SINADURAK

Eraitz Saez de Egilaz Ramos eta Lur Albizu Etxetxipia

EH Bilduko legebiltzarkidea eta Sorturen Nazio Kontseiluko kidea

Erantzun zaharrei galdera berriak

2021-12-22

Aberria askatzeaz hitz egin da herri honetan urte luzez. Aberriaren ideia disputan dago, ordea, aberria bera ulertu eta erreproduzitzeko aukerak eta moduak aldatu egin direlako nahitaez. Horrez gain, azken naziometroaren arabera nazio pultsua galdu egin da.


Argazkia. Unsplash / Ana Municio

 

Aberria (ber)asmatu

Aurrekoarekin ados egonda ere, ertzetako begiradatik baieztapen batzuk tentuz erabili behar liratekeela uste dugu. Izan ere, baga: nor da gai Euskal Herria bere luze zabalean irakurtzeko? Non galdu da nazio pultsua? Atzera egin ote du leku guztietan? Biga: norena izan da orain galtzear omen dagoen aberriaren ideia? Nork gorpuztu du abertzale hegemonikoaren figura? Zein aberriz aritu gara? Nola definitzen da? Eta higa; abertzaletasuna da jokoan ote dagoena, ala, aitzitik, abertzaletasun bat eta bakarra uneoro birsortu duten subjektu unibertsalaren espazioa eta figura da jokoan ote dagoena?

Lur eta Eraitz gara, eta aberria uneoroko disputa politikorako espazio garrantzitsua dela uste dugu. Espazio horretan, orain arte baino subjektu gehiago, gatazka gehiago, ideia gehiago eta eremu gehiago barnebiltzen dituen aberrian sinesten dugu. Zalantzak eta galderak planteatzera gatoz, ez ideia finkoak, are gutxiago dogmak. Eztabaida astindu nahi dugu: esanen ditugun hainbat esaldi gehiago dira probokazioak egia borobilak baino. Nahiago tentsioak eta eztabaidak, azken horietatik sortzen baitira ideia berriak. Zalantza asko ditugula aitortzen dugu, baina konfiantza gehiago ematen digu zalantzak, tokitik mugirarazteko gaitasunik ez duen ziurtasun tematiak baino.

 

Abiapuntuaren eta helmugaren arteko tentsioa. Esna gaitezen!

Abiapuntua argia da: nazio pultsua ahultzen ari da. Hori horrela bada, gure ustez, krisi horrek aukera bat ireki beharko liguke: agian nazioa ez da ereserki bat (soilik), ez dira bi ikur (bakarrik), ez da ezinbestean sentimendu bakarra, ez da historia edo istorio bat, ezta lurralde zati soil bat. Hori guztiak eta hori baino gehiago da. Irudi bat da, aurrera begirako iruditeria bat. Arantza Santestebanek horrela problematizatzen du:

  • "Bizitzatik bertatik sortu daitezke irudiak (...) sentsibilitate jakin bat... Ezin gara bakarrik izan irudi mobilizatzaileak sortzen dituzten subjektuak, beste zerbait behar dugu irudiak sortzeko. Guri ez digute eragiten beti ukabilen eta tirabikeen eta mobilizazioen, akzioen, irudiek. Gure afektuak mobilizatzen ditu beste irudi mota batzuk, askotan bizitzarekin zerikusia dutenak, ongi identifikatzen ez ditugun irudiak baina gure gorputzetik pasatzen direnak, gure sentsibilitatetik, gure egunerokotasunetik".

Santestebanek afektuak mobilizatzeko auzian jartzen zuen itua. Horiek dira egin beharreko galderak: zein irudi sortu nahi ditugu? Zein abesti kantatu? Zein sentimendu birsortu? Noski, behar dugu ereserkia, behar ditugu ikurrak, behar ditugu irudiak: baina ez hori bakarrik.

 

«Abertzaletasuna da jokoan ote dagoena, ala, aitzitik, abertzaletasun bat eta bakarra uneoro birsortu duten subjektu unibertsalaren espazioa eta figura da jokoan ote dagoena?»

