ERREPORTAJEAK

Erria

Gizarte antolaketa berri bat

2022-01-03

Covid-19aren testuinguruan azkartu egin dira kapitalismoaren askotariko krisiak. Testuinguru horretan eredu sozioekonomikoa, lan harremanak eta babes soziala birpentsatzeko herri ariketa egiteko gonbita egin du LABek bere azken programa sozioekonomikoan (2021), euskal jendartearen beharrizanetatik abiatuz, bizitzak eta interesak defendatzeko sindikalismotik abiatutako eskaintza berritzailea eginez. Haien hitzetan, “statu quoa eta botere harremanak iraultzeko anbizioz egindako proposamena” da hau. Lau oinarrien gainean ardazten da: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena. Zeharka, hainbat dogma neoliberal ere borrokatzen ditu, lanen eta “laguntzen” ulerkera hegemonikoa irauliz. Horrez gain, euskal esparru sozioekonomikoa definitu eta sei eremu estrategikotan 120 neurri proposatzen ditu: lurra eta lurraldea, zaintza, osasuna, ezagutza, industria eta oinarrizko zerbitzuak. Neurri zehatzez harago, planteamenduaren filosofia ekarriko dugu mahai gainera, Euskal Herrirako egiten den gizarte antolaketa berri baterako apustuaren zertzelada nagusiak emanez.


~  Dokumentua osorik: LAB sindikatuaren programa sozioekonomikoa 2021


Argazkia. Unsplash / Universal Eye

 

Aurrekariak sindikalismoan

Eztabaidarako proposamen hau, noski, ez da hutsetik abiatzen. Euskal Herriko aldaketa sozial eta politikoa burujabetzan ardaztu behar denez gero, euskal sindikalgintzak paper garrantzitsua jokatu izan du azken hamarkadetan bide horretan. Duela 25 urte bide horri ekiteko ezinbesteko pausua eman zuten bi sindikatu nagusiek, Lan Harremanetarako Euskal Esparruaren aldarrikapen bateratuarekin.

Testuingurua gaurkoaren oso bestelakoa zen. Izan ere, desindustrializazio betea zen, Maastricht-eko Ituna sinatu berria zen eta gatazka politikoa bere gordinean zegoen, Estatuak hura konpontzeko inongo asmorik agertzen ez zuelarik. 80-90 hamarkadetan eman zen industria birmoldaketak 170.000 lanposturen galera ekarri zuen Hego Euskal Herrira. Eta erabakiak Madrilen hartzen ziren bitartean, EAJk Estatuaren markoa erabiltzen zuen klientelismoan oinarritutako politika sozial eta ekonomikoak aurrera eramateko.

Aurrekoak ahalbidetu zuen, hain zuzen, egoera horri erantzuteko LAB eta ELAren arteko elkarlana. Izan ere, 1992ko lan-erreformaren kontrako greba orokorrean ekintzaesparru estatalarekin apurtu zuten bi sindikatu nagusiek. Hori izan zen 1994ko lan harremanen esparru propioaren aldeko manifestazio historikoaren aurrekaria.

 

«Lan Harremanen Euskal Esparruak, finean, euskal gizartearen beharretara egokitutako espazio ekonomiko eta soziala eraikitzea planteatzen zuen, proposamen jakin batzuekin.»

 

Lan Harremanen Euskal Esparruak, finean, euskal gizartearen beharretara egokitutako espazio ekonomiko eta soziala eraikitzea planteatzen zuen, proposamen jakin batzuekin: Euskal Herriko erakundeek lan eta gizarte babes arloko legeak eratu eta aplikatu zitzaten; ekonomia eta gizarte politiketarako tresnak, eta gizarte segurantzako konpetentziak, Euskal Herritik gestionatu zitezen; eta hitzarmen kolektiboak kanpoko inongo esku-sartze gabe negoziatu ahal zitezen.

Abiapuntua jarrita zegoen, eta sindikatuak langileen eskubideak bermatu, aberastasuna eta lana banatu eta gizarte antolaketa justuago bat eraikitzeko proposamen berriak artikulatzen jarraitu zuen. Hain zuzen, 1999. urtean 35 lanorduko astea aldarrikatzeko kanpaina abiatu zuten LABek eta ELAk, maiatzaren 21erako greba orokorra deituz. 2005ean LABek Programa Sozioekonomikoa aurkeztu zuen, burujabetzan sakondu eta eraikuntza nazionala eduki sozialez betetzeko asmoz, Rafa Diez orduko idazkari nagusiak esan bezala.

