GOMENDIOAK

Erria

MiƱan

2020-07-21

Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balde.Susa, 2019 Narratiba.

 

Gure artean ditugu Afrikatik Europara datozen migratzaileak. Mediterraneo itsasoko sarraskien oihartzuna iristen zaigu baina apenas dakigu ezer itsasoko zeharkaldia hasi aurretik ere egin behar izaten duten bidaia latzaz.

Ibrahima Balde Euskal Herrira ia kasualitatez iritsi den gazte ginearra da. Irungo Harrera Sareak lagundu bitartean ezagutu zuten elkar Amets Arzallusek eta berak. Konfiantza harremana eraikita, eta Ibrahimak gauzak kontatzeko duen moduak, poetikak, txundituta, bere istorioa kontatu eta liburu batean biltzeko proposamena egin zion Arzallusek.

Baldek, lehen pertsonan kontatzen du bere bizitza. Kamioi gidaria izan nahi zuen Konakryn, Gineako hiriburuan. Baina amak Alhassane anaia txikiak Libiara alde egin zuela esan zionean bere destinua aldatu zen. Fikzioa behin eta berriz gainditzen duen errealitate gordin honek eta Ibrahimak hitzez bost sentimenak biziarazteko duen gaitasunak zirrara eragiten dute. Miñan-ek pularrez “anaia txikia” edo “ahizpa txikia” esan nahi du. Miñanen (anaia txikiaren) bilaketa da Ibrahimaren istorioa.

Bidean kontatzen ditu Malin Taalandan pertsonen trafikoak nola funtzionatzen duen, basamortu amaigabea, Aljeria, Libian bizitzak nola hutsaren hurrena balio duen, esklabutza eta tortura, itsasoa zeharkatzeko “programen” zain egoteko “trankiloak”, Maroko.

“Paperik gabe bizi zarenean ez duzu ahuntz batek baino gehiago balio”, dio Taalandatik irtetean. “Hiltzeko gogoak ikara jaten du”, Libian. “Batzuk basamortuan, besteak itsasoan. Hilotzak han daude, guk mugitzen segitzen dugu. Hori da diferentzia. Baina gure mugimenduak beste norbaitek antolatzen ditu".