SINADURAK

Edurne Benito del Valle Fernandez

Erritmo zaharrak gaindituz

2020-06-29

Esaten da musika popularra, oro har, erretromania fase batean giltzaperatuta geratu dela, iraganean izan zen horri begira, aurrera egiteko gaitasunik gabe. Hala, euskal musikak patologia bera pairatzen duela ondorioztatu dute zenbaitek; gure melodia euskal rockean zokoratuta, taldeek erritmo eternalean segitzeko asmoa dutela ematen du. Hau da, 60 edota 80ko hamarkadatan lortu bazen ere, egungo egoera soziopolitikoaren eta musikaren arteko sintoniarik ez da ikusten eta, euskal musikak irekiera sinbolikorako eta identifikaziorako tresna gisa behin izandako gaitasuna galdu du.


 

KORRIKA_07

Argazkia: Aitor Arroita

 

“Zergatik musika?” galdetu izan didate askok azken boladan, eta hori da, neuk ere sarri nire buruari galdetzen diodana: zer du musikak horrenbeste artikulu, ikerketa edota ika-mika pizteko? Askotan musikak mundua aldatzeko duen gaitasuna azpimarratu da, abestiak aldaketa politikorako tresna direla aldarrikatuz. Hain zuzen ere, nota multzo edo soinu hutsal bat baino gehiago da musika, kultura adierazpen bat den heinean, identitate kolektiboak sortzeko gaitasuna baitu; eta hori, gaur gaurkoz, ez da gutxi. 

Izan ere, aro modernoan norbanakoak aukeraketa askea eta kontsumoaren bitartez eraiki behar du bere biografia propioa. Merkatuak dena irentsi omen du eta, hala, identitate eta kulturaren baitan aldaketak eman dira. Modu honetan, merkatua kokatzen da zentroan eta gure inguruko kulturak pisua galtzen du. Horiek horrela, identitate kolektiboa egituratzeko erabilgarria den oro bihurtzen da esanguratsu. Mugarik gabeko mundua bultzatu nahi duten horien aurrean, etxera itzultzea garrantzitsua da eta babes hori, gure inguruko kulturak ematen digu. Hortaz, musikatik haratago, lerro hauetan zehar nortasuna eta kulturaren inguruan ari gara. Izan ere, identitatea eskura ditugun errekurtso kulturalekin egikaritzen da, eta, beraz, norberaren identitatea eraikitzeko orduan, pertenentzia soziala ezinbesteko elementua da. Hain zuzen ere, identitate kolektiboak giza esperientzian funtsezkoak dira, eta horien bidez oinarrizko beharrak asetzen ditugu. 

 

«Hain zuzen ere, nota multzo edo soinu hutsal bat baino gehiago da musika, kultura adierazpen bat den heinean, identitate kolektiboak sortzeko gaitasuna baitu; eta hori, gaur gaurkoz, ez da gutxi.» 

 

Halaber, urte askotan zehar, euskal kulturak nortasun kolektiboa eratzeko ahalmen handia izan du. Euskalduntasunak komunitate aurrerakoi bat garatzeko abagunea eskaini zuen denbora luzean, eta hori bera, musikaren bidez islatu eta elikatu zen. Eusko Kantagintza Berria edo punkaren fenomenoa izaten dira adibide aipatuenak; izan ere, bazterretik irtetzea lortuz, euskara eta euskal kultura modernotasunaren marka bilakatu zen, nolabaiteko hegemonia lortuko zuen identitate  politiko berria sortuz. Oro har, euskal identitatea politizatu zen, euskalduna, gaztea eta iraultzailea zena. Baina, mende aldaketarekin batera, euskal musikak, nortasun emaile moduan, indarra galdu duela dirudi. 

Esaten da musika popularra, oro har, erretromania fase batean giltzaperatuta geratu dela, iraganean izan zen horri begira, aurrera egiteko gaitasunik gabe. Hala, euskal musikak patologia bera pairatzen duela ondorioztatu dute zenbaitek; gure melodia euskal rockean zokoratuta, taldeek erritmo eternalean segitzeko asmoa dutela ematen du. Hau da, 60 edota 80ko hamarkadatan lortu bazen ere, egungo egoera soziopolitikoaren eta musikaren arteko sintoniarik ez da ikusten eta, euskal musikak irekiera sinbolikorako eta identifikaziorako tresna gisa behin izandako gaitasuna galdu du.

