GOMENDIOAK

Erria

Trikua esnatu da: euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara

2020-02-05

Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga. Susa, Lisipe bilduma, 2019


Biak dira menderakuntzaren alaba, eta, horregatik, biak dira indibidualki zein kolektiboki ahalduntzeko eta boteretzeko lekuak, zein jendarte berdinzale eta bizigarriago baten alde eragiteko guneak. Gainera, hizkuntza eta generoa gurutzatu egiten direla badakigu, hizkuntza hautuak genero eraikuntzatik igarotzen direla eta alderantziz. Horrenbestez, euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen da liburu honetan.
Eskisabelek eta Agirrek fokatze berri bat eskaintzen dute liburu honetan, “itzalean zeuden eremu horiek” ikusgarri jartzeko saioa dela dio Jule Goikoetxeak liburuan idatzi duen hitzaurrean.
Egileek gonbita egiten digute, alde batetik, euskalgintzaren kontzeptu eta praktika tradizionalen inguruko eztabaida irekia bultzatzeko eta horien eraginkortasunaz mintzatzeko [ erabilerari lotutako eztabaidak, euskalkien eta batuaren artekoak, arnasguneen mitifikazioa, euskaldun zaharren pribilegioak, eta abar] eta beste aldetik, tresna analitiko eta esperientzia estetiko eta etiko-politiko berriei bidea zabaltzeko.
Goikoetxearen arabera, “feminismoaren korronteak eta praktikak euskalgintzan txertatzearen aldeko apustua dakar liburuak, subordinatzea eta menderatzea euskaraz ere egin daiteke eta”.
Lisipe, euskarazko bilduma feministaren 7. ale honetako lau kapituluak hauek dira:
• Angela Davis, feminista eta aktibista beltza delako, euskaltzalea da.
• Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko loturak.
• Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren askapen bideak.
• Hizkuntza berri bat mundu berri batentzat.