SINADURAK

Eraitz Saez de Eguilaz

EH Bilduko legebiltzarkidea

Desirak eta purutasuna

2020-11-02

Kezkatuta gaude. Munduaren eraldaketak beldurra ematen digun honetan, albistegiak ikusi eta beldurretik drama egitea hain erraza suertatzen den honetan, guztiok dugu zeresana. Baina hainbeste buru hauste eta notizia ematen ari den birusaren aurretik ere, antzeko fenomenoak bizitzen ari ginela esatera ausartuko nintzateke. Onartu beharko dugu ere, aurreko mundua jada ez dela existitzen, azkartze historikoak inflexio puntu baten aurrean kokatu gintuelako, aurreko bizitza historia aurrea dela sentitzeraino.


Argazkia. Unsplash / Kate Torline

 

Azkartzeak eta aldaketak bertigoa ematen dute, eta oso zaila egiten da une oroko eraldaketan oinarritzen den errealitatea irakurtzea eta konprenitzea. Apenas dugu antzekotasunik orain dela urte batzuetako jendartearekin eta bizitzeko moduekin. Zentzu horretan, iruditegi kolektiboan ematen ari diren aldaketez aritu nahiko nuke, lehen desiratzen zituzten kontuak gorrotatzera iritsi izanak sortu dituen arrakalez. Arrakala horiek kudeatzeak sortu dituen krispazioez, eta batez ere, horrek guztiak sentiarazi dizkiguten (dizkidaten) ezinegonez. Baliteke adierazi nahi izan dudana mila bider kontatu den zerbait izatea, edo agian, gazte belaunaldi batek buruan dabilkienaren isla izatea. 

Urte batzuren buruan liburuetan idatziko ditugu orain dela hilabete batzuk etxean iltzatuta bizi izan genituenak (edo bizi ditzakegunak). Ordu asko izan genituen pentsatzeko, edo sofan botata egoteko. Produktibitatean oinarritu izan zen gizarte bat gelditu egin zen, eta produktibo izaten ahalegindu ginen kosta ala kosta. Nik ez nuen apenas ezer egin, bizkotxo bat eta ezer kontatzen ez duten pelikulen maratoiak. Baina ez nion hori kontatu munduari. Moduren batera tranpa egin ote nuen? 

Munduarekin konektatuta bizi izan genituen egun horiek, inoiz baino gehiago, pantailaren beste aldean zegoena barnean sentitzen genuen. Pantailetatik harremandu ginen, pantaila horietan sosegua besterik ez genuelako topatzen. Eta horrek, noski, harremanen eredu berriez aritzeko parada eman zuen. Eta entzun behar izan genuen betiko leloa: “sare sozialetan kontatzen dena gezurra da!”. Alabaina, argi izan behar dugu, pantailaren beste aldean ikusten duguna ez dela gezurra. Kontatzen dena eta ikusten dena egiazkoa da (nahiz eta egunerokoaren zati bat besterik ez izan), eta horrek gugan sortzen duen inpaktua eta desira, egia borobila. Gure etxeetan geroz eta jende gehiago sartzen da, oso era natural eta sotilean gainera. Eta horrek sortzen dituen loturak desiraren alorretik ulertu behar ditugu, izango ez dugun edo ez garen horrek sortzen duen betetasun sentsazio modura. Gehiengoaren eskura ez dagoen hori kontsumitzen dugu uneoro, noizbait hori lortuko dugunaren esperoan munduratzen gara egun.  

 

«Alabaina, argi izan behar dugu, pantailaren beste aldean ikusten duguna ez dela gezurra. Kontatzen dena eta ikusten dena egiazkoa da (nahiz eta egunerokoaren zati bat besterik ez izan), eta horrek gugan sortzen duen inpaktua eta desira, egia borobila»

 

Ez naiz ni izango sare sozialak eta internetek ekarri dituen onurak edo aldaketak goraipatuko dituena. Nahi edo ez nahi, aro honetan bizitzea tokatu zait. Eta ni ere demonioa baino okerragoa den mugikor bati itsatsita bizi naiz, nire bizitza sare sozialetan kontatzeko afan hori duen beste gaztetxo buru galdu bat naiz. Hori da batzuk gutaz pentsatzen dutena. Komentarioak paternalistak, kutreak eta kasposoak izateaz gain, errealitatearen irakurketa guztiz okerretik abiatzen dira. Azkar aldatu da mundua, eta ulertu dezaket batzuk mundu honetan kabitzeko dituzten zailtasunak medio, pasatako denbora oro hobea dela pentsatzea. Baina hori nostalgia da, eta batzuen nostalgiak ezin du besteek bizi duguna tapatu. Alta, denok gaude zurrunbilo horren barruan, eta denon kontsumo gai dira sare sozialak. Horregatik, hauei muzin egin eta kontra agertze hutsa ez da eraginkorra nire uste apalean.

