ERREPORTAJEAK

Gotzon Barandiaran Arteaga

Idazlea

Euskal kulturgintzak plazak behar ditu

2021-07-14

Euskal kulturgintzaren biziraupenerako ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta EAEko kulturgintza artikulatzea.


Euskal Herrian kultur sormenerako dauden espazioez aritzeko euskal kulturgintzak egun bizi duen egoera bere osotasunean hausnartzeak mataza askatzen lagun diezaguke. Guztiok jakintzat ditugulakoan, egunero kultur sormenari buruzko hainbat erabaki hartzen ditugunean ahaztu ditzakegun zenbait gogoeta eta proposamen ekarri gura nituzke orriotara, eztabaidarako bazka:

  1. Euskararen herria hiru administraziotan zatituta egotea da euskal kulturgintza normalizatzeko dugun oztoporik gaindigaitzetako bat.
  2. Euskal kulturgintzaren biziraupenerako ezinbestekoa da Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta EAEko kulturgintza artikulatzea.
  3. Euskara ez dugu biziberrituko euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu ez badago.
  4. Euskara ez badugu biziberritzen euskal kulturgintzaren ekosistema ez da egundo osasuntsua izango.
  5. Euskara eta bere kulturgintza bereizi ezinak dira.
  6. Euskara eta bere kulturgintza sinkronizatuta egon behar dira beti.
  7. Kulturgintzaren gaixotasun endemikoetako bat atomizazioa da. Euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragileen artean azken urteetan etengabe errepikatu den proposamena hauxe izan da: Elkartu egin behar dugu, nork bere aldetik ez dugu lortuko euskal kulturgintzak bizirauterik.

 

Baina zertarako? Zein d(ir)a euskal kulturgintzaren helburu estrategikoa(k)? Hona hemen eztabaidarako proposamen bat.

 

Euskal kulturgintzaren erronka nagusia kulturzaleak sortzea da. 2016an JALGI ekimena abiarazi genuen kultur-eragileok ( Aiaraldea Komunikazio Leihoa, Bertsozale Elkartea, Ahotsenea, EHAZE, Topagunea), gure kulturgintzaren diagnostiko adostu batek bildu gintuen. Euskal kulturgintzaren erronka nagusia euskaldunak euren kulturara ekartzea da. Euskal kulturgintzaren berariazko erronka kulturzaleak sortzea da:

  • Sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak.
  • Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak.
  • Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesionalak bihurtuko diren zaleak behar ditugu.
  • Kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak behar ditugu.
  • Etxean, hezkuntza arautuan, ez arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak sortu behar ditugu.

 

Zertarako? Gure kulturgintzaren ekosistema iraunarazteko. Euskararen erabileran eraginez euskara biziberritzen laguntzeko.

Zein da kulturzaleak sortu eta euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu iraunarazteko gure proposamena? Lau lan-ildo hauetan aritzea etengabe.

Baga, sormena: pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitarteko gisa era sistematiko batean lantzea heziketa prozesu osoan, bai hezkuntza arautuan zein ez arautuan. Biga, plazak: Euskal Herriko plaza fisiko eta birtualetan bertoko kulturgintza izatea nagusi. Higa, komunikazioa: sortzen dugun hori gure herrikide guztienganaino iritsiko dela bermatzea. Lauga, transmisioa: euskal kulturgintzaren transmisioa bermatzea etxean, hezkuntza arautuan zein ez arautuan.

Lau erronka nagusioi, ekosistema gisa erantzutea proposatzen dugu. Eta, nortzuek osatzen dugu euskal kulturgintzaren ekosistema? Sortzaileek, antolatzaileek (herri-mugimenduak, erakunde publikoak, pribatuak/profesionalak), hezitzaileek (hezkuntza arautukoek zein ez arautukoek, gurasoek), komunikabideek, zale aktiboek eta kulturarekiko herritar pasiboek, bila joan gabe ere, kultura español, frantsez eta angloxari buruzko edukiak jasotzen dituztenek.

 

Elkar elikatzen dugun eragileek osatzen dugu ekosistema, eragile biziak gara, etengabe eraldatzen ari garenak, etengabe egoera berrietara egokitzen ari garenak.

 

Eta egokitu, denok batera egin behar dugula iruditzen zait, ez soilik norbere beharrizanen arabera ez bada ekosistemak, bere osotasunean dituen beharrizanetara. Dagigun ariketa: zerrendatu ditzagun Euskal Herrian kultur sormenerako ditugun guneak eta aztertu ditzagun euskal kulturgintaren ekosistemaren baitan betetzen duten funtzioaren arabera.

 

Berbarako, zein alde dago, Dantzerti, Musikene, Arte-Ederretako fakultatea, Artium, Azkuna Zentroa, Tabakalera, Guggenheim, Kultur Etxe publikoak, musika eskola publikoak, musika eskola pribatuak, trikitixa eskolak, dantza taldeak, dantza eskolak, bertso-eskolak, irakurle taldeak, margolaritza tailerrak, Azala espazioa, Ehuntze Espazioa, Baratza, ArTgia, Dinamoa sormen gunea, Larraldea, Luhuso, Oihaneder euskararen etxea, gaztetxeak, Fagus Alkiza, Lekuona Fabrika, ADEL, Astra, LABA edota Faktoriaren artean?

