ERREPORTAJEAK

Mikel Otero. EH Bilduko legebiltzarkidea eta aktibista ekologista

Krisi ekologikoa oholtza politikoaren erdigunean

2019-11-18

Neoliberalismoaren teoriko nagusiena izan zen Milton Friedmanek ongi ulertu zuen jendartearen dinamika hau idatzi zuenean: Krisi batek bakarrik ekar dezake benetako aldaketa.

Sortuk ekintza ikusgarria egin zuen irailaren 19an Sabin Etxea aurrean, klima larrialdian EAJren ardura eta zurikeria salatu eta trantsizio ekologikorako burujabetzaren beharra azpimarratzeko. / FOKU

Ekologia politikoak kapitalismoari egiten dion kritika sakonena neutralizatu zuten, eta hortik aurrera zailtasun handiak izan ditu sistema osoaren inpugnazioa egiteko.


Krisia gertatzen denean, aukeratzen diren bideak giroan gailentzen diren ideien araberakoak dira. Uste dut hori izan behar dela gure oinarrizko funtzioa: Existitzen diren politiketarako alternatibak garatzea, bizirik eta aktibo mantentzeko, ordura arte politikoki ezinezkoa zena ezinbestekoa bihurtu arte.

Bera, noski, ekonomiaz ari zen, eta bere alternatiba neoliberalismoa zen. Bere ideiak, XX. mendeko 50 eta 60. hamarkadetan sukaldatu ziren Chicagoko eskolan, eta 70. hamarkadan emandako krisian ordura arte politikoki ezinezkoa zena ezinbestekotzat irudikatu zen. Margaret Thatcherek, urte gutxi batzuk beranduago, modu ezin hobean laburbildu zuen bere “there is no alternative” (TINA) esaldi famatuan. Hortik arrerako ibilbidea ezaguna da. Kapitalaren desenbridazioa, globalizazioa, neoestraktibismoa, merkatuaren diktadura, finantzarizazioa, kontsumismoaren paroxismoa, langile elkartasunaren eta borrokaren birrintzea, norbanakoaren isolamendua. Oso laburrean ezaugarritu dudan programa politiko-ekonomikoa gailendu zen, indarra medio. Bazen beste biderik, ordea.

70. hamarkadarako, garapen ereduak naturan eragindako kalteez ohartarazi gintuzten ikertzaileek. 1962an Rachel Carlsonek “Udaberri isila” plazaratu zuen, non industriaren kutsadurak eragiten zituen kalteez ohartarazten zuen. 1972an, berriz, Erromako klubak, Meadows bikoteak lideratutako “Hazkundearen mugak” azterlana plazaratu zuten, non lehen aldiz gaur agerikoa den tesia agertzen zen: Ezin da etengabean hazi mugatua den planeta batean. Ingurumen eta ekonomia esparruetatik jaiotzen ari ziren kezka hauek elikatu zuten lehen ekologismoa, energia nuklearraren aurkako borrokan trebatu eta egituratu zena. Gure herrian ere “NUKLEARRIK EZ” lelopean jaio zen ekologismoa, nazio askapen eta langile borroken testuinguru gatazkatsuan bere mezua sendo txertatuz, auzo antolakuntzan erroturik. Auzo eta herri antolakuntza medio, industriaren ondorioz ematen ziren kutsadurak salatzen lehen pausoak ematen hasi ziren.


Ibarretxe Lehendakaria Boroako zentral termikoaren inaugurazioan 2005eko urrian. Halako zenralen aldeko apustu handia egin zen Euskal Herrian 2000ko hamarkadan, nahiz et ordurako energia fosiletan oinarritutako zentralen mugak ezagunak ziren eta berriztagarrien aldeko apustua egin beharra nabarmena zen. / FOKU

80. hamarkadan mundu mailan berritu daitezkeen baliabideak baino gehiago kontsumitzen hasi ginen, hondakinak eta isuriak asimilatzeko gaitasunak gainezka egitearekin batera.


Lehen bultzada hauen ondorioz, bai mendebalde osoan bai gure herrian ere, agintariek “ingurumena” kontutan hartzera behartua ikusi zuten bere burua. Hala, ingurumenaren zaintza aldagai politiko-administratibo gisa garatu zen, baina gailentzen ari zen erreforma neoliberalaren bigarren edo hirugarren mailako aldagai gisa. 80. hamarkadan “Brutland txostenaren” plazaratzearekin batera, “garapen jasangarria” formula jaio zen, Rio de Janeiroko ingurumen gailurreko deklarazioaren lehen printzipioa bihurtuz, eta inplizituki mezu hau zabalduz: ondo da, ingurumena kontutan hartuko dugu, baina garapen eredua, non hazkundearen kuestionamendua tabua den, ezingo da auzitan jarri. Garapen jasangarriaren formulazioak promesa bat dakar bere baitan; belaunaldiz belaunaldi bizi baldintza materialek aurrera egingo dute. Jasangarritasunak, azken finean, hori irudikatu nahi du, belaunaldien arteko konpromisoa, jarraitzea ahalbidetzea. Garapenak, aldiz, gero eta hobea izango den bizitza irudikatu nahi du.

Operazio arrakastatsu honen bitartez, ekologia politikoak kapitalismoari egiten dion kritika sakonena neutralizatu zuten, eta hortik aurrera zailtasun handiak izan ditu sistema osoaren inpugnazioa egiteko. Han eta hemen garapen ereduaren gehiegikeriak salatu dira, proiektu suntsitzaile zehatzen aurkako borrokak antolatu dira, baina garaipen partzialekin konformatu behar izan du, gehienetan beste batzuen arteko lobby lanak egitera mugatuta.

