ERREPORTAJEAK

Erria

Telesforo Monzonen emaria

2021-03-09

Telesforo Monzon hil zela 40 urte igaro diren honetan, bere figura gogoratu nahi izan dugu. Alde batetik, Punto y Horak 1981an publikatutako dokumentu bat dakarkigu, bertan bere elkarrizketa, artikulu eta kanta batzuk biltzen dira, beste hainbaten artikuluekin batera. Bestetik, Jose Luis Elkoro Monzonen bizitzari buruzko hainbat pasadizo kontatzen dizkigu elkarrizketa eder batean.


Argazkia. Telesforo Monzon eta Argala

 

EUSKALDUNA NAIZ

Euskalduna naiz eta

Euzkadi duta maite

Horgatik kartzelara

Eremanen naute.

Makilez jo nautenak

Elizan bai dirade

Nere oinaza minen

Eskaintzen ba ote?

Tiroz hilen naute

Errana bai dautate

Eta gauean lurrez

Estaliko naute.

Kartzela leihotik

Izar bat da ageri

Hura biziko deno

Euskadi da biziko.

 

Bergaran jaioa, Telesforo Monzon Ortiz de Urruela (Bergara, 1904-1981) Euskal Herriko politikari nabarmenetako bat izan zen. Bigarren Errepublikan Eusko Jaurlaritzako kidea, ondoren erbesteratua Ipar Euskal Herrira, azkenik Herri Batasunako kidea. 1977an Xiberta Hoteleko topaketak bultzatu zituen Argalarekin batera. Ondoren Altsasuko Mahaia eratu eta Herri Batasunaren sorreran parte hartuko zuen, EAE/ANV, ESB, HASI eta LAIA alderdien koalizioa izango zena. Idazlea (Gudarien eginak, obrarik ezagunena), olerkilaria, antzerkigintan ere trebea, herri honen memorian geratu diren borroka kanta askoren sortzailea (Itziarren semea, Batasuna, Lepoan hartu eta segi aurrera, Kalera kalera...)...

Monzonen izaera poetikoak ere ederki laburbilduko zituen Euskal Herriaren askapen prozesuaren bi aurpegi, lurraldetasunaren korapiloa eta abertzaleen batasuna. Lehenerako, pitxar hautsiaren metafora sortuko zuen, Euskal Herria estatuek puskatan banatutako herria zela eta jarroia berrosatzea abertzaleen lehen zeregintzat jotzen zuena. Ez Nafarroa Euskadira batzeko (orduko terminologian), alderantziz baizik. Maltzagaren metaforarekin abertzaleen batasuna irudikatu nahi izan zuen.

 

Argazkia. Herri Batasunaren mahai nazionalaren aurkezpen publikoa Bergaran, Monzonek zuzendua.

 

Hemen behean, alde batetik, 1981an bere heriotzaren ondoren publikatu zen Punto y Hora aldizkaria duzue irakurgai, bere elkarrizketa, artikulu, borroka kanta eta beste hainbat artikulurekin. Bestalde, Jose Luis Elkorok Telesforo Monzonen hainbat pasadizo kontatzen dizkigu. Oroz gain, Telesforo Monzon abertzale sutsua, konprometitua, Euskal Herriaren, bere kulturaren, hizkuntzaren, lurraren eta jendeen aldeko militantea izan zen, abertzale guztiok maitatua.

 

PUNTO Y HORA. Telesforo Monzón. 217. zb. 1981

 

 

 

 

 

TWITTER