SINADURAK

Asier Altuna Epelde

Politologoa eta kudeaketa publikoan graduatua

Deskarbonizazioaren azken geltokia

2022-07-25

Walter Benjamin: “Iraultzak munduko historiaren lokomotorrak dira. Beharbada gauzak beste era batera agertuko dira. Baliteke iraultzak trenean bidaiatzen duen gizateriak larrialdiko balaztari tira egiteko ekintza izatea”.


Argazkia: Boris Radosavljevic, Wikimedia Commons

 

Bizi dugun krisi eko-sozialak urgentziazko neurriak hartzea eskatzen du. Erregai fosilen gainbeherak, sistema kapitalistaren gizarte antolaketa hankaz gora jarriko du eta ezegonkortasun handiko egoerak bizitzea dagokigu; langabezia, gosetea, gerrak, migrazio edota ezbehar klimatikoak…. Ama lurraren tenperatura 1.5- 2ºC berotzera iritsi ez dadin, konpromiso zehatzak eta urgentziazkoak eman behar dira aldiz, estatuek konpromisoak hartu gabe jarraitzen dute, azken COP26an ikusi bezala. Trantsizioa energetikoa eta deskarbonizazioaren bidez erregai fosilak berriztagarrien bidez ordezkatu nahi dira, baina ez da horren erraza. Gaur gaurkoz ez dago erregai fosilak ordezkatu ditzakeen energia alternatiborik, hidrogeno berdearen aldeko apustua egin du Europar Batasunak, baina arazo ugari ematen ditu. Bi erronka ditugu aurrean: erregai fosilen gainbeheraren gestioa eta energia berriztagarrien trantsizio gauzatzea. Gerra, peakoil, katastrofe klimatikoak…Desmaterializatzea beharrezkoa da, gutxiagorekin bizitzen ikasi behar dugu, hau soilik deshazkundearen bidez etorriko da.

 

Munduari begirada

Duela 50 urte Erromako Klubak “Hazkundearen mugak” (Meadows at all, 1972) dokumentua argitaratu zuen: “neurrigabeko hazkundean oinarritutako ekonomia eta lehengaien ustiapen iraunkorraren politikak aplikatzen jarraitzen badugu […], XXI. mendeko bigarren hamarkadan, sistema kolapsoan sartuko da” azpimarratzen zuen txostenak. Horien artean, lau krisi nabarmentzen ziren: demografikoa, elikadura, energia eta ingurumen krisia. 50 urte beranduago krisi eko-sozial larriaren aurrean aurkitzen gara.

2008ko finantza krisi kapitalistaren ondorioak oraindik gainditu gabe, 2020ko martxoan COVID19 pandemiak munduko ekonomia gelditu zuen eta horrekin batera gero eta ahots kritiko gehiago zituen globalizazioaren gabeziak azaleratu ziren. Gizakiaren hauskortasunak asaldatu gintuen eta bazirudien, herritarrok zerbitzu publikoen garrantzia eta beharraz jabetu zirela/ginela, baina pandemia gainditu ahala, lehengo egoerara itzuli gara. Aldiz, pandemia ostean Ukrainako gerra lehertu da.

 

Ama lurraren tenperatura 1.5-2ºC berotzera iritsi ez dadin, konpromiso zehatzak eta urgentziazkoak eman behar dira.

 

Lehendik egoera delikatua zen eta gerrak ondorioak areagotu dizkigu, nahiz oraindik goiz den ondorioak ikusteko. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, herrialdeen arteko tentsio militarra maila gorenean dago eta ondorioz gerra fronte berriak irekitzeko arriskua ere bai. Estatuen arteko aliantza berriak ematen ari dira, baita potentzia nuklearren arteko aliantza arriskutsuak ere. Ikus espainiar Estatuak Marokorekin egin duen akordioa, Sahararen burujabetza Marokori aitortuz. NATO ekialdera zabaltzea edota Indo-pazifikoan AUKUS (AEB, Australia eta EB) akordio militarrak Txina begi puntuan jarriz. Txina eta Taiwanen arteko tentsioa goraka doa eta bigarren gerra frontea irekitzeko arrisku handiak daude.

