ERREPORTAJEAK

Amaia Oleaga. Olatukoop Sareko kidea eta ekonomialaria

Sakonago eta zabalago. Olatu kooperatibo berria

2019-11-18

Euskal Herria historia kooperatibo oparoko lurraldea da. Oparotasun hori historia banatzeko aro edo olatu ezberdinen segidan islatzen da.

Koopfabrikaren aurkezpena. Koopfabrika Olatukoop, LANKI (Mondragon Unibertsitatea) eta GEZKIk (UPV-EHU) elkarlanean osatutako formazio eskola da, ekintzailetza kooperatibo eta soziala sustatzea xede duena. / FOKU

Euskal Herrian bostgarren olatu kooperatibo gisa ezagutzen ari garen mugimendu hau nazioarte mailan ere jazotzen ari den fenomenoa da.

Azken urteotan loratzen ari den olatu kooperatibo berria, beraz, Euskal Herrian nahiz nazioartean kooperatibismoaren bilakaera historikoaren emaitza da. Jasotako oinordetza aberatsa izanagatik, bostgarren olatu honen inguruan aritzeak baditu bere ertzak. Izan ere, praxian oso zentraturik dagoen mugimendua hau oso bizirik dago. Azkar mugitzen eta saretzen ari da eta, ondorioz, azterketa sakonerako materialen hutsunea dago oraindik.

Xehetuko diren proiektuen nolakotasunak akotatze aldera, ezaugarri komun batzuk ondorengoak izango lirateke: baga, gizarte beharrak asetzearen inguruko jarduerak burutzea. Biga, jabetza eredu kolektiboetarako eta kudeaketa demokratikorako forma juridikoak hartzea, horretarako beharrezkoak diren gardentasuna eta parte hartze espazioak zainduz. Higa, jarduera garatzen duten lurraldearekin, eragileekin eta bertako biztanleen bizi-baldintzekiko konpromisoa, baita horiek gauzatzeko aliantza iraunkorrak sortzeko lan egitea ere. Laga, harreman eredu kapitalistak ordezkatzeko bokazioa. Eta azkenik, saretzeko eta elkartasun pertsonal nahiz kolektiboa gorpuzteko egiturak, tresnak eta praktikak sortzea.

Euskal Herrian bostgarren olatu kooperatibo gisa ezagutzen ari garen mugimendu hau nazioarte mailan ere jazotzen ari den fenomenoa da. Estaturik gabeko nazioentzako bereziki interesgarria suertatzen ari den tresna izaten ari da, gainera. Burujabetza eraiki eta gizartean maila sakonago batean praktikan jartzeaz gain, gure bizitza indibidual eta kolektiboen aspektu guztietan logika hori zabaltzeko baliagarria da.

Olatukoop Sarearen jardunaldiak migrazioa, generoa eta hiritartasunari buruz Irunen, 2019ko irailean. / FOKU

"Ulertzen badugu prozesu konstituziogilea ez dela prozedura juridiko hutsa, baizik eta batez ere harreman materiala dela, agenda ekonomiko errepublikarra ezartzeak hartu behar du zentraltasun nagusia independentziari buruzko debatean."

Bi adibide txiki aipatzearren, Jackson hirian Pantera Beltzen oinordeko diren mugimenduek ere kooperatibismo eraldatzaile baten aldeko apustua egin dute. Hain zuzen ere, behar komunitarioen inguruko jarduerak martxan jarri eta kooperatiben saretzea komunitatearen eraldaketarako eta emantzipaziorako kooperatibak sortu eta saretzea da Jackson-Kush planaren demokrazia ekonomikorako proposamena.

Herrialde Katalanetan ere, ekonomia errepublikarreko Laborategiaren harira egindako gogoeta batean Ivan Miró soziologo eta kooperatibistak esan bezala, “Ulertzen badugu prozesu konstituziogilea ez dela prozedura juridiko hutsa, baizik eta batez ere harreman materiala dela, agenda ekonomiko errepublikarra ezartzeak hartu behar du zentraltasun nagusia independentziari buruzko debatean (…)”.

Bide honetan, 2019a urte garrantzitsua izan da, harremanen saretze eta sakontzean nahiz indar ezberdinen konfluentzian. Gainera, bereziki interesgarriak dira Euskal Herriko Iparralde-Hegoalde lurraldetze prozesuan edo landa eremu eta hirien arteko harremanetan olatu kooperatibo honetako eragileak sortzen ari diren dinamikak.

Barne saretzearen eta eraldaketaren potentziala

FOKU

Eragile sozial ezberdinen indar eta jakintza konfluentziarekin asmatuz gero, entrepresen transmisio eta eraldaketa demokratizatzailerako tresna izan liteke.