 

Nazioa ideia mitikoa izan da, balio nazionalak garraiatu eta sentimendu kolektiboa birsortzeko sortu dira mito nazionalak. Eta guk galdetzen dugu: mito berberak elikatzen jarraitu nahi ote dugu? Gaur artekoak ba ote dute gaur egungo kolektiboak, indibiduoak, identitate anitzak mugitzeko anbizio eta gaitasunik? Izan ginena eta gaur garena ezin baitira berdinak izan. Alegia, mitoaren betierekotasunean ez dugu helmuga komunik topatuko. Izan ere, ezin dugu mendetan zehar erresistentzian ibili den herri mitikoa soilik irudikatu. Lehenik eta behin, ez garelako izan hori bakarrik, eta, batez ere, ez dugulako hori bakarrik izan nahi! Ezin diogu, hortaz, ideia horri zentroa eskaini, eraikuntza ikuspegi batetik agorpen zantzuak erakusten baititu. Iraganak ekarri gaitu honaino, eta eskerrak! Gaur garenaren oinarriak jarri ditu: hura gabe ez ginateke apenas ezer. Baina ez dugu zahar/berri, iragan/orainaldi gisako dikotomietan sinesten: ez gaitzala batak jan, besteari bere bidea egiten uzten ez dion bitartean.

 

Argazkia. FOKU

 

Abertzaletasunaren ulerkera ziklo historiko honetan

Abertzaletasuna ezin dugu ideia bakarrarekin lotu: eraikuntzan dagoen ideia bezala ulertzea interesgarriagoa iruditzen zaigu. Sortzen eta birsortzen den zerbait da. Ez delako berdina sortzen den zerbait edo dagoeneko definitua eta sortua dagoena. Ez da berdina bestelako subjektu batzuk “erakartzea” (zenbat aldiz esan dugu “X talde edo kolektibo jakin bat erakarri behar dugu”) edo subjektu horien posizioa abertzaletasunean sortzea. Logika desberdina da, erabat. Guk ez dugu esentziarik gorde nahi: oinarriak hartu eta zabaldu baizik.

Izan ere, nazioaz hitz egiteak soilik ez ditu abertzaleak sortzen. Gatazkek, tentsioek eta egoerek dekantatzen dituzte posizioak: alegia, ez da berdina Aberri Eguneko ekitaldietan Ikusi mendizaleak kantatzea edo uztailaren 7an, Iruñeko prozesioan, protestarako ikur den Kuria kalean kanta berbera kantatzea, edo Errigoraren kalejiran egitea, Tuteran. Ekintza berdinak esanahi eta efektu arras desberdina izan dezake gure herri luze zabaleko txoko desberdinetan.

 

«Ezin dugu mendetan zehar erresistentzian ibili den herri mitikoa soilik irudikatu. Lehenik eta behin, ez garelako izan hori bakarrik, eta, batez ere, ez dugulako hori bakarrik izan nahi!»

 

Nazioaren ideia akaso ahuldu da, baina ahultze horren zergatian ez gaude ados. Izan ere, abertzaletasuna askatu behar dela uste dugu. Orain arteko subjektu unibertsalak abertzaletasunaren erreprodukzio konkretuan kokatu gaitu, abertzalea bera, gizona, zuria, heterosexuala… izan baita, hots, abertzale puruaren figura gizonek errepresentatu dute, edo bestela esanda, osotasun hori ez dugu emakumeek gorpuztu. Orain arteko subjektu buruaski eta burujabearen ideia ezin da mantendu, ezta indartu ere, hortaz, errealitatean hori ez delako existitzen. Subjektu burujabe berrietarantz joan behar gara, interdependentziatik, komunean sortu eta asmatzen baikara; bakarka eta singularrean munduratu baino, komunean eta pluralean irakurtzen diren subjektuak behar ditu herriak.

Komunean garenez, elkarrekikotasunaren ideia garatu eta mantendu behar dugu denboran. Dialektikoa eta askotarikoa izanen da prozesua. Egiaz, ez dugu herri bat eraikiko ez bada tentsio berrietatik, guztiok kabitzeko moduko joko zelaian emango den uneoroko disputatik. Hegemonia disputatzea ez baita gehiengoak inposatu eta betikotzea, logika komunak iraunarazteko moduko joko zelaiak (ber)eraiki eta (ber)asmatzea baizik, uneoroko gatazka ideologiko eta zalantzak kontuan hartuz eta eraldatuz joanen dena. Izan ere, normalitate berri baterantz bagoaz, orain arteko gorputz eta normak ere disputan dihardute: norma berriak ezartzeaz ari gara, hortaz, zabalagoak eta pluralagoak izango direnak. Bazter utzi direnen zentralitateaz ari gara, horrek ondotik dakarren gatazka eta ondorio guztiarekin.