Geopolitikaren eremuan jokoan dagoen beste zonaldea Artikoa da. Artiko polarraren kontrola bermatzeko borroka bortitza ari da ematen estatu hegemonikoen partetik -AEB, Txina, Errusia edota Norvegia-. Polar artikoan dauden glaziarren urtzeak, permafrosta azaleratuko du, karbono gehiago isuriz atmosferara. Estatu batzuei ezer gutxi axola zaie hori eta interes handiagoa dute bide komertzial berriak irekitzean edota Artikoa kontrolpean izatean. Zonalde horren kontrola duenak bertan diren erregai fosilak ere bereganatuko ditu.

 

Energia berriztagarriak bultzatu behar dira eta behar beharrezkoa da deskarbonizazio prozesuari beste bultzada bat ematea.

 

Politika kolonialista basatia ari da ematen. AEB eta Txina balio handiko materialez jabetzen ari dira mundu osoan. Aberastasun materialak dituzten herrialdeak desjabetuz, izan komertzialki zein eragindako gerren bidez, oinarrizko baliabide materialak, ura, lurrak, erregai fosilak edota trantsizio energetikorako behar beharrezkoak lehen gaiak bereganatzeko: litioa (Li), nikela (Ni), kobaltoa (Co)… . Lehengaien ustiaketa esponentzialarekin jarraituz, Alicia Valerok dioen moduan, gaia (bizitza) thanatia (heriotza) bihurtuko dugu. Lehengaiak xahututa, degradatuta eta baliabiderik gabe, atzera bueltarik gabeko planeta izango dugu.

 

Argazkia: Pxhere, CC BY 2.0

 

Ukrainako gerrak areagotu egin du energia krisia. EB eta AEBak Errusiaren aurkako neurri ekonomikoen gogortzearekin batera, Putinen erreakzioa ekarri du; Europara bideratuak zeuden gasa eta petrolioaren salmenta eten eta Txina, India zein beste herrialdeetara bideratuz. Horrek zuzeneko eragina izango du Europan negua iristen denean. Europar Batasunak, Hidrogeno berdearen bidez ordezkatu nahi du Errusiatik ekartzen diren erregaiak, baina ez dago denbora nahikorik trantsizio hori egin ahal izateko eta datorren neguan milioika pertsonak ez du etxea berotzeko erregairik izango.

Petrolioaren estrakzioa gero eta garestiagoa da eta azken urteetan petrolio konpainiek inbertsioak nabarmen jaitsi dituzte. Gasoilaren ekoizpenaren beheraka doa, Petrolioa Esportatzen duten Herrialdeen Erakundeak (OPEP gazteleraz) onartu du ezin dutela produkzioa handitu, eta horrek erregaien garestitzea dakar gasolina, gasoila, gasaren gabezia ordaindu ezin duten herrialdeetan. Bestalde, aurtengo uztak (garia, artoa, zein bestelako zerealak) ez dira espero zen adinako onak izan. Nekazaritzarako beharrezko ongarrien gabeziak elikadura krisia areagotzea ekarri du. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea (FAO gazteleraz) behin eta berriz esaten ari da neurriak hartu ezean, milioika pertsona pobrezia eta gosetean eroriko direla.

 

Lehengaien ustiaketa esponentzialarekin jarraituz, Alicia Valerok dioen moduan, gaia (bizitza) thanatia (heriotza) bihurtuko dugu.