Zentzu horretan, kuriosoak iruditzen zaizkit, guk ikusi, entzun, dantzatu edota sentitzen ditugunak arraro xamar begiztatu eta epaitzen dituztenak. Kuriosoak dira instagramerak eta youtuberak ikusten ditudala esaten dudanean, muturra okertzen duten helduak: “baina… zertan dabil gure gazte txolina”. Edo twerkinga dantzatu nahi dudala entzuten dutenean, ni baino kontzientzia feminista gehiago dutela uste duten gizon (oso gizon) helduak (spoiler: ez dira ni baino feministagoak). Ea ba, kontuz pentsatzen dugun horrekin, izan ere, horietako asko dira hipoteka batean sartu zirenak duela ez asko eta euren 2, 3, 4 edo 5 pertsonako familia nuklearretan bizi direnak. Nekatuta daudenak eta euren seme alabak domestikatzea ezinezkoa zaienean, youtuben marrazki bizidunak jarri eta tabernako mahaietan haurrak bake santuan uzten dituztenak. Errutinak janda bizi direnak, eta urtean behin gabonetako enpresetako afarietan mozkortu eta nire adineko neskak erasotzen dituztenak. Hurrengo egunean ordea, etxekoak zoriontzeko seme alaben argazkiak erabiltzen dituztenak, oso modan dauden baserritar traje garestiak soinean, baina oparietan zentimo bat bera ere gastatzen ez duten zurrak. Otorduen ostean bonboi guztiak jaten dituzten horiek eta mahaia jaso gabe sofan esertzen diren senide gogaikarriak. Ez zarete ni baino feministagoak, ez duzuelako ezertxo ere ulertu. Denon bonboiak jateko zilegitasuna duzuela uste duzue, zuek asko jateak grazia egingo baligu bezala. Ingurukoek barre egiteak ez du esan nahi graziarik duzuenik, lotsa ematen duzue eta aspaldi aspertu gintuzuen. 

 

«Kasualitatea, nagusiki emakumeok ikusi, abestu, dantzatu eta desiratu ditugun kontuak dira gehien gutxiesten direnak.»

 

Argazkia. Unsplash / Priscilla Du Preez

 

Kasualitatea, nagusiki emakumeok ikusi, abestu, dantzatu eta desiratu ditugun kontuak dira gehien gutxiesten direnak. Ni, ordea, ez naiz espainolagoa, txolinagoa, motzagoa… realityren bat ikusten dudalako. Akaso zuk errebisatu dituzu zure erreferentzia literario zein intelektualak? Denak edo gehienak gizonak, ezta? Esan dezakegu guk ere, misogino hutsa zarela. Edo pentsatu al duzu nor iraindu eta mespretxatzen duzun? Nor duzun gorroto twitterra ireki eta iritzi artikuluak irakurtzen dituzun aldiro? Galdetu al diozue zeuen buruari zergatik normalizatu ditugun hooligan maskulinoak? Ez dut futbolaren kontrako aldarria egingo, baina kontuan izan beharko dugu herriko asanbladetan errealaren emaitzak komentatzea zerbait normala dela, eta nire spotifyko erreprodukzio zerrendan agertzen diren artistak sekretupean gorde behar izan ditudala.

Ez dut belaunaldi baten aldeko aldarria egin nahi, zein garen (edo diren) ere ez dakidalako. Moduren batean, guk bizi eta sentitzen duguna uneoro kuestionatzen dutenak seinalatu nahian nabil, euren burua, eraikitzen eta ber asmatzen gabiltzan errealitate berrian, kokatzen ez duten horiez. Agian ez da ez direla kokatzen, zentralitatea eta eragiteko gaitasuna galdu dutela baizik.. Orain arte termino murriztaileen arabera munduratzen saiatu garenaren ustea izan dut beti, ginena eta izan behar genuena berdinak bailiran, baina aldi berean zirrikitu nimiñoenetatik ihes egiten zutenekin konfrontatzen. Eta horren atzean, argi eta garbi, gatazkaren betiereko ukazioa dago. Eta aldi berean, batzuen botere posizioak besteen izenak eta izanak ezabatzeko izan duen gaitasun ukaezina. 

 

«Konturatzen al gara gure inguruko gazteen desirak zein diren? Desirei kontra egin eta hauek uneoro mespretxatzeak, gure arteko arrakala sakondu besterik ez du egiten. Gogaitzeraino. Besteek ordezkatzen dutena gorrotatzeraino.»

 

Ez dut uste arazoa ustezko gazte “despolitizatuongan” dagoenik, inondik inora. Despolitazioa bera, ez delako erreala. Politizatzeko terminoak eta erreferente politikoak aldatu egin dira, eta hori ulertzea dagokigu, mundu honetan kokatu nahi badugu behintzat. Ikasten eta ikusten gabiltza, aldaketa guzti hauetan kokatzen, pixkanaka. Sentitzen duguna eta desiratzen duguna politizatu eta elkarrekin lortuko dugun proiektu politiko baten alde loratuko diren proiektu kolektiboak asmatzea dagokigula deritzot. Konturatzen al gara zenbat aldatu den gure errealitatea azken urte zein hilabetetan? Konturatzen al gara gure inguruko gazteen desirak zein diren? Desirei kontra egin eta hauek uneoro mespretxatzeak, gure arteko arrakala sakondu besterik ez du egiten. Gogaitzeraino. Besteek ordezkatzen dutena gorrotatzeraino.

Bide honetan, ikusten dut eraldaketak izen eta abizenak dituela, eta noski, ikusten dut batzuk orain arte nahiko ezkutuan esan, abestu, dantzatu eta desiratu ditugun kontuak mahai gaineratzen gabiltzala. Bada, eman diezaiogun bide. Purutasunak aspertu egiten du, ez du balio nor eta nola izan behar garen esateak, batera asmatzea ideia hobea da. Gure (denon) espazio (zabala) politikoa (gatazka), uneoro ber asmatu beharreko eremua delako. 

 

TWITTER