SINADURAK

Maialen Pelaez

Euskal Herrian Euskarazeko kidea

EHE, euskararen jauzia gauza dezagun

2021-11-02

1979ko azaroaren 4an, Durangoko Azokaren markoan, hamaika euskaltzalek euskararen normalizazioaren aldeko borroka berrindartzeko herri eragilea aurkeztu zuten: Euskal Herrian Euskaraz. Garai gatazkatsu bezain bizi eta sortzaile hartan, euskararen aldarria herriz herri zabaltzearekin batera, eragile politiko-sozial eta orduan eratzen ari ziren instituzioei eragingo zien talde baten beharrak bultzatuta sortua izan zen.

 


Argazkia. Unsplash / Fabrice Villard

 

Egun salatzen jarraitzen dugun bezala, garai hartan ere eragile eta instituzio horien aldarrikapen eta jardueratan euskara bigarren maila batera zokoratua zutela salatuz eman zuen lehenengo urratsa EHEk. Diagnostiko horri, etorkizunerako helburu argi bat gehitu zion: euskararen herria berrosatzea, Euskal Herri euskalduna.

42 urteko ibilbidean, batzuetan ekimen propioz besteetan gainontzeko euskalgintzarekin elkarlanean, hamaika dira egindako mobilizazioak, abiatutako egitasmoak eta lortutako aurrerapenak. Baina bada horiek guztiak zeharkatzen dituen lorpen funtsezkoa: herri honen gehiengoaren euskararekiko atxikimenduari eutsi eta elikatu izana, euskaltzaletasunaren sua hauspotu izana. Euskaltzaletasunak lortu zuen euskara galzoritik ateratzea eta hamarkadotan eremu eta lurralde berriak irabaztea (edo berreskuratzea), horregatik euskaltzaletasunak irekiko dizkio ateak euskaraz normaltasunez bizitzera iritsiko garen eskenatokiari.

Grin horrek bultzatuta, EHEren iritziz eragile eta norbanako euskaltzaleon berehalako erronka begibistakoa da: azken hamarkadan kontsentsu puntua izan da euskararen normalizazio-prozesuak jauzia eman beharra duenaren ideia, beraz aldarri hori errealitate bihurtzeko unea dugu. Gure ustez jauzi hori gauzatzeko erronka lehentasunezkoa izango da hurrengo urte laburretan. Hori lortu ezean, azken hamarkadatan euskalduntzean aurreratutako guztia berriz ere galzorian jauzteko arriskua agerikoa da. Ez soilik urteotan indarrean jarri diren hizkuntza-politikek goia jo dutelako, baita ortzi-mugan ageri zaizkigun mehatxu eta erronkak biziki erraldoiak direlako.

 

«Euskaltzaletasunak lortu zuen euskara galzoritik ateratzea eta hamarkadotan eremu eta lurralde berriak irabaztea»

 

Aipatu jauzia gauzatzeko EHEk zehaztuak ditu zeintzuk diren ezinbestean eman beharreko urratsak: batetik, euskararen ezagutza unibertsalizatzea, hau da, euskal herritar orok euskararen ezagutza nahikoa izatea (horretarako lehentasunez hezkuntzan irakastereduak gainditu eta euskaldunduko duen eredu berria ezarriz); bestetik, euskararen erabilera lehentasunezkoa izateko urrats sendoak ematea eremu sozio-funtzional eta geografikoetan.

Baina bada faktore guztiz erabakigarria, jauzi hori eman ala ez goitik behera baldintzatzen duena: jauziaren norantza eta nolakotasuna soilik euskal herritarrok erabakitzeko gaitasuna izatea ala estatuen muga eta inposizioekin kimatua izatea. Burujabe erabaki ahal izatea ala mendekotasunaren mugetan utziko digutena kudeatzea. Hori baita, zoritxarrez, espainiar eta frantziar estatu linguizidek ezarri diguten joko zelaia. Itxura guztien arabera gogortuz joango diren aurkako joko-arauekin gainera. Hor dugu euskararen aldeko jardunaren puntu giltzarria hurrengo urteetan.

 

«Euskararen Errepublikari ateak irekitzeko garaia dugu, Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetuko digun euskal estatu independentera jauzi egiteko unea dugu»

 

EHEk apustu argia egina du: Euskararen Errepublikari ateak irekitzeko garaia dugu, Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetuko digun euskal estatu independentera jauzi egiteko unea dugu. Soilik horrela aurre egin ahalko diogu estatuen ofentsibari. Horretarako ezinbestekoa da euskaltzaleok euskararen aldeko borroka berrindartzea, bai eta EHE bera ere espezifikoki indartzea, borroka hori garatzeko tresna gisa beste eragile euskaltzaleekin batera.

Bide horretan hurrengo urratsa datorren abenduaren 6an, “Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika” lemarekin Durangon egingo den manifestazioa izango da. Euskaldunok, euskaldun izaten jarraitu nahi izate hutsagatik, pairatzen ari garen erasoaldia gelditzeko ezinbesteko dugun eustormaren adreilu bat izango da manifestazio hori, eta, era berean, Euskal Herri euskaldunera eramango gaituen bidean pausua izango da ere. Beraz, euskaltzaleok harrotasunez kaleak har ditzagun berriro!

 

TWITTER