GOMENDIOAK

Erria

Hegemonia, artikulazioa eta populismoa [Laclauren ekarpenak eta Euskal Herria]

2018-01-21

Floren Aoiz Monreal, Andoni Olariaga Azkarate, Jon Azkune Torres, Unai Apaolaza Amenabar, Mario Zubiaga Garate eta Mikel Urdangarin Irastorza. Iratzar Fundazioa, 2017


Floren Aoiz Monreal, Andoni Olariaga Azkarate, Jon Azkune Torres, Unai Apaolaza Amenabar, Mario Zubiaga Garate eta Mikel Urdangarin Irastorza Laclaurena askapenaren teoria eta praxia berritzeko saioen artean kokatu behar da. Eta bere saioak bizi garen garaiaren ulermenerako eta eraldaketa pentsatu eta garatzeko tresna kontzeptual eta irakurketa eta proposamen inspiratzaileak eskaintzen dizkigu, bere teoria osoaz ados egon ala ez baliatzen ahal ditugunak. Asko dira guretako inspiragarriak izan daitezkeen ideia, kontzeptualizazio eta proposamenak, besteak beste honako hauek: klase esentzialismo eta determinismo ekonomikoen kritika; artikulazio hegemonikoen garrantzia; nortasun politikoen eraikuntzaren eta sedimentazioaren irakurketa; psikoanalisiaren ekarpenak (era berezian afektuen eragina); hizkuntzaren eragina; kontingentziaren nagusitasuna, antagonismoen aldarrikapena, politika eraldaketa gisa hartuta; etika militantea, iraultza demokratikoa eta demokraziaren erradikalizazioaren zerumuga; unibertsala eta partikularraren arteko harremana eta, azkenik, populismoaren teorizazioa, instituzionalismoaz kontrajarria.

ZERGATIK LACLAU?
Nunca estuve alejado de la actividad política. Siempre mi pensamiento se estructuró alrededor de la acción política. (…) Siempre fui un militante. Ernesto Laclau, 2013 Ernesto Laclauren ekarpenen inguruko kaier honek hasiera ematen dio Inspirazioak izeneko Iratzar Fundazioaren argitalpen bilduma berriari. Nonbait hasi behar zen eta Laclau izan da lehen gonbidatua gure kaierretan, jada García Linera bolibiarraren antologia liburu batean parte hartu dugularik Txalaparta Argitaletxearekin . Laclau aukeratzeko lehen arrazoia bere heriotzaren bigarren urteurrena zen, baina egitasmoaren gauzapena atzeratzen joan da eta datak garrantzia galdu du, askotan gertatzen denez. Inspirazio emankortasuna izan da, berriz, irizpide nagusia: Laclau aukeratu dugu hagitz inspiragarria iruditzen zaigulako.

Oso emankorra da Laclauren pentsamendua politika eta eraldaketa pentsatzeko (eta gauzatzeko) politika administrazio hutsa bilakatu nahi duten gure garaietan. Berrikuntzak ekarri ditu Laclauk, batzuk zuzenak, beste batzuk eragin dituen eztabaiden bidez. Eta iruditzen zaigu aberastasun handia dagoela hor, guregana ekarri beharko genukeena.

Honetan ez dago inolako Laclauismo aldarrikapenik, norbait edota bere ekarpenak inspiragarritzat hartzeak ez baitu esan nahi jarraitu beharreko eredu bilakatzen dugunik. Beste inspirazio batzuk ekarriko ditugu eztabaidara hurrengo aleetan, horietako batzuk Laclauren hainbat ideiekiko kontrajarriak izan daitezkeelarik. Gure ustetan, hau da eztabaida aberasteko bidea, atxekimen dogmatikoak, mekanizismoak, sinplekeriak eta itxikeriak alde batera utzita.

Laclau pentsalari garrantzitsua da, Euskal Herrian nahiko berandu ezagutu bada ere. Alde batetik, Laclau agertzen da azken garaietako ezkerraren hainbat ezatabaidaren lehen mailan, Butler, Zizek, Negri, Holloway eta erreferente askorekiko harreman-elkarlan eta diskusioak izan dituelarik.

Nabarmena da, bestalde, hainbat prozesu politikotan izan duen eragina, bereziki -baina ez soilik- Argentinan. Batzuen aitzin, beharbada, Kitchrnerismo edo Podemosen oinarri teorikoren iturburu gisa agertu da Laclau. Modan sartu izanak distortsioak ekartzen ditu normalki, eta halaxe gertatzen da gure gizonaren kasuan. Izan ere, Laclau ezagutzea edo aipatzea (batzuetan, ezagutu edo irakurri gabe) prestigioa ematen ahal du hainbat esparrutan. Populismoaren satanizazioan behin eta berriro aipatua eta idazteko estilo kriptiko xamarra darabilela aintzat hartuta, erreferentzia snobprogre bilakatzeko aukera handiak ditu Laclauk.

Honek ezin gaitu atzera bultza, alta. Beste batzuek pentsalari honekin egiten dutenez gain, guk ederki dakigu zer egin nahi dugun Laclaurekin: inspirazio emankorrak arakatzeko asmoa dugu, beste hainbat egile eta eraldaketa esperientziez egin nahi dugun moduan. Modan egon ala ez. Jakin badakigu Laclauren ikusgarritasun mediatikoak eta bere teorien jabetze saioek pentsalariaren harrera baldintza dezaketela, baina hortik haratago joan nahi izan dugu, guk ere badugulako zer ikasi, baita irakaspenak non uztartu ere, borroka eta eraikuntza ibilbide luze eta emankorra baita gurea. Egindako bideak halako inspirazioak jori bilakatzen ahal ditu, eta gure ardura ekarpen interesgarriak aintzat hartzea da, aberasten gaituztelako. Xede horri erreparatuz, hainbat gogoeta-idazki eta euskarara itzulitako Laclau beraren testu bat bildu ditugu kaier honetan. Zenbait hausnarketa Hegemonia, artikulazioa eta populismoa. Laclauren ekarpenak eta Euskal Herria. sakondu eta hedatzeko urratsa dugu ahalegin hau, bereziki hegemonia eta artikulazioaren inguruan, nortasun politikoen sorrera eta garapena, herriaren eraikuntza, esentzialismoen kritika, diskurtsoa, politika (eta era berezian pasio politikoak) ulertzeko psikoanalisiak eskaintzen ahal duen ikuspegia ahantzi gabe. Iruditzen zaigu gogoeta nahiz ideia inspiratzaileak eta, finean, emankorrak bildu ditugula testu hauetan.

Gure ustetan, lagungarriak izan daitezke ezker abertzalearen gaur egungo eztabaidan eta berrindartze estrategikoan, baina, edonola ere, gure ikuspegi nagusia zabalagoa da. Batetik, unea uneko beharretatik haratago ere baliogarriak direlako, eta, bestetik, herri gisa garatu behar ditugun hausnarketa eta praxia eraikitzaile-askatzailean bultzatzeko erregaia ere bilakatzen ahal direlako.