 

Mundu zaharra hil denekoa

XX. mendeko betaurrekoak erabiltzen ditugu XXI. mendeko gertakariak irakurtzeko, bueltatuko ez den mundu bat desagertzen ari denaren kezkaz. Nazioa gertaera eta auzi politikoek artikulatzen dute, komunitatean gertatzen denak zuzeneko zerikusia du nazioaren ideiaren sorkuntzan. Kontua da, “nazioaren” uneoroko asmakizun eta interpretazioan, nork eta zerk eskuratzen duen erdigunea.

Frantziar Estatuan, adibidez, gehiengoa pilula antikontzeptiboen aurka zegoen garaian, jaiotza-tasa ziplo erori zen. Ezinbestean, nahi ez ziren haurren jaiotza ezeztatu baitzen antisorgailuei esker. Gertaera horretan bi auzi antzeman daitezke: emakumeak bere gorputzaren gaineko erabakimena eskuratzea edo datuek adierazten zuten jaiotza-tasaren jaitsiera gertakari katastrofiko modura irakurtzea. Bat aukeratu behar da.

 

«Zailagoa izanagatik ere, denonagoak izango diren eskaintza kolektiboak eraiki behar dira, dena delakoa izanik norbera eraikuntza horretan murgiltzera eraman duen arrazoi politikoa.»

 

Euskal Herrian, momentu honetan, auzi nazional eta politikoa da demografiaren eraldaketa (batzuentzat arrazoia jaiotza tasaren jaitsiera da), baina erantzuna ezin da izan erredukzionista: noiztik eta zergatik da ezinbestekoa natalitatearen hazkundea? Beharbada, hara iritsi aurretik (eta ondoren agian ere ez) zaintza sistema publikoaz aritu behar gara, baita familia ereduaz ere. Beraz, zergatik ez diogu buelta ematen baieztapenari? Emakumeok ere sortu eta asmatzen dugu, egunero, nazioa. Jaiotza-tasaz katastrofe bezala nork, nola eta zergatik hitz egiten du? Zertan oinarrituta? Ondorioak zeintzuk lirateke? Auzi nazionala gatazkak izango dira gure gorputzak zeharkatzen dituen edozer gai, baina erantzunak ezin dira betiko gorputzetatik eskaini, ez eta betiko norma erreproduzituz. Ematen diren erantzunek normalitate berri hori irudikatu eta asmatzeko balio behar dute.

Bestalde, politizazio prozesuak ez dira gaur duela hamar, hogei, hogeita hamar, berrogei urte bezala ematen. Onar dezagun. Onartzea ez da kezkatzea, ez eta kexatzea. Onartzea da bide berrietan saiatzea. Onartzea da jakitea orain askoz zailagoa dela, akaso, nazio gatazkaren orain arteko ulerkera hori borrokarako akuilu izatea. Onartzea da krisi ekologikoak kezkatuta borrokatzen duen norbaitek sinesgarria izango den eskaintza emantzipatzaile nazional eta sozial bat ikusi behar duela gure proiektuan islatua sentitzeko. Zailagoa izanagatik ere, denonagoak izango diren eskaintza kolektiboak eraiki behar dira, dena delakoa izanik norbera eraikuntza horretan murgiltzera eraman duen arrazoi politikoa. 

 

«Betikoa egiteak ez baititu emaitza diferenteak ekarriko. Betikoan pentsatzea frustrazioa izan daiteke, ez beste ezer.»

 

Praktika gehiago eta hitz gutxiago behar ditugu auzi honetan. Epika gehiago lotzen da egunerokoan ditugun lanekin, proiektuekin, e(ra)giteko zerbaitekin eta kolektiboan lan egitearekin. Epika ere (er)aldatuko da. Agian, epika bera nahi eta nahi ez gure inguruan eman diren eraldaketek beste zentzu bat ematea izanen da gure lan eta helburua datozen denboretan. Betikoa egiteak ez baititu emaitza diferenteak ekarriko. Betikoan pentsatzea frustrazioa izan daiteke, ez beste ezer. Gauzak bere horretan mantendu, eta horretan tematuta ere, gauzek ez dute hartuko ezagutzen genuen forma. Ezagutzen genuena jada ez delako bueltatuko, eta agian nostalgia edo oroimen kolektibo baten parte izango da: ez gehiago, ez gutxiago. Tresna bat, baina ez bakarra. Beharbada, ez zentrala. 