 

Argazkia. FOKU

 

2008ko krisia eta pandemiaren testuingurua

Orduz geroztik hamarkadak pasa dira eta gizarte eredu aldaketaren premia are nabarmenagoa egin da. Europa osoan eztabaida bizia dago eta proposamen ugari: lanordu murrizketa graduala (30 ordu) soldata galdu gabe; sindikatuen papera birdefinitzea eraldaketa sozialaren ikuspuntutik; patronalaren eta sindikatuen arteko botere harremana aldatzea (negoziazio kolektibo sektoriala berreskuratuz); soldata minimoa igotzea pobreziari aurre egiteko; lanak demokratizatu eta banatzea; errenta unibertsala ezartzea; BPGa indikadore berriekin (ekologikoak, sozialak, kulturalak…) birdefinitzea, giza ongizatea gaurko krisien eta giza beharren arabera ulertuz… Denek ala denek, helburu berbera dute: jendarte antolaera sektore herritar zabalen beharrizanetara eraldatzea.

Izan ere, neoliberalismoak azken hamarkadatan pribatizazioa eta prekarizazioa eremu guztietara zabaldu du, langileon eta herritarron bizitzak prekarizatuz eta eskubideak murriztuz. Krisien aroan bizi gara, zaintza krisia, ekonomikoa, soziala, kulturala, migratzailea… bata besteari eragin eta biderkatzen diren krisiak bizi ditugu gaur. Batetik, sexugenero sisteman oinarritzen den eredu sozioekonomikoan emakumeon* zapalkuntza eta bazterketa izugarria dago, genero arrakala handia eta zaintza lanak ezkutaturik daude. Hego Euskal Herrian bakarrik, 257.000 pertsona ez-aktibo daude, horietatik 182.000 etxeko lanetan ari direlarik. Lan izaera ez duten zaintza lanekin bizitza eta ingurune soziala zaindu eta sostengatzen da, baina lan horiek ez daude ongizate sozialaren eragile gisa onartuak.

 

«Gutxieneko eta gehienezko soldaten arteko arrakala handitu egin da azken urteotan, eta plusbaliari ez zaio inongo mugarik ezartzen.»

 

Bigarrenik, enpleguari begira, Hego Euskal Herrian gaur egun 150.000 langabe daude, populazio aktiboaren %11. Horrez gain, gutxieneko eta gehienezko soldaten arteko arrakala handitu egin da azken urteotan, eta plusbalioari ez zaio inongo mugarik ezartzen, aberastasuna gizartera bideratu beharrean gutxi batzuen eskuetara ihes egiten duelarik. Sortzen den aberastasunaren banaketa elite ekonomiko nagusien esku badago, nekez eraiki daiteke bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomikorik.

Hirugarrenik, larrialdi klimatikoak eta desastre ekologikoak (muga biofisikoak) langileontzako ondorio ezkorrak baino ez ditu ekarri. Izan ere, planetaren beraren biziraupena da gaur jokoan dagoena, eta horrek, gizarte eredu osoaren antolaketa birpentsatzera eramaten gaitu. Alegia, igogailu sozialak mugak izan behar ditu, planetaren sostengarritasunari eta gehiegizko konsumoari begira.

Laugarrenik, Euskal Herrian bizi den edo bizitzeko asmoa duen herritar askok eta askok ez dute herritartasuna bermatua, jatorri anitzeko langileen jazarpenean oinarritutako migrazio politika bortitzean bizi baitira.

 

«Planetaren beraren biziraupena da gaur jokoan dagoena, eta horrek, gizarte eredu osoaren antolaketa birpentsatzera eramaten gaitu.»

 

Bosgarrenik, demokrazia partehartzailearen krisi sakona bizi dugu, kapitalaren botereak baldintzatutako demokrazia parlamentario formala demokrazia partehartzaile eta lekututik gero eta urrunago dagoelarik (EAJk udalen gainetik “proiektu estrategikoak” inposatzeko onartutako Tapia Legea kasu). Eta azkenik, eredu sozioekonomiko berri baten eraikuntza nazioarteko maila duen auzia da, baina herri bakoitzetik abiatuta egin behar da, Euskal Herria izanik eredu sozioekonomiko, demokratiko, feminista eta ekosozialista eraikitzeko lurralde eskala.

Auzi guzti horiei erantzuten saiatzen da LABen programa sozioekonomikoa.

 

Argazkia. FOKU

 

Banaketa hirukoitza: lana, zaintza eta aberastasuna

Bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozioekonomiko berria inoiz baino beharrezkoagoa dela argi dago. Eta hori da proposamen sozioekonomiko honek egiten duena: azken hamarkadan lanen, lanorduen, zaintzaren, aisiaren eta prekarietatearen inguruan sortutako aldaketa estruktural, eztabaida eta eragile desberdinen proposamenak jaso eta Euskal Herrian eta baita mundu mailan irekitzen ari diren eztabaida desberdinei bere aletxoa jartzen die. Ez da gutxi. Eta halere ez da horretara mugatzen. Funtsean, “bizitzak erdigunean” leloari gorputza eta programa sozioekonomiko konkretu bat jartzen dio, euskal eskalatik egina (lurralde administrazioen asimetriatik abiatuz), lan kode bat eta gizarte segurantzarako proposamen bat mahaigaineratuz.