 

«Euskal musikak patologia bera pairatzen duela ondorioztatu dute zenbaitek; gure melodia euskal rockean zokoratuta, taldeek erritmo eternalean segitzeko asmoa dutela ematen du»

 

Euskal rockak duina izaten jarraitzen du eta ez diogu horri uko egingo. Baina, ezin gara betiko melodietan giltzaperatu.  Ezin gara atzera begiratzen geratu, eta horretarako, gure erosotasunetik atera beharko gara. Trapa, dancehalla, reggaetona, etab. gureak egin behar ditugu ere, gure presentzia txoko ezberdinetan bermatuz. Gure inguruak eragiten duen horretan jarri behar dugu fokua, euskalduntasunak, gazteen beharrizan eta nahiekin bat egin dezan. Egia da bide batzuk urratu ditugula, hala nola, Zetak taldeak zein ederra izango den abestia kaleratu eta berehala, irrati eta bestelako eremu mainstraim-etan goiko kotetan kokatu da. Undergrounda eta Mainstreama, bietan txertatzea da gakoa, hain zuzen ere, bi esparruak harreman dialektikoan mantentzen direlako.

Halere, kultur industria tresna alienatzaile gisa antzeman izan da gehiengotan, kulturak berezkoa duen izaera kritikoa galtzearekin batera, merkatuak kontsumitzailea hartzaile pasibo eta manipulagarri bihurtzen duelako. Baina, neurri batean bederen, ikuspegi honek ez du herriak eskura dituen baliabideekin izan ditzakeen adierazpen berritzaileak eta askatzaileak kontuan hartzen. Ildo honetatik, kultura gatazka gune esanguratsua dela ulertzea komeni zaigu; kultur prozesuak dialektikoak diren neurrian, kultura klase hegemonikoak duen tresna alienatzailea baina gehiago da; horrela, masa kulturaren inguruan egiten den irakurkera deterministatik askatu eta klase herritarraren eragiteko ahalmena azpimarratzen dugu.

 

Trapa, dancehalla, reggaetona, etab. gureak egin behar ditugu ere, gure presentzia txoko ezberdinetan bermatuz. Gure inguruak eragiten duen horretan jarri behar dugu fokua, euskalduntasunak, gazteen beharrizan eta nahiekin bat egin dezan

 

Izan ere, ezin dugu ahaztu egun merkatuak duen pisua eta gazteak baldintzatzeko gero eta ahalmen handiagoa duela. Gure presentzia, borrokaren eta sorkuntzaren bidetik, hor ere bermatu behar dugu, betiere, oinak herri kulturan izanda. Irrati, diskoteka edota makrojaialdietan, besteak beste, aldapan gora jartzen badute, ez da ausazko erabakia izan; aitzitik, horren arrakasta borroka baten islada da, zerbait ondo egitearen emaitza; funtsean, kultura ispilu bat da.

Beraz, folkarekin eta punkarekin gertatu zen bezala, euskal kulturak erritmo berriak bereganatu behar ditu. Genero berriekin bat egin, kalera jaitsi, esentziak apurtu eta ondo pasatu. Horrek guztiak, euskal kultura eremu berrietara zabalduko badu, ongi etorria izan dadila. Izan ere, euskalduntasunak eta euskal musikak identitate politikoa ardazteko gaitasuna izan dute eta egun, subiranotasunaren ikuspegitik, garrantzitsua da horri eustea. Beraz, hasierako paragrafora bueltatzen, musika oso tresna boteretsua da, abestien esanahia eta sinbologia uneoro lehian baitago; kultura borroka gune bat den neurrian, fitxak ondo mugitzean egon daiteke giltza. Horrexegatik, bazterrean egotetik, eraikuntzaren fasera igaro behar gara, beste behin ere, ederra izango baita.

 

 

BIBLIOGRAFIA


AMEZAGA, J. (1994). Herri kultura: Euskal Kultura eta Kultura Popularrak. Leioa: UPV-EHU.

AZKARRAGA, J. (2011). “Identitatea aro globalean. Euskal begiratu bat”, ​P. Ibarra eta M. Cortina (Comps.): ​Recuperando la radicalidad. Un encuentro en torno al análisis político crítico ​lanaren barruan​ ​(113.or-139.or)​B​artzelona: Editorial Hacer​.

DEL AMO, I. A. (2019). Party & Borroka. Jóvenes, música(s) y conflicto(s) en Euskal Herria. Tafalla: Txalaparta

LARRINAGA, J. (2016): Euskal musika kosmikoak: euskal musika popularra gizartearen isla eta aldatzailea. Baga-biga ideiak: Mungia

MELUCCI, A. (2001). ​Vivencia y convivencia: teoría social para una era de la información.​ Trotta: Madrid.

RANDALL, D. (2018). Sound system. El poder político de la música. Iruñea: Katakrak liburuak.

 

TWITTER