GOMENDIOAK

Erria

Txikia. Ur handiak ereiten

2023-10-26

Iñaki Egaña Sevilla, Txalaparta 2023

 

Iñaki Egañak Eustakio Mendizabal Txikia ETAko kide historikoaren bizitza dakar liburu honetan. Itsasondon jaioa, poliziak Ostegun Santuz aurkitu zuen Algortako karriketan, Jose Manuel Pagoaga Peixotorekin batera. Biak ihesi atera ziren, baina Txikiak bi tiro jaso zituen. Ondoren, Txikiaren figura euskal askapen prozesuaren mitorik azkarrenetakoa bihurtu zen. 50 urte bete dira Mendizabal hil zutenetik, eta Franco diktadorea hil aurreko etapatik gehien gogoratzen den ETAko kideetako bat da

Txikia militante ezaguna zen, zuen karismagatik eta batez ere bere euskaltzaletasunagatik, idazle gailena eta poeta izan zen eta iratzartze nazional baten garaiko protagonista. Egañaren iritziz, “paradigma” bat zen Txikia,  1960ko hamarkadaren “eztandaren barruan” kokatzen du; Euskal Herriaren bigarren udaberria deitu dionean.

Bere bizitzan hainbat emakumek zuten presentzia nabarmendu du Egañak. “Bi ezkutaleku zituen Txikiak, bata Lasarten eta bestea Ondarroan". Bertako jabeak ziren emakumeak bizirik daude, eta euren bizipenak sartu ditu liburuan. Izan ere, Egañaren arabera “Ahaleginak egin behar dugu emakumeen parte hartzea azaleratzeko, bestela ez genuke benetako historia kontatuko”.