar estatuak “Kaledonia Berria”-ren prozesua bere barneko berrantolaketa instituzional gisa ulertzen duen bitartean, independentistek Kanakyen dekolonizazio prozesua burujabetza efektiboa gauzatzeko bide gisa ulertzen dute.

 

"Estatu eskuduntza guztiak eskuratzeko, kanakiar hiritartasuna nazionalitate bilakatzeko, Nazioartean herri burujabe izateko eta Frantziarekin berdinetik berdinerako harremanak izaten hasteko prozesu dinamiko gisa"

 

Matignoneko ituna sinatu zenetik kasik 40 urte iragan direnean, Frantses estatuak akordio ezberdinetan adosturiko denbora eta mekanismoak errespetatu baino, trabatu eta aldatu nahi izan ditu. Agian horretan datza prozesu askatzaile ororen zama, akordioak ez direlako mugiezinak, kanpo eta barruko indar korrelazioaren arabera aldagarriak baizik. Hau da, aktoreen ekintzek akordioen edukiaren aldeko indar metaketa lortu, modifikatu edo definitu dezakete.

Gauzak horrela, pentsa daiteke Estatu frantsesak ez duela bide eta tresnarik aurreztuko balantza bere alde jartzeko. Izan ere, Kanakyaren independentziak esparru ezberdinetako galera ekar diezaioke: bere azpiegitura militarrak ahultzea, Pazifikoko itsaso eta lur baliabideen ustiapena bere kontroletik at geratzea (batik bat Kanakyak munduko %25 nikel erretserbak dituelako), Melanesiako irletatik datozen finantza fluxuen galera edota Vanuatu eta Australia artean dagoen lurralde honen balio estrategikoaren galtzea. 

Finean, munduaren ordenaren ardatza Pazifikorantz zuzentzen ari den unean, frantziar estatuak eskualde honetako instantzia politiko eta ekonomikoen erabakietan eragiteko gaitasuna galtzea. Beraz, frantziar estatuak Kaledonia Berrian bere presentzia justifikatu eta bere aldeko gehiengoa lortzeko eskura dituen tresnak, akordioetan dauden mekanismoak, zehaztugabeko faseak eta ekintzak erabiltzen ari da.

 

Nork bozkatzen du independentzia erreferendumean?

1853tik da Kanaky Frantziako kolonia. Eta data horretatik bertako biztanleria kolonizatu eta birpopulatze politiken estrategia garatzen ari da Frantzia: Presoentzako kolonia lehenik, frantses kolonoen lurraldea ondoren, meatzetan jarduteko kanpoko langileen migrazio bortxatua eta metropolitik joandakoa bultzatua ostean... birpopulatze kolonizazio politika honek kanakoen presentziak gutxiengo numeriko bilakatzearekin batera, irletan metropoliaren presentzia inposatzea du helburu, eta independentziari aurre egiteko estrategia da. Estrategia hau, ordea, ez da kolonien salbuespena. Aski dugu Iparraldeko BAB-ko mugimendu demografikoak edota barnealdeko biztanleriaren mugimenduak aztertzea aurrekoaz jabetzeko.

Kanakyn hiru hautesle zerrenda daude. Batetik, Frantzia eta EBko hauteskunde orotan bozka dezaketenen zerrenda, (hautesle zerrenda orokorra); bestetik, Numeako akordioak definitzen duen hiritartasun printzipioetan oinarritutakoa (“Probintzia” hautesle zerrenda ), hau da, bertako instituzioetako bozketan parte har dezaketenen zerrenda; eta azkenik, erreferendumean bozka lezaketenen errolda, Probintzia hautesle erroldan agertzen direnak.

 

"Halere, Numeako akordioa sinatu zenetik bi aldeek aipatu dugun “Probintzia” hautesle erroldari buruzko interpretazio ezberdinak egin dituzte"

 

Alde batetik, independentistek errolda hori nagusiki bi baldintzen ondorioa dela esaten dute: 1998ko erroldan agertzeko beharra eta hortik aurrera 10 urtez segidan bertan bizitzea. Horren araberakoa da Hautesle zerrenda finkoa deiturikoa. Bestetik, unionistek soilik 10 urteko erresidentzia jarraikiaren baldintza defendatzen dute, 1998ko erroldan egoteko baldintza ezabatuz (hautes zerrenda flotantea deiturikoa).

Frantziar konstituzioak independentistek defendaturiko hautesle zerrenda finkoaren irizpidea onartu arren, erroldatzeko prozeduretan irizpide “flotantearekin” loturiko hainbat iruzur eta 22.000 kanakiar inguru zerrendetatik at geratu izana salatu dute 2013tik UC/ FLNKS-ko ordezkariek. Ildo horretan, Nazio Batuen Dekolonizazio Batzordeko misioak egindako ikuskaritzaren ondorioz, eta independentistek egindako lanari esker, 2016an eta 2017an, agerian geratu zen hautesle zerrenden osaketa eta erroldatze prozesuan izandako hainbat irregulartasun.

Kanakyko Independentziari aurre egiteko Frantziaren estrategia bertako jatorrizko populazioa lurralde honetara iritsitako beste etniekin batera batu, lausotu eta hautesle erroldan biltzean oinarritu da. Independentisten estrategia, ordea, hautesle errolda finkoari garrantzia ematean datza eta, horren barruan, “Historiako biktimak eta bere ondorengoak” onartzean oinarritu da, deskolonizazio eta autodeterminazio prozesua jomuga dutelako. Horregatik independentzia erreferendumaren balioa azpimarratzearekin batera, inportantea da oso jakitea nork bozkatzen duen edo bestela esanda, nork duen kanakiarren geroa erabakitzeko eskubidea.