SINADURAK

Amets Ladislao

Emakume baserritarra

Emakume baserritarrok ere, zaintza borrokaren parte

2023-11-01

Bertoko elikagaiak kontsumitzea baserritarrei zuzenean azoketan edo herriko dendetan erostea zaintza eskubide kolektiboen alde egitea da; HERRIA egitea da.


Argazkia. Unsplash / Tina Xinia

 

Emakume baserritarrak gara, elikadura burujabetzaren alde gauden emakume baserritar feministak. Bat egiten dugu azaroaren 30erako Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen Greba Feminista Orokorrarekin. Aldi berean, zaintza sistemaz egindako hausnarketei eta proposamenei gure ekarpena egin nahiko genieke.

Gure ikuspegitik, pertsonak zaintzea baino gehiago da zaintza. Gure ustez, lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak ere zainduko dituen sistema bat behar dugu; ikuspegi holistikoa da gurea. Zaintza elikatzetik ere badator, eta ezin dugu zaintza sistema bat antolatu arinago elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema bat antolaturik ez baldin badago.

Ulertu behar dugu kapitalaren eta agroindustriaren kontrako borroka oso handia eta basatia dela, eta emakume baserritarrok oso gutxi garela horri guztiari aurre egiteko; beraz, bidelagun gara. Gainera, elikadura sistema ez da ekoizpenera eta eraldaketara bakarrik mugatzen. Banaketa, kontsumoa, erosketa publikoak eta etxeak barneratzen dituen sistema oso bat da. Denok egunero jaten dugu, eta ikuspegi global eta holistiko batetik ulertu behar dugu gaia.

 

«Lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak ere zainduko dituen sistema bat behar dugu»

 

Hori dela eta, guretzat bi oinarrizko ideia daude gaiarekin zerikusia dutenak: bata, elikadura osasuntsuak zaintza sistemaren barruan txertatua egon behar du; eta bestea, zaintza ez dela bakarrik pertsonei zuzendua egon behar. Lur barik, hazi barik, ur barik eta animalia barik ez dago bizitza posiblerik.

Horregatik, honako hiru ardatz hauetan garatzen dugu zaintzaren unibertsoa baserritar ikuspegitik: lehena, kolektibizazioa; horretarako, baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraiki, landa eremuko herri txikietan zaintzari dagozkion zerbitzu publikoak bermatu, auzolanean bizitzeko baldintzak sortu eta baserriaren erritmoa kontuan edukiko duten espazioak sortu behar ditugu.

Bigarrena, profesionalizatzea; beraz, soldata duinak behar ditugu eta 1.400 euroko diru sarrerak bermatu, zaintza lanak egiteagatik eta baserrian lana egiteagatik, zaintza lan horiek ordainsari publiko bat jasotzea; baserritarren lana balorizatu, bukolismotik ateraz, eta elikaduraren gizarte segurantza proposatzen dugu, kolektibo zaurgarrietatik hasiz, gizarte guztiaren elikadura bermatzeko.

 

«Elikadura osasuntsuak zaintza sistemaren barruan txertatua egon behar du eta zaintza ez da bakarrik pertsonei zuzendua egon behar»

 

Eta hirugarren ardatza zaintza eredu emantzipatzaileak osatzen du. Elikadura burujabetza helburu, agroekologiaren bidez lantzea, antolakuntza eredu komunitarioa berreskuratu baserrietan, elikadura sistema merkatuaren logikatik atera, elikaduraren kate globala suntsitu eta nekazaritza lurren espekulazioa eten eta lur publikoen sarea sortu.

Espekulazioan oinarritutako merkataritza sistemak ez du ahalbidetzen elikadura osasuntsu baterako eskubidea. Ezinbestekoa dugu tokiko elikadura sistemak eraiki eta indartzea. Egunero jaten dugunez, norbanako bakoitzak egunero gure aletxoa jartzeko aukera paregabea dugu.