SINADURAK

Lionel Joly

Paris-Sorbona Unibertsitateko doktorea

BRICS vs Okzidentea

2023-07-03

Mendebaldeko eredu kontsumistaren ezarpena. Arazoa ez da Mendebaldeko herrialdeen eta BRICSen artean (Brasil, Errusia, India, Txina, Hego Afrikako ekonomia emergenteek osatzen duten asoziazio ekonomiko eta komertziala) gertatzen ari den pisu geopolitikoaren eta ekonomikoaren eraldaketa. Arazoa da BRICSek, alegia, BRICS osatzen dutenen populazioek, Mendebaldeko kosmobisioa barneratu eta onartu dutela, hau da, kontsumismoa eta ongizatea/zoriontasuna nahasten dituztela, gauza bera balira bezala.


Argazkia. Roberto Stuckert Filho/PR. Creative Commons Genérica de Atribución/Compartir-Igual 2.0. Presidenta Dilma Rousseff durante reunião dos Chefes de Estado e de Governo dos BRICS (Brasil, Rússia, Índia, China e África do Sul). Los Cabos - México, 18/06/2012.

 

Hori da, hain zuzen ere, osasunari, ongizateari eta zoriontasunari buruzko ikerketa zientifikoek erakusten dutena; kontsumismoak eta kontsumismora iraulitako gizarteak arazo emozional, psikologiko, fisiko eta ekologiko izugarriak sortzen eta orokortzen ditu. Arazo horiek, gainera, eredu kontsumista horri datxezkio, ezinbestean.

Ikerketen arabera, eta agerikoa dirudien moduan, gutxieneko baliabide-maila bat (ura, janaria, osasungintza, ostatua, hezkuntza, eta abar) ezinbestekoa da ongizatea eta zoriontasuna ahalbidetuko duen bizitza-maila egoki batera iritsi ahal izateko. Munduko biztanleriaren zati handi batek ez du gutxieneko horiek eskuratzeko aukerarik, eta funtsezkoa da gutxieneko baliabide horiek eskuratzeko aukera izatea, noski.

 

«Energia erabiliz natura kontsumo-produktu bihurtzean datza Okzidenteko eredu kontsumista»

 

Hala ere, ikusten da Mendebaldeko eredu sozioekonomikoa eta psikosoziala nagusitu dela munduko balantza geopolitikoan pisu handiagoa hartzen ari diren herrialdeetan. Eredu horrek klaseen arteko banaketa bortitza sustatzen du. Klase boteretsuek, gutxiengo txiki batek, kontsumo mugagabea egin dezake. Haien mailatik oso azpitik, eta urrun, multzo zabal bat aurkitzen da, pobreziarik handienetik hasi eta klase ertain bateraino iristen dena, gutxieneko kontsumismo-maila batera iristeak isiltzea lortzen duena.

Menderatuak diren klaseak, oro har, ideologizazio politikoaren edo erlijiosoaren, mediku-errezeten eta adikzioen bidez menderatzen dira, gaur egungo mendekotasunik ohikoena eta normalizatuena pantailekiko mendekotasuna izanik.

Funtsean, energia erabiliz natura kontsumo-produktu bihurtzean datza Okzidenteko eredu kontsumista. Naturatik sortutako kontsumo-produktu hori azkar bihurtzen da zabor, gero eta ziklo azkarragoan. Mendebaldeko uztarritik libratu nahi duten herrialde horietan ere hori da nagusitzen ari den eredua, luxuzko produktuen salmenta kopurua (Dior, Hermés, Ferrari...) ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.

 

Berrian argitaratua. (2023-07-01)