SINADURAK

Elena Beloki Resa

Sortuko Nazioarteko arduraduna

2022ko martxoaren 12an, segurtasuna hizpide

2022-03-12

​​​​​​​Gaur, Euskal Herriak NATO-ri ezetza eman ziola, 36 urte betetzen dira. Espainar estatuak 1982etik NATOko kidea bazen ere, kide izaten jarraitzeko erreferenduma 1986ko martxoaren 12an egin zuen. Felipe Gonzalezen gobernuak  iragarri zuen, Europako Ekonomia Erkidegoan sartu ondoren, Europako demokrazia liberalaren benetako homologazioa lortzeko xedeaz.


Argazkia. Unsplash / Антон Дмитриев

 

Urrats horren garrantzia ulertzeko aliantza militarra honen itun fundazionala izan daitekeen Washington Itunaren 2. artikuluan aurki daiteke. Horrela dio bere bigarren partean: "beren nazioarteko politika ekonomikoei oztopo egiten dien oposizio oro desagertarazten saiatuko dira sinatzaileak eta haien artean, batzuen artean edo guztien artean, lankidetza ekonomikoa gauza dadin bultzatuko dute". 

Prozesu horren gidaria Felipe Gonzalezen PSOE izan zen. Garai hartan, Europako beste toki askotan legez, eta eskuin politikoa osatzen zuten alderdiak ez bezala, PSOE paradigma neoliberala bermatzeko ezinbesteko aktore bilakatu zen.

 

«Espainar estatuak 1982etik NATOko kidea bazen ere, kide izaten jarraitzeko erreferenduma 1986ko martxoaren 12an egin zuen»

 

Estatuko erreferendumaren emaitzek NATOn sartzearen aldeko bozkei garaipena eman zieten bozken %56,85rekin. Katalunian eta Kanariasetan ezetza gailendu zuen Euskal Herrian baina, erreferendumaren emaitza oso argia izan zen, biztanleen  65,7 parte hartzearekin, hamar boto paperetik sei OTANen kontra izan ziren, zehazki % 61,2a.

Emaitzak bere biziko garrantzia izan zuen. Alderdi gehienek, ezkerraren esparru zabala izan ezik, baietzaren alde bozkatzera deitu zuten. Adierazgarria izan zen EAJren atlantismoaren aldeko "euskal bai" deitu ziotena. Herri Batasuna eta gainontzeko ezkerra, garai hartan zegoen zatiketa gainditu eta "OTANi ez Euskal Herriari bai"  kanpainiaren inguruan herri plataforma eta testu aglutinatzaile bat bultzatzeko gai izan ziren.

 

«Euskal Herrian erreferendumaren emaitza oso argia izan zen, biztanleen  65,7 parte hartzearekin, hamar boto paperetik sei OTANen kontra izan ziren»

 

NATOren erreferendumaren gaitzespenaren bidez, erreferendum berak bultzatu zuen polarizazioa hautsi eta esparru soziologiko kritikoa azalarazi zuen. Gure herriaren burujabetzak eta militarizazio eta inperialismoak sortzen zuten segurtasun ezak biltzen zuten masa kritikoa hain zuzen ere. Euskal Herriko gehiengoak Espainiar konstituzioari emaniko ezetzarekin batera, NATOren aurkako jarrera  bigarren ezetza izan zen.

Euskal nazioa agerian geratu zen, jarrera propio eta diferentziatuarekin. Adierazitako borondatea ordea, ez zen inolaz ere errespetaturik izan, demokrazia liberalaren printzipioak gure herrian ezartzen joan ziren, pribatizazioari ateak irekiz eta ZEN plana hedatuz, gogoratu arestian aipatu dugun Washington Itunaren bigarren artikuluaren izpiritua. Globalizazioaren fase honek erakutsi zigun ere estatu subalternoa edo autonomiaizateko kateak zer esanahia duen mundu globalizatuan.

 

Argazkia. Unsplash / Patrick Perkins

 

Eta orain zertan ari gara?

NATOren kontrako ezetzaren urtemugan, Errusiak Ukraina erasotu ondorengo egoera belizistak maiz hizpide ez dugun gaia azalarazi dute. Zeri deitzen diogu segurtasuna? Gastu militarraren gorakadari? Tentsio militar areagotzea eta erretorika belikoa justifikatzeari?

Gatazka militarrak ez dira europarren segurtasun erronka bakarra. Dagoeneko gure kontinentean klima-aldaketaren ondorio latzak nabaritzen ari dira eta Covid 19 eta Ukrainako krisiek egitura ezberdintasunak areagotuko dituzte Europan eta munduan. Klima larrialdiari  buruzko nazioarteko hitzarmen gehienetan jasota ez dagoen arren, Pariseko akordioan adibidez, militar-industria gure planetako kutsatzaile handienetako bat da eta inguru giroa gehien suntsitzen ari den sektorea.

 

«Covid 19ko izurrite garaian gastu militarra BPG globalaren % 1,63tik % 2,2ra igotzeari?»

 

EBko herrialdeetako pertsona ororentzat osasun eta jendarte-sistemetan ezberdintasunak desagerrarazten lagun dezaketen baliabide baliotsuak, EBko eta Europako herrientzat kaltegarria izango litzatekeen gerra luze batean gastatzen ari dira. Ez al da garaia segurtasun integralaz mintzatzeko, dimentsio militarra gainditu eta jendearen bizitza erdigunean jarriko duen benetako segurtasunaz? Hau da, herri guztien ongizatea, giza eskubideen errespetua eta nazioarteko zuzenbidea lehenesten dituzten segurtasun komun eta kolektiboaren kontzeptuan oinarritutako segurtasun eredua.

Gure ustez hori da hausnarketa bidea, pertsona oro seguru sentituko den mundua. Ezkerrak ezin du eskuinaren eskuetan utzi segurtasunari buruzko debatea erretorikoa, munduko segurtasun arkitektura berria osatzeko bestelako zumeak dituelako.

Eta gu bezelako estaturik gabeko herri batek eskubide eta zilegitasun politiko osoa du mundu seguru horren irizpideei buruz hausnartzeko, garatzeko eta definizio propioak sortzeko.

Hau izan daiteke datozen belaunaldiei utz diezaiekegun ondarerik ederrena. 

 

TWITTER