Euskal Herri osoan, kalkulu oso kontserbadorea eginez, 2.000 kooperatibatik gora dago. Noski, forma juridikoak bere horretan ez du ekonomia eredua definitzen. Horregatik da garrantzitsua olatu honetako eragileek beren burua mugimendu ekonomiko eta politiko baten parte izatearen kontzientzia.

Ekimen berriak sortzeaz gain, forma juridiko isolatu izatetik grabitazio-indar politiko bat izateko aukerak ustiatu behar dira. Izan ere, kooperatibismoko zenbait sektoreren dimentsioak pertzepzioa baldintzatu badezake ere, euskal kooperatibismoaren zatirik handiena dimentsio txikikoa eta inolako antolaketa kolektiboko egituretan parte hartze edo ahots aktiborik gabea da.

Eragile sozial ezberdinen indar eta jakintza konfluentziarekin asmatuz gero, entrepresen transmisio eta eraldaketa demokratizatzailerako tresna izan liteke. Horretarako, ongi jositako sare eta harremanak behar dira: kooperatibak, sareak, instituzio publikoak, sindikatuak, langile antolatuak, finantza etikoetako eragileak…

Burujabetzen arteko aliantzak
Birbanaketaren logika gainditu eta errotik banatua den eredu demokratizatzaile bat gaurtik eskura ditugun tresnekin eraikitzen hastea da, baita horren bitartez Estatugintzari ekarpena egitea ere.

Kooperatibismoaren nazioarteko printzipioek interkooperatzeko betebeharra jasotzen dute. Printzipio honen oso azaleko irakurketa izan ohi da kooperatiben arteko zerbitzu eta ondasunen elkartrukea edo egitura komun batzuk konpartitzea.

Interkooperazioaren praktika erradikal batek ordea, merkatal elkartrukeetan eta lehian oinarritutako harremanetatik, elkarlan ereduetara igarotzeko oinarria jar dezake, horretarako zaurgarritasun kolektiboetatik eta osagarritasunetatik abiatuz.

Adibide zehatzetara ekartzearren, jantoki kolektiboetarako tokiko produktuekin menuak osatzeko software libreko tresna partekatuak, zaintza partekatzeko esperientziak, elkar finantziazio solidario esperientziak, kontratazioak errazteko lanen banaketak kooperatiben artean…

Egun martxan diren esperientzia hauek eskala handiago batera ekarrita, “gu kooperatiba” izatetik “gu eskuldea”, “gu sektorea”, “gu langileak” edo beste hainbat “gu” handiagotara ekarrita, burujabetza anizkoitzen arteko aliantza errealak eraikitzen ariko gara: lanaren burujabetza, elikadura burujabetza, teknologia burujabetza, energia burujabetza, finantza burujabetza, burujabetza feminista…

Naturaren eta pertsonen bizitza fisikoa, komunitarioa, ekologikoa, kulturala eta ekonomikoa sostengatu eta garatzen ikasteko esperientzia da. Euskal lurraldea eta bertako bizitzak kapitalarentzako bazka izan daitezen era erakargarriak bilatu ordez, gure lurraldeen eta bertako biztanleekin demokratikoki eraikitako ekonomia sortzea da. Birbanaketaren logika gainditu eta errotik banatua den eredu demokratizatzaile bat gaurtik eskura ditugun tresnekin eraikitzen hastea da, baita horren bitartez Estatugintzari ekarpena egitea ere.

Testuinguru soziopolitikoa
Sorrera berriko proiektu gehienak zerbitzuen sektorekoak izanik, burujabetza ekonomikorako gabeziak dituen olatua da gaur-gaurkoz.

Azkenik, olatu kooperatibo hau jaio den testuinguru sozial eta politikoak berak oso hasieratik mugimenduan txertatu dituen aspektuen potentziala dago. Izan ere, gaur sortzen edo politikoki ardatz honetan kokatzen ari diren ekimen hauek, kalean eta herri mugimenduetan bizirik dauden pultsioak bere egiten ari dira, haien DNAn txertatuz. Bereziki feminismoari eta ekologiari lotutako gaiez ari gara, baina baita teknologia libreei, finantza etiko edo solidarioko aukera eskuragarriei buruz ere, esaterako.

Era berean, sorrera berriko proiektu gehienak zerbitzuen sektorekoak izanik, burujabetza ekonomikorako gabeziak dituen olatua da gaur-gaurkoz. Gabezia hori gainditzeko sektore eta belaunaldi politiko-ekonomikoen arteko harremanak eraikitzea demokrazia eta emantzipazio oso baterako ezinbesteko pausoa izango da.