 

Hau gutxi balitz, fenomeno klimatiko bortitzak gero eta maizago ematen dira; suteak, uholdeak, tornadoak…. Estatu askok inpaktuei erantzuteko ez dute gaitasunik ez baliabiderik. Horrek ezegonkortasuna handitzea dakar; herrialdeen kolapsoa azkartuz, migraziofluxu handiagoak espero dira eta etsipenak eraginda leherketa sozialak…. Gatazka soziala gehiago elikatuz, batez ere mugako eremuetan edota eskualdeko potentzia jakin batzuen eragin-eremuetan: Magreb, Mediterraneoa, ekialde hurbila…

Zenbait herrialde kolapsoan daude eta herrialde gehiago ere gehituko dira egoeraren larritasunak jota. Faktore ezberdinek eragin dezakete estatu baten kolapsoa: Sri Lanka, Laos, Nigeria… gasoil eta bestelako lehengairik gabe gelditu dira. Iran, Senegal, Kenia, Hegoafrika, Peru… elikadura faltak herritarrengan ezinegona ekarri du. Herritarren tentsioa goraka doa eta leherketa sozialak ematen dira, bitartean agintariak leherketa sozialez baliatzen ari dira autoritarismoa eta militarizazioa indartzeko.

 

Herritarren tentsioa goraka doa eta leherketa sozialak ematen dira, bitartean agintariak leherketa sozialez baliatzen ari dira autoritarismoa eta militarizazioa indartzeko.

 

Munduko gari ekoizlerik handiena den Txinak aitortu du, jasandako uholdeen ondorioz, 2022ko gariaren uzta espero baino urriagoa izan dela, historian izan duten uzta biltze txarrena. India, munduko bigarren gari ekoizle handienak, jasandako muturreko tenperaturen (50-60 ºC) ondorioz, lehorte handia izan du eta gariaren esportazioa gelditu du. Afrikako herrialde gehienek barneko biztanleria elikatzeko arazo larriak izango dituzte. FAOk urgentziazko deia egin du, gosete larriak emango direlako Afrika, Asia eta Hego Amerikako hainbat herrialdetan.

Krisi ekologikoa agintarien agendan modu apalean ageri den arren, ezin dugu ahaztu eragin zuzena duela mundu mailako ekonomia zein energiaren eremuan eta 2030erako aldaketak gauzatu ezean etorkizun ezezagunaren aurrean aurkitu gaitezke.

 

Argazkia: Quaint Planet, CC BY 2.0

 

Eraldaketa, kolapsoaren atarian

Sistema kapitalistaneoliberalaren “hazkunde iraunkor” printzipioa erregai fosiletan oinarritzen da. Hazkunde iraunkor mugagabeak arazo nagusi bat du ordea; ama lurraren aberastasuna mugatua da. Lehengaien agortze progresiboa, energia merkearen amaiera eta muga ekologiko planetarioak XX. mendeko eredu industriala kolapsora darama. 50 urte igaro dira, Nicholas Georgescu-Roegen ekonomialariak “Entropiaren legea eta prozesu ekonomikoa” liburua argitaratu zuenetik. Bertan, fisika eta ekonomiaren arteko lotura frogatzen saiatu zen. Georgescu-Roegenek zioen; termodinamikaren bigarren legearen arabera, dinamika autosuntsitzaile horretan jarraituz gero kontsumoak, baliabide naturalen desagerpenera eramango gaitu. Lurrak dituen aberastasunak xahutzen ari gara, thanatiara hurbilduz. Adibide bat jartzearren, Txilen azken 25 urtetan historia guztian baino kobre gehiago atera da.

 

Hazkunde iraunkor mugagabeak arazo nagusi bat du ordea; ama lurraren aberastasuna mugatua da.

 

Denbora gutxi dugu deskarbonizaziorako trantsizioa martxan jartzeko. Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Panelaren (IPCC) seigarren txostenak azpimarratu bezala ezinbestekoa da lurraren tenperatura 1,5-2ºC ez gainditzea eta horretarako urgentziazko neurriak hartzea; IPCCren bigarren lan taldeak argitaratutako txostenean horrela zioen: “Ama lurra errekuperatu daiteke aldaketa klimatiko larri batetik, egoera berrira moldatu daiteke, espezie eta ekosistema berriak sortuz, gizakia ez. […] okerrena etortzeko dago”.

