GOMENDIOAK

Xabier Landabidea

Degenesis (2014-2020)

2020-07-21

Agian ohikoagoa da bideojoko edo eleberri bat gomendatzea halakoetan, baina gaur rol joko bat ekarri nahi izan dizuet. Rol joko alemaniar bat, zehazki. Degenesis jokoa 2004an argitaratu zuten Christian Günther eta Marko Djurdjevic-en artean. Baina gomendatu nahi dizuedana 2014an argitara ekarri zuten Degenesis Rebirth (birjaiotza) edizioa da.

Labur esateko: apokalipsia 2073an gertatu zen. Eskatoia. Meteorito erraldoi bat atmosferaren aurka desintegratu zen, eta haren zatiek lurraren aurka jo zuten indar osoz… giza zibilizazioaren amaiera ekarriz. Bostehun urte igaro dira, 2595. urtea da, eta gizateria ez da hil. Aldatu egin da.

Degenesisek mundu hautsi, zikin, aldatu bat proposatzen digu taldean abentura eta istorioak bizitzeko eszenatoki gisa. Ezagutzen ditugun nazioak desagertu egin dira. Haien ordez 5 kultura handi sortu dira Europan: Borka, Polen, Franka, Hibrispania eta Baljan. Amerika eta Asiaz ez dakigu ezer, baina Afrikaz bai. Afrika da orain ia denaren jaun eta jabe.

Post-apokalipsia beraz, eta bertan guda eta aliantza joko amaigabean kolektibo ezberdinak: Spitaliarrak (gurutze gorriaren eboluzio militar-faszistoidea), Kronikariak (interneta berriro piztu nahi duten geek teknologikoak), Helvetiarrak(alpeetako mertzenario ustez neutralak), Epaileak (Justiziano hiri handiko epaimahai, epaile eta borrero armatuak), Klanak (Europako herri zaharren ondorengoak), Txatar-biltzaileak (iragan mendeetako teknologia berreskuratzen diharduten oportunistak), Neolibiarrak (Afrikar kapitalista berriak), Zigortzaileak (Afrikaren atzapar motorizatuak), Anubiarrak (Egiptoko heriotzaren gurtza… edo beste zerbait?), Jehammedarrak (Azken profetaren jarraitzaile tradizionalistak), Apokaliptikoak (plazer eta krimenaren trafikanteak), Anabaptistak (Demiurgoaren aurka gerran dauden gnostiko berriak) eta Zurbilak (lurrazpiko tuneletan mendeetan biziraundako arraza misteriotsua).

Eta noski… izarretatik etorri zen beste zerbait hori. Espazioko espora horiek. Eboluzioan mutazioak  eragiteko gaitasuna duen sustantzia hori. Erredura. Homo Degenesis edo psikonauten fenomenoaren atzean dagoen fenomeno izugarria.

Degenesis mundu oso bat da. Gurea (ez) bezalako mundua, esploratzeko, zeharkatzeko, borrokatzeko, irabazteko eta galtzeko planteatua, lagun talde bat eta dado batzuk baino eskatzen ez dituena ehunka, milaka istorio diferente bizitzeko.

Badu gainera abantaila bat joko honek: anti-manikeoa da. Ez dago arrazoia edo egia osoa duen kolektibo edo kulturarik. Ez dago herri aukeraturik. Ez dago erabat gaiztoa edo erabat ona den inor. Existentzia gogorra, bidegabea eta biolentoa da 2595ean. Denok kutsatuta gaude, eta denok gaude kondenatuta. Eta again hor datza esperantza. Emantzipazioa etortzekotan konplexutasunetik eta diferentziatik datorrela planteatzen duen lana da Degenesis. Sinplekeriak bizirauten lagun zaitzake… baina ez zaitu askatuko.

Inoiz rol jokorik zabaldu ez baduzue, ez izan zalantzarik: sartu webgunean, eman izena eta deskargatu liburuak. Baietz harritu.

 

Azpimarratzekoak

  • - Jokoaren mekanika sinplea den arren (6 aldeko dadoak erabiltzen dira) mundu konplexua aurkezten du. Murgilketa eta konpromisoa eskatzen ditu, baina trukean unibertso aberats eta interesgarri bat eskaini jokalariei.
  • - 2020ko apirilean argitaratutako material guztia sarean askatzea erabaki du Six More Vodkaestudioak. Den-denaa haien webgunean aurkitu daiteke, doan deskargatzeko moduan: http://degenesis.com 
  • - Liburu fisikoen produkzioaren kalitate maila inoiz ikusi dudan altuena da. Arte liburuak dira.
  • - Testu idatzitik beste formatoetara ere saiakerak egin dituzte (ikusi Multimedia atala webgunean)