GOMENDIOAK

Izaro Zinkunegi Barandiaran

Sortuko kidea

Bi urte, lau hilabete eta egun bat

2021-01-16

LANDER GARRO

Produkzioa. Izar Films, Labrit Multimedia

Produkzio zuzendariak. Izaskun Arandia, Amaia Arrieta. 

Gidoia. Lander Garro. 

Argazkia. Heidy Otaduy, Iban Toledo, Lander Garro. 

Musika. Paula Olaz. 

Muntaketa. Zigor Garro, Lander Garro. 

Iraupena. 80 min.

Dokumentala. 2020

 

Derrigorrezko soldaduskaren aurkako intsumisio mugimenduaren kronika

 

Espetxean hartutako irudi ilunak; kamera mugimenduak; ahots marrantatsuak. Dokumentaleko protagonistek 2012an Iruñeko espetxe zaharrean hartutako irudiak dira lan honen ernamuina. Handik abiatzen da derrigorrezko soldaduskaren aurkako intsumisio mugimenduaren kronika.

1990eko hamarkadako mugimendu desobediente eta koloretsu hartako kide izan ziren sei lagunen bizipenak jasotzen ditu Garrok, baina ez haienak bakarrik; ertzetako ahotsak ere biltzen ditu, hala nola, intsumisoen ezinbesteko bidelagun izan ziren senide eta lagunenak, edo bestelako esparruetan desobedientzia praktikara eraman duten  emakumeenak.

Hiru hamarkada atzera eginagatik, gaurkotasuna duen lana da dokumentala. Besteak beste, egungo zenbait auzirekin lotzen du borroka hura: errefuxiatuenarekin, armen salerosketarekin... Eta noski, desobedientziaz eta borroka molde berriez hausnartzeko gonbita ere egiten du.

Egun, Intsumisoaren Parkea deitzen da 2012an eraitsitako Iruñeko kartzela zaharraren orubea. Oroitarri batek gogoratzen du orduko gazte ero haien ekina. Oroitzea ez da nahikoa ordea, historia kontatu ere egin behar baita. Horixe da funtsean ikus-entzunezkoa: gure herriaren historiaren zatitxo baten memoria eta kontakizun ariketa.

 

TWITTER