GOMENDIOAK

Erria

Suak pizten direnean

2021-01-20

MIKEL SOTO 

Elkar (2020)

 

Idatzi duzun olerkia editoreari

beharrean pasatu badiozu letratuari

                        hori ez da poesia

                        eta ez zara poeta.

 

Dio Mikel Sotok “Hau ez da poesia” izeneko poeman, liburuari ekin orduko. Errelatoaren batailan hain murgilduta gauden honetan, gazte belaunaldi baten, garai jakin baten eta hiri baten lekukotza intimoa kontatu du Sotok “Suak pizten direnean” izeneko lehen poema liburu honetan. Hala aitortu du egileak berak elkarrizketaren batean ere; gutxiegi kontatu den horretan, memoriaren puzzlean bere aletxoa jarri nahi izan du lan honekin. Intimoa, autentikoa, erreala, gordina eta zintzoa.

Oreinaren adarrak ageri dira azalean. Gauean argiak ikusi orduko ihesari ekiten dion piztia izua baina ederra. 90eko hamarkadan kale borrokaren olatuan erori arte surfeatu zuen gazte haren azaletik kontatzen du zer izan zen hura, bizi izan duenak soilik kontatu dezakeenaren zehaztasunez. Kontakizunaren gordinari azaleko poroetatik sufrimendua dario. Umorea darien pasarte ederrak ere badaude tartekatuta, gudaren gordinean irribarreak ere izaten direlako, umore beltzez mozorrotuta bada ere. Liburuaren erritmoa eta atmosfera lodia arintzeko balio duten pasarteak dira. Eta maitasuna. Maitasuna kideekiko, lagunekiko, etxekoekiko.

 

Bada garaia:

            iragana itxi

            etorkizuna ahaztu

            eta orain eta hemen

            bizitzari betiko eutsi.

 

Betiko ametsen alde, bizi, lehen bezala orain, bizitza erretzen ari den tunda baita.

 

TWITTER