Proposamenaren bihotzean lanaren banaketa hirukoitza dago: lana, zaintza eta ondasunak. Lanari dagokionez, enpleguaren berrantolaketa oso bat planteatzen du proposamenak, murrizketa orokor baten alde eginez eta 30 orduko lanordua finkatuz, gutxienez bi eguneko deskantsu jarraitua bermatuz. Zeri erantzuten dio murrizketa horrek?

 

«Bizitzak erdigunean leloari gorputza eta programa sozioekonomiko konkretu bat jartzen dizkio, euskal eskalatik.»

 

Hiru auziri: Lehena, zaintza lanetarako denbora izatea, zaintza lanaren berrantolaketa osoa eginez, esparru hori publiko komunitarioa bilakatuz; edonoren zaintza beharrak sistema publiko komunitarioak asetu beharko lituzkeelarik. Bigarrena, enplegua banatzea litzateke, eta, hirugarrena, trantsizio ekosozialistarako eta produkzio murrizketarako laguntzea.

Baina lanaren esparruan, enplegua eta enplegua ez den lana (zaintza, lurra, komunitatea…) bereiztu behar dira lehenik, bigarrena jendarte justu eta sostengarri baten eraikuntzan egiten den lana dela aitortuz. Hemen pizten da eztabaida: zenbateraino arautu edo zehaztu behar da bigarrena? Eztabaida sozialaren beharra azpimarratzen da proposamenean. Dena dela, zaintza lanak ordainduak izatea proposatzen da, eta hori finantzatzeko funts publiko bat sortzea.

 

«LAB sindikatuak egiten duen planteamendu orokorrak eztabaida nazional bat pizteko asmo osoa dauka. Prisma horretatik irakurtzen badugu, gizarte antolaketa berri baterako eztabaidarako itu zuzenak markatzen dizkigula antzemango dugu.»

 

Bestalde, lana banatu behar den bezala, aberastasuna banatu behar da ere. Zerbitzu eta baliabide publikoak, zaintza barne, doan jaso behar dira, eta doakoak ez diren ondasunak eskuratzeko soldata bat egon behar da. Zeren truke? Soldata horrek enpleguari eta zaintza lanari erantzungo lioke. Izan ere, administrazio publikoak guztioi bermatu behar digu enplegua (enplegu bermatua), eta egiten ez duen bakoitzean kalte ordain bat eman behar digu. Diru laguntzaren logika neoliberala aldatzen da, beraz; estatuak ez digu ezertan “laguntzen” (laguntza merezi duzun ala ez legez zedarrituz), alderantziz, lana ez bermatzeagatik kalte ordaina  ematen dizu. Horrez gain, langile guztientzako erregimen berbera izatea aldarrikatzen da proposamenean, langile zatiketari aurre eginez, hala nola, gutxieneko eta baita gehieneko soldata ezartzea, langileen arteko dualizazioa moztu eta banaketa hirukoitza gehienezkoa ezarriz.

Proposamen guzti horietarako trantsizio baten proposamena luzatzen du programa sozioekonomikoak bere azken orrietan. Eredu zaharretik berrirako trantsizioan, autonomien estatu-eredua gainditzeko beharra ageri da. Hori dela eta, trantsizio horretan, EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrirako Lan kode eta Gizarte Segurantza legeak proposatzen ditu LABek.

 

Argazkia. FOKU. LABen Proposamen Sozioekonomiko berrituaren aurkezpena Eusko Legebiltzarraren aurreran.

 

Bizitza erdigunean filosofia ardatz

Proposamen sozioekonomiko honek, esan bezala, Lan Kode eta Euskal Herriko GizarteSegurantza Babeserako proposamen zehatza jartzen du mahai gainean. Gutxieneko soldata bermatzea, bost eguneko eta 30 orduko lan-astea, behinbehinekotasunaren bukaera, enplegu duina, erretiroa 60 urterekin hartzea, lan egiteko egutegi “propio eta laikoa”, pentsio duinak, laneko segurtasun eta osasuna, lan guztien onarpena eta banaketa (zaintza lanak kontuan hartuz)… Proposamenaren titularretan gera gaitezke. Baina hori baino askoz gehiago da hausnarketaren abiapuntua eta jomuga: gizarte antolamendu berri batez ari gara.

LAB sindikatuak egiten duen planteamendu orokorrak eztabaida nazional bat pizteko asmo osoa daukala dirudi. Zaintza mahai bat eratu behar ote da? Mugimendu feministak hartu zuen orduan iniziatiba, auzi baten proposamen konkretua mahaigaineratuz. Kasu honetan, LABek lanen bersignifikazio oso baten planteamendua egiten du, eta galdera eta paradigma berriak pausatzen ditu mahai gainean.

Programa osoaren filosofia eztabaida sozialerako tresna izatea dela dirudi, alegia, ez da programa kategoriko itxi bat. Eta prisma horretatik irakurtzen badugu, gizarte antolaketa berri baterako eztabaidarako itu zuzenak markatzen dizkigula antzemango dugu. Heldu diezaiogun, bada, eztabaidari.

 

 


 

TWITTER