GOMENDIOAK

Ipes

Gernikaren egiak. Oroimen biziko herria

2018-01-21

IPES, 2018


Ilusioz eta esperantzaz beteriko abentura batetik gatoz, denboran irauten duena: IPESek Bilbon abiatu zuen bere bidea 1977.urtean, Zabalburu ondoan, soziologia eta ekonomiari buruzko ikastaro jendetsu batzuetan. Hortik aurrera, betiere Euskal Herriko testuinguruan, ibilbide oparo bati ekin zion askotariko gaiak landuta.

Heziketa aldaketarako giltza dela sinetsita, guztion formazioa -ez elite pribilegiatu batena- izan dugu helburu. IPES-en lana jakintza hedatzea, eztabaidatzea eta eguneroko bizitzan uztartzea izan da, beti ere errealitatea aldatzeko asmoz eta gaur egun ere bada. Ildo beretik ari gara une honetan... 40 urte pasa eta gero.

Gure ekinbidearen xedea, hortaz, herri mugimenduko eragileek daukaten formazio garatzea da; alegia, alderdi politikoen, masa erakundeen, talde sindikalen, auzokide taldeen, hirietako eragileen edota norbanakoen eraldaketarako lana eragingarriagoa bilakatzea. Euskal Herriko oroimen historikoan ekarpen-lerroa landu izan dugu urte guzti hauetan. Eta egungo jendartea konplexutasunez beterik badago ere, IPES-ek bere horretan du gure herriaren oroimena berreskuratu eta balioan jartzeko nahia: “Euskal Herria euskal emakume eta gizonen bizirauteko prozesu historikoaren emaitza baita; norberarena eta guztiena; aldi berean” filosofiari estuki loturik.

GERNIKA ETA MEMORIA

Bistan da Euskal Herriko errealitatea ulertzeko eragin historiko nabaria izan zutela guda zibilaren gertaerek. Orain 80 urte emaniko gertakizunek gaurko testuinguruan presentzia nabaria dute, oraindik orain. Hortaz, begirada ezberdinetatik arreta puntua izatea egun, beharrezkotzat jo genezake. Zentzu horretan, guztiongatik ezaguna da Gernikak guda zibilean – baita aurretik eta ondoren ereizan duen esanahia, eta merezi du azpimarra berezia: historikoki, kulturalki, sinbolikoki, sozialki, politikoki… karga esanguratsuez beterik dago Gernika.

1937ko apirilaren 26an bonbardatua izan zen Gernika, eta ondorioak latzak izan ziren: erabat suntsitua izan zen herria (%80-a bai , behitzat): Herri baten suntsiketa espainiar estatu berriaren ekintza fundazionala bihurtu zen. Eguna, lekua eta ekintza. Betirako iltzaturik geratu zaigun marka. Gaurdaino. Oroimena ez da atzoko eztabaida soilik, beraz. Gaurkoa eta biharkoa ere bada. Hausnarketa kolektiboak, zentzu horretan, beharrezkoak dira; eta zorionez, orokorrean, gurean, egitean ari direla esan dezakegu.

Errelatoaren eztabaida ezbaian dagoen honetan, izaera ezberdinetako eragileoi dagokigu euskarriak eskaini, espazio kolektiboak sustatu eta ezagutzarako baliabideak mahai-gaineratzea; eta, ildo horretan, IPES-ek, bere xumetasunean, ekarpena egin nahi du.

“Gernikaren Egiak” deituriko proiektu honek norbanako, eragile, instituzio eta herritarrentzat, orohar, tresna bat izatea nahi du. Egindakoa eta izandakoa abiapuntu (kasu honetan 1987-ko historialarien mahai-ingurua eta Gernika bonbardatu zutela 80 urte bete diren honetan) baina, batez ere, gaurko ikuspegitik oroimenaz kolektiboki gogoetatu eta eztabaida sozialari arreta emateko. Liburuxka formatoan aurrena, eta, ikus-entzunezko eran ondoren, aukeztu eta eskaini dugu: Ikusentzunezkoa IPES-en vimeo kanalean ikusgai dago: https://vimeo. com/ipes.

Tresna izan nahi du, erraminta; hiru gairi azpimarra eginez: emakumearen ahotsa, historia eta ikuskera; komunikabideek gerra testuinguruetan jokatzen duten papera, Gernikaren adibidea kasu; eta oroimen historikoaren lanketan herri mugimenduek izan duten eta egun duten protagonismo aktiboari arreta.

Efemerideak harago, oroimenaren lanketa eguneroko bizitzan txertatu behar dugula ondorioztatu dugu, eta gure errealitatea interpretatzen jakiteko ezinbesteko lanabesa ere badela. Modu bateratuan, edo eragile gisa, norabide horretan lan egiten jarraituko dugu, herri-memoria irabazteko dugulako.