Modu paraleloan, ordea, inflexio puntu bat eman zen 80. hamarkadan. Tokian tokiko arazoez haratago, baliabide fosilez propultsatuta dagoen kapitalismoak azeleragailu liberala sakon sakatu zuen, eta lehen aldiz mundu mailako metabolismo sozioekonomikoak planetaren berritze ahalmena gainditu zuen. Hau da, mundu mailan berritu daitezkeen baliabideak baino gehiago kontsumitzen hasi ginen, hondakinak eta isuriak asimilatzeko gaitasunak gainezka egitearekin batera. Beste modu batean esanda, iraunkortasun promesa hausten hasi zen. Urtez urte areagotu egin da arazoa eta egun batetik besterako hondamendia etorri ez bada ere, egiturazko arazo ekologikoak pilatzen hasi ziren. Ebidentzia zientifikoa ekologismoaren iragarpen ilunenak baieztatzen hasi zen eta, hasieran diskurtso ofizialen bazterretik baina gero eta ozenago, datuek eta kezkek gainezka egin zuten eta mende amaieran egoera ezkutatzeko arazoak zeuden dagoeneko. Biodibertsitatearen galera, baliabideen xahuketa eta aldaketa klimatikoa, batez ere azken hau, krisi ekologiko orokortuaren adierazle gisa agertzen hasi ziren, kezka areagotu zen, eraginak nabarmentzen hasi ziren, urte gutxitan aldaketa handiak egin ezean hamarkada gutxitan egoera guztiz korapilatuko zelako ideia zabaltzen hasi zen eta, nekez izan bazen ere, nazioarteko agenda politikoan indarra hartzen hasi zen. Aitzitik, nazioarteko komunitateak erantzuteko ezgaitasun nabarmena erakutsi zuen, interes ekonomiko ezberdinak urratzen dituzten neurriak hartu behar direla argi geratzen hasi zelako.


Greta Thunberg aktibista Suediarra. / Frankie Fouganthin. CC-BY SA 4.0

Greta Thunbergen keinuaren bitartez ireki den aukera leihoak duen potentzial politikoa ez esploratzea onartu ezin dugun luxua da.


Klima aldaketari aurre egiteko gailur desberdinak 2015ean Parisko Akordiora eraman gintuzten. Nazioarteko komunitateak planetaren tenperatura 2ºC baino gehiago ezin dela igo adostu zuen bertan (eta ahal bada 1’5ºCen igoera eutsi behar dela). Horretarako estatuek plangintzak eta neurriak aurrera eraman beharko dituzte adostu zen. Urte gutxi beranduago, bi kontu agerikoak dira; bata, estatuek konpromisoa sinatu bai baina neurriak hartzeko orduan sekulako arazoak dituztela eta bestea, Parisko akordioa betetzeak ere ez duela dagoeneko bermatzen arazoak konponduko direla. Zientziaren datuak eskuan, datu uholdearen zamapean, ekologia politikoak arrazoia zuela egiaztatzen du. Garapen jasangarriak kale egin du.

Hondamendi ekologikoaren gertutasunak kezka orokortua sentiarazten duen etsipen testuinguru honetan, aldiz, itxaropena piztu duen gertakari bat etorri da. Hamabost urteko Greta Thunberg suediar gazteak, Luterok Wittenbergeko jauregiaren elizan bere 95 tesiak hiltzatu zitueneko amorru berdinarekin, klima larrialdiaren datuek eragindako egonezinari ezin eutsirik, kartoi zati batean “klima greba” idatzi eta ostiralero Suediako Parlamentuaren aurrean esertzen hasi zen. Keinu honek hasieran ia gupida eragiten badu ere, hondamendi ekologikoaren aurkako katalizatzaile lana egin du, hamarnaka urtetan ingurumenarekiko sentsibilitatea landu duten milaka ekimen eta borrokak ongarritutako lurrean ernatu da eta epe laburrean milioika gazte eta ez hain gazteren mobilizazioa eragin du. Krisi ekologikoa taula politikoaren erdigunera iritsi da.

Gretaren figuraren inguruan arrazoizko kritika ugari egin dira: mendebaldeko zuritasunetik datorrela, kooptazio operazio bat dagoela bere inguruan, kapitalismo berdearen interesek eman diotela bozgorailua, mugimendu “naive” bat abiatu duela. Dena egia izan daiteke, baina bere keinuaren bitartez ireki den aukera leihoak duen potentzial politikoa ez esploratzea onartu ezin dugun luxua da. Ekologismo politikoak 40 urteko ibilbidean ireki ez duen leihatila ireki da, eta “ez gaitzazue utzi etorkizunik gabe” gaztetxoen oinarrizko aldarriari dagokion mamitze politikoa ematea guztion lana da. Ekologia politikoak beti izan baitu, feminismoak bezala, sakoneko kritika sistemikoaren hazia. Gure zaurgarritasuna onartzetik, elkarrekiko eta naturarekiko dependentziaren kontzientziatik, berrezaugarritu dezagun bizitza onaren definizioa, lapurtu diezaiogun kapitalari gure desioen ezaugarritzearen ahalmena, onartu dezagun ez dagoela muga ekologikoetara egokitzea baino beste alternatibarik, denbora agortzen ari zaigu eta.


TWITTER