Antropozenoaren aroa, giza jarduerak lurreko ekosisteman eragin duen inpaktu globalaren ondorioz ematen da. Horren arrazoi nagusia Berotegi Efektuko Gasak (BEG) atmosferara isurtzearen ondorio da. XIX. mendearen amaierako industria-iraultzatik, globalizazio-neoliberalera isuri dugun hondakin guztiaren ondorioz Lurreko klimaren aldaketa globala eragin arte. Inpaktu hori berotegi-efektuko gasen isurketatik dator batez ere: karbono dioxidoa (CO2), metanoa (CH4) eta oxido nitrosoa (N2O). Urtez urte hiru gas hauen isurtzea goraka doa. Rio De Janeiroko gailura, Rio+20 edota urtez urte burutzen diren COP gailurretan estatuek isuriak jaisteko konpromiso hartzen dute, baina aurpegi zuriketa edo greenwashing besterik ez da eta ez dute inolako urratsik ematen.

 

Deskarbonizazioa

Nazioarteko instituzio zein Estatuen utzikeria salatu behar da, urratsak eskatu eta egin beharreko eraldaketak gauzatu baina, munduko populazioaren etorkizuna ezin da estatu agintarien eskuetan geratu. Trantsizioa egitera behartu behar ditugu, instituzio, transnazional zein pertsona oro. Eskala global zein lokalean urratsak ematea urgentziazkoa da.

Klima aldaketaren aurkako borroka mundu mailako agenda politikoan kokatu behar da. Presio soziala handitu beharra dago; agintariekiko, enpresa multinazional handiekiko, nazioarteko konferentziak COPak ezerezean uzten dituzten Estatu buruekiko. Presio soziala ez badugu egiten, urgentziazko helburuak ezingo dira bete. Hau larrialdi egoera da.

 

Kapitalismo berdea deritzonak, gaur egungo erregai fosiletatik energia berriztagarrien ekonomiarako trantsizioa proposatzen du.

 

Kapitalismo berdea deritzonak, gaur egungo erregai fosiletatik energia berriztagarrien ekonomiarako trantsizioa proposatzen du, teknologiaren bidez aldaketa hori eginda aski izango balitz bezala. Trantsizio hau karbonorik gabeko hirugarren iraultza industrialtzat jo izan da. Europar Batasunak 2008ko krisi ekonomiko finantzarian falta izan zitzaion lidergo falta berreskuratu nahi izan du trantsizio energetikoa bideratzeko orduan. Horretarako laguntza ekonomiko handiak eman dizkio Estatuei. Errekuperazio fondoak, NextGeneration, Repower… Trantsizioa garatu ahal izateko 750.000 milioi € ko dirutza inbertituko du. Horrela, gaur egungo elektrifikazioa %24 ingurukoa bada 2050erako %62koa lortu nahi da.

Repower planak, hidrogeno berdearen trantsizioa azkartzea du helburu. Errusia eta beste herrialdeekiko dependentzia energetikoa (petrolioa, gasa) murrizteko. Hidrogeno berdearen aldeko urrats honen garaile nagusia AEB izan da, aurten bere esportazioak %34 hazi baititu.

Laguntzak trantsizio energetikoa muturrera eramateko balio beharko luke baina espekulazio energetiko baten atarian gaudela esan genezake. Aliantza publiko-pribatua lehenetsiz, enpresa energetiko handiak (Petronor, Iberdrola…) ari dira bereganatzen laguntza ekonomikorik handienak.

