GOMENDIOAK

Erria

Zaldi Urdina

2019-11-18

Artedrama, Axut! eta Dejabu, 2019


Panfleto politiko bat izatetik urrun, galderak pausatzen ditu obrak, guztia hautu artistiko eta estetiko potente batekin.


FITXA ARTISTIKOA

Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin idatzia
Zuzendaritza: Ximun Fuchs
Zuzendari laguntzailea: Ainara Gurrutxaga
Aktoreak: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo,
Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate, Olatz Beobide
Koreografia: Philippe Ducou
Musika: Asier Ituarte
Jantziak: Marodi sorkuntzak
Argiztapena eta eszenografia: Josep Duhau, Aitz Amilibia
Teknika: Aitz Amilibia
Irudia: Oier Zuñiga
Argazkiak: Ainhoa Resano
Teaserra: Eñaut Castagnet
Media: Roberto Quintana
Ekoizpena: Iasone Parada
Banaketa: Irantzu Azpeitia
Bitartekaritza, hezkuntza artistikoa eta kulturala:
Arantxa Hirigoyen

Errautsak, Hamlet eta Francoren Bilobari Gutuna lan arrakastatsuen ondoren, Zaldi Urdina obrarekin drogen gai konplexuari heldu diote Artedrama, Axut! eta Dejabu konpainiek elkarlanean berriz ere. Ezkutuan, isilean edo xuxurlan beharbada eramaten den gaia -gure bizitzetan gehiago edo gutxiago txertatua dagoen errealitatea baita - argitara atera nahi izan dute obra hau taularatuz.

Antzezlana Aingeru, 17 urteko gaztearen desagerpenarekin hasten da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan. Amets, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldea da, gaztetxe eta bizimodu osasuntsu zalea. Ikerketa bat hasiko du, Karmen amona eta Simon udaltzain traketsarekin batera. Aingeru poliziek baino lehenago aurkitu behar dute, eta abokatu on batekin joan epaitegira. Astebeteren barruan, 18 urte bete baino lehen. Atzera kontaketa bat da. Ikerketa amateurraren bidean gurutzatuko dituzte gazteriaren ondoezak eta ametsak, trafikanteen eta interes ekonomikoen boterea, indar polizialen konplizitatea eta politika baten aztarna.

Pertsonaiek euren barne kontraesanak eta herri honek bizi izan dituenak azaltzen dituzte ertz ezberdinak ukituz, bere konplexutasun guztiarekin. Ze eragin izan dute drogek lagunartean, familietan? Ze rol jokatu du Guardia Zibilak Euskal Herrian drogen zabalpenean? Ze interes ezkutuk jokatu dute hor? Eta hala ere, drogen beharra dugu. Zergatik? Gu geu izateko? Errealitatetik ihes egiteko? Arazoak besterentzeko?

Panfleto politiko bat izatetik urrun, galderak pausatzen ditu obrak, guztia hautu artistiko eta estetiko potente batekin. “Minak hor dirau” diote. Euskal Herrian nahikoa da “Zaldi zuria” esatea burura etortzeko heroina eta 1980ko hamarkada. Auzia da droga kalean dela, hemen eta orain, bere ertz eta erabilera guztiekin. Eta, tartean, heroina itzuli dela. Hortik izenburu metaforikoa: ZALDI URDINA. Minak hor dirau. Noiz arte?

Amaitzeko, merezi du www.zaldiurdina.eus webgunean sartu eta obra osatzeko egin duten ikerketa lanari begiratu bat ematea.