 

Argazkia. FOKU

 

Aurrera begira, zer? Burujabetza

Asko hitz egiten dugu mundua asko aldatzen ari dela eta gehiago aldatuko dela, eta egia da, baina obsesio pandemiko-postpandemikoak basoa ikustea zailtzen digula sinetsita gaude. Apokalipsi gutxiago eta alternatiba gehiago behar ditugu, distopiez nazkatu gara. Mundua asko aldatzen ari da, bai, baina asko aldatzen ari zen dagoeneko. Kontua da oraingo azkartzeari ezin izan diogula beste alde batera begiratu, eta dagoeneko ez dugu beste alde batera begiratzeko denborarik. Ezagutzen ez dugun mundu bat ate-joka dugu. Hala ere, etsipenean eta distopien fantasietan erortzea baino, interesgarriagoa iruditzen zaigu ezkerrak beste paper bat hartzea, apokaliptikoa izango ez dena: «borrokak merezi du, kolektiboki lan egiteak merezi du, sakrifizio gutxiago eta alaitasun gehiago behar ditugu». Ez dugu paradisuan sinisten: sufrimenduak, dramak, ez gaitu libreago eginen.

Eta azkartze honen erdian, askori burutik pasa zaion galdera da honakoa: nola iraunen du Euskal Herriak mundu berri horretan? Iruditzen zaigu burujabetzaren ideia nahikoa zabala, zehatza eta orokorra dela guztiontzako bide komuna izan dadin. Berdin da abertzalea kontsumo eredu honekin amaitu behar dugula uste duena, lurra zaintzen duena, kooperatiban buru-belarri dabilena burujabetza desberdinen alde; berdin da abertzalea heterosexualitatea -Espainia bezala- fikzio politikoa dela uste duen bollera; abertzalea da fabrikan greba mugagabean dagoen hori, etxetik alde egiteko aukerarik ez duen gaztea; abertzalea da arrazismoaren kontrako militantea, Europa hilerri handi bat izatearen aurka dagoena, harrera herriaren alde lanean diharduen kidea; abertzalea da zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde, sistema goitik behera irauli nahi duen hori; haurrak D ereduan matrikulatzen dituen erdalduna; edo duela gutxi Euskal Herria zapaldu, eta hemen bizitza duina egin nahi duen hori. Abertzaleak dira horiek guztiak, egitasmo konpartitu baten parte izan daitezkeelako. Potentzialki, horiek guztiek zalantzan jartzen ahal dutelako statu quoa. 

 

«Abertzaletasunak badu bereizgarria den plastizitate bat, bada tresna eta helburua, aldi berean. Bada finitua ez den ideia, irudia eta praktika politikoa.»

 

Hortik aurrera, nola eraiki kolektibitate hori? Ez dakigu. Inork ez daki. Badakiguna da lekua zabaldu behar dugula: Euskal Herria beste modu batera imajinatzen, berreraikitzen eta ertzak hartzen arriskatu eta ausartu. Beste zentralitate batzuk disputatzeko proba egin. Beldurrik gabe. Abertzaletasuna izanen da horren guztiaren erdigune? Bai eta ez. Izan ere, abertzaletasunak badu bereizgarria den plastizitate bat, bada tresna eta helburua, aldi berean. Bada finitua ez den ideia, irudia eta praktika politikoa.

Funtsean, etengabeko (er)aldaketan imajinatu behar dugu, abertzaletasuna herri baten ezaugarrien menpe eraiki behar delako. Uneoroko aldaketan sortu eta birsortzen den herria da gurea. Badakigu identitateak sortu, birsortu eta birdefinitu egiten direla: “pankartetako leloak bizkor aldatzen ahal badira ere, borrokak segituko du” (Leslie Feinberg, 2021). Orain arteko abertzaletasunaren ideia ez bada aldatzen, hil eginen da: baina ez euskal Estatuaren proiektua, ez emantzipazio prozesua. Eta hiltzen bada ere, ernalduko dira besteak. Lekukoa esku batetik bestera dabil dagoeneko.