SINADURAK

Unai Irigarai Oses

Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea

Belaunaldi gazte batek euskarari

2022-12-26

Euskararen normalizazioaren garaian jaiotako belaunaldia da gurea; txikiak ginenean ETB1eko marrazki bizidunak ikusi ditugu, D ereduko ikasgeletan hazi eta hezi gara eta orokorrean, gure hizkuntza ofiziala den lurraldean bizi izan gara. Zer atera da gaizki euskararen egoera kolokan egoteko?


Argazkiak. FOKU

 

Luze joan da klandestinitatean euskara irakasten hasi ziren garaietatik, ikastolen sorrera, gure herriko eremu desberdinetan gau eskolak ilusioz eta konpromisoz martxan jarri zirenetik, hau da, frankismoaren ondorengo Euskal Herri hartan izan zen susperraldi kultural eta politikoa izan zenetik. Bidean izan da aldeko haizerik eta kontrakorik ere, gehiegi egiaren aitortzeko bigarren honetatik. Baina bidez bide, etengabeko lan militanteaz eta debekuen gainetik iritsi gara gaur egungo agertokira. Askoren ustez euskararen salbaziora eramanen gintuen bide honek, hots, euskararen normalizaziora eta gu geu izanen ginen horren adibide. Aldiz, egoera ez zen espero zena, eta gaur gaurkoz ezin gara euskararen normalizazioaz aritu.

Giro ilun honen baitan alarma desberdinak pizten hasiak dira, eta horiekin batera egoeraren ardurak bilatzen hasi dira batzuk. Aunitzetan aditu dugu belaunaldi berrion ardura falta dela egoeraren erantzule, batik bat, euskara erabiltzen ez dugulako eta horrek galbidera daramalako. Entzun dugu ere aunitzetan gure hizkuntzaren eta herriaren etorkizunarekiko axolagabekeriaz jarduten dugula. Lehen aipatu dugun egoeran, agerikoa da gazteok gure hizkuntzarekiko dugun agertokia ez dela batere onuragarria; eskola hizkuntza batean heziak izan gara, kale erabilerarako baliabiderik gabe, eta gainera, kale horretan euskarazko arrastoak geroz eta urriagoak dira.

 

«Euskara gure bizitzaren ardatz bilakatu behar dugu, beharrezkoa izan behar dugu Euskal Herrian bizi eta lan egiteko»

 

Egoera kaskar honen aitzinean belaunaldi berriok badakigu egoerari aurre egin behar diogula, eta herri-gogoa berreskuratuz euskararen inguruko hausnarketak, borrokak eta ekintzak piztea ezinbertzekoa dugula. Azken urteetan lekuan lekuko borrokek ere erakusten dute oraindik ere badela euskararen aldeko eta hizkuntza normalizazioan bidea egiteko prest dauden gazteak; Baxoa eta Brebeta euskaraz egitearen aldeko mugimenduak, Nafarroako Unibertsitatean Publikoan euskaraz ikastearen aldeko borrokak, Ager lurraldean euskararen alde piztu diren su txiki horiek guztiak eta abar luze bat.

Bide horretan, jakin badakigu oraindik ere, jendartean oro har gertatzen den gisan, gazteon artean ere masa zabal bat kontzientziatu eta mobilizatu behar dugula. Ez hori bakarrik, euskara gaur egungo egoera sozial eta politikora ekarri eta hizkuntza erabilgarri bilakatu behar dugu, Euskal Herriko gazteak euskara gure modura egin, eraiki eta erabiltzeko gai izanen den belaunaldia izan gaitezen. Bertze modu batez errana, euskara gure bizitzaren ardatz bilakatu behar dugu, beharrezkoa izan behar dugu Euskal Herrian bizi eta lan egiteko.

Indar-metaketa, herri-gogoa berpizteko eta gazteak euskararen aldeko borrokara erakartzeko helburuz ari da lanean Gazte Euskaltzaleen Sarea. Bide horretan, jarrai dezagun beraz euskara zentrora ekartzen, euskara egiten eta eragiten.

#EuskarazBizikoGara