 

Argazkia: Pxhere, CC BY 2.0

 

Mendietan jarri nahi dituzten parke eolikoak beharrezkoak izango dira, baina zalantza handiak sortzen dituzte, toki eta eskala egokienekoak ote diren, nork bideratuko dituzten proiektu erraldoi horiek eta ze onura ekarriko dien gertuko bizilagun eta herritarrei. Beharrezkoa da plangintza estrategiko bat eta proiektua gauzatzeko orduan onurak bertakoentzat bideratzea. Zoritxarrez, Eusko Jaurlaritzak ez du ez planifikazio estrategikorik ezta trantsizio energetikoa gauzatzeko proiekturik. Kapital pribatuaren eskuetan utziko digute gure etorkizuna, Osakidetzarekin egin asmo duten bezalaxe.

Trantsizioak beste hainbat arazo ere azaleratzen ditu. Autoen kargagailu elektrikoak Europa osoan ziurtatzea da erronka nagusienetakoa, izan ere nekez garatu daiteke deskarbonizazioa garraioaren kutsadura jaitsi ezean. Auto elektriko pribatuen parkea % 100ean ordezkatzea ezinezkoa da, mundu mailan 1.000 milioi automobil elektrikotaz ari gara, soilik Europako automobil parkea 280 milioi autok osatzen dute. Auto elektrikoa egiteko litioa, nikela, kobaltoa eta platinoa bezalako lehengaiak behar dira eta guztientzako erreserba mineralik ez dago.

Garraio astunentzat ez da baliagarria elektrizitatezko indarra, beraz, bestelako energia behar da. Hidrogeno berdea erabili nahi da garraio astunentzako. Kezka ugari sortzen du ordea; izan ere, hidrogenoa ez da energia iturria eta oso lurrunkorra denez presio handian konpaktatu behar da eta prozedura horretan % kopuru handi bat prozesuan galtzen da. Europaren anbizio klimatikoarekin bat egin eta gurean urratsak eman behar dira.

 

Elektrifikazioa beharrezkoa dugu, bestelako energia berriztagarriak ere erabili beharko dira; fotoboltaikoa, termikoa, hidroelektrikoa, biomasa etab. Baina ez da nahikoa izango.

 

Gure produkzio eredua aldatu eta kontsumo ohiturak aldatuko dituen sakoneko kultura aldaketarik gabe, trantsizioa ez da gauzatuko. Azkenik, ez dago lehengai nahikorik egungo gizarte kapitalistaren erritmoa jarraitzeko. Eskala globalean zein eskala txikiagoan planifikazio errealak egitea ezinbestekoa da. Gurea bezalako herri txiki batean, aukera handiak ditugu energia ekoizpena dibertsifikazioaren bidez egiteko. Bide horretan deshazkundearen ildoa jorratu behar dugu: baliabide energetiko eta material gutxiagorekin denok hobeto bizitzeko. Lurra sistema mugatua da eta beraz ezin da iraunkorki hazi. Horrekin batera aberastasunaren banaketa eta justizia soziala bermatu behar dira, ezin da aldaketa gauzatu aberastasuna banatu ezean, denok goaz itsasontzi berean eta aldaketa kulturala emateko beharrezkoa da guztiok baldintza egokiak izatea. Hilaren bukaera iristeko arazo larriak dituenari ez zaio arrotza kolapsoa.

Historian zehar, 26 zibilizazio inguruk kolapsatu dutela kalkulatzen da. Gizarte batek aldaketak egin beharraren aurrean, aldaketak egiteari uko egiten dionean ematen da sistema edota gizartearen kolapsoa, horrela erabaki dutelako garaiko agintariak. Gure gizartea ere, aldaketak gauzatu ezean, kolapsora goaz zuzenean. Gure esku dago. Merkatuan esku hartu eta politika sozialistak egitea inoiz baino beharrezkoagoak izango da. Oraindik garaiz gaude baina lo hartu gabe, izan ere egungo erritmoa eta kontsumoa jarraituz, daukagun planeta bizigarri bakarra kontsumitzen ari gara.