 

Guztiek diote kultur sormena sustatzen dutela, baina, zerk ezberdintzen ditu?

 

Pentsatzen eta sentitzen duguna kultur adierazpide baten bitartez sortzeko hautua egiten badugu aurrez beste norbaiti horixe bera egiten ikusentzun diogulako da. Inor ez gara zerotik hasten. Sortzaile guztiok gara aurretik sortzaile izan direnen zordun. Sortzaile guztiok gara aurretik sortzaile izan direnen lanak programatu dituztenen, zordun. Sortzaile guztiok gara aurretik sortzaile izan direnen lanak helarazi dizkiguten komunikabideen zordun. Sortzaile guztiok gara aurretik sortzaile izan direnen lanak ezagutarazi, gozarazi eta maitarazi dizkiguten hezitzaileen zordun. Horrek bihurtzen gaitu ekosistema, elkar elikatze horrek.

 

Azpiegitura duina eta programatzeko dirua izateak bermatzen digu kultur-etxeak zalez betetzea?

Liburu onak idazteak berez dakar irakurle berriak sortzea? Hezkuntza arautuan lanean diharduten hezitzaileek ez badute euskal kulturgintzari buruzko formakuntza iraunkorrik jasotzen nola transmitituko dute euskaraz sortzeko grina? Sormena, plazak, komunikazioa eta transmisioa modu sinkronizatu batean eta ekosistema gisa jorratzen ez baditugu, nekez eutsiko diogu kultura espainol, frantses eta ingelesdunaren erauntsiari. Euskal kulturgintzak plazak behar dituela diogunean, zera esan gura dugu:

 

  • Euskal herritarrok euskarazko sormen lanak ikusentzuteko elkargune fisiko eta iturri birtualak behar ditugu.
  • Sortzaileok, sormenerako gune eta bitarteko fisiko eta birtualak behar ditugu: lan egiteko, esperimentatzeko, hanka sartzeko, txarto egiteko, beste adierazpide batzuetako sortzaileekin aritzeko, ikertzeko, ikasteko, desikasteko, berrasmatzeko.
  • Sortzaileok,  gure sormen lanak erakusteko espazio fisiko nahiz birtualak behar ditugu.  Euskal Herri osoko espazio fisikoetan (areto itxi publiko eta pribatuetan edo bestelakoetan) eskaintzen diren kultur ekoizpenetan euskarazkoak gutxiengoa dira. Kultur programaziorako diruetatik gehiena erdaretako kultur eskaintzara bideratzen da, batez ere hiriburuetan. 
  • Euskaldunon herria eta komunitatea trinkotzeko elkarguneak behar ditugu.

 

Arestian aipatutako kulturgune edo plazen zerrendari erreparatzen badiegu, alde handia igarriko dugu batzuen eta besteek kulturgintza bizitzeko dituzten irizpideen artean. Erakunde publikoen menpe dauden kulturgune gehienetan legegintzaldiz legegintzaldi aldatzen den arduradun politikoaren alderdiaren irizpideak dira nagusi, teknikarienekin batera edota deman. Ikuskizunak programatu ohi dituzte, arrakasta mediatikoarekin estuki lotuak, alegia, aretoa bete edo ia beteko duenik nekez programatzen dute, eta beti ere aurrekontu publikoaren arabera.

 

Ondo ikasi dugu urteotan guztiotan kulturara, are euskarazkora, erakunde publikoetako aurrekontuetatik zenbat bideratzen den. Lehenengo garrantzisua denerako bideratuko ditugu sosak eta soberan geratzen dena, kulturarako. Herri gisa kulturgintzarekiko dugun desatxikimendu horrek ekarri du, besteak beste, 2008ko krisiaren aurretik euskal sortzaileentzat urteroko plaza ziren kultur-etxeetako gehienek programatzeari utzi izana. Azpiegitura duina duten makina bat areto ditugu Euskal Herrian aramu sareek estaltzekotan.

 

Badira salbuespenak, badago ekosistema gisa, tartean erakunde publikoak daudela, kulturgintza jorratzerik, herrigintzatik eta auzolanean. Azpeitia dugu bat, aitzindaria eta oso aurreratua (ikus www.kulturaz.eus). Euskaratik eta euskaraz, kulturgintzatik, sormenetik, urte gutxiren buruan herria eraldatu duen eta etengabe eraldatzen ari den egitasmo bizia, urtez urte hazten ari dena.

 

Azpeitiko ereduak Euskal Herri osoko herri guztietarako balio du?

Bere horretan, ez noski, baina marko teorikoak bai, balio du: tokian tokiko kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko bilguneak. Azpeitiri ikasitakoa norbere galbahetik iragazitakoarekin ari dira Oñatin, Larrabetzun, Lesakan edota Errenterin eta hauspoa puzka hasi da Usurbil, Bergara eta Urretxu-Zumarragan, erakunde publikoak bidelagun, ekosistemako eragile diren heinean.

 

Horrek ez du esan gura erakunde publikoak ezinbestekoak direnik, itzalita dagoen gaztetxeen sumendiak urteetan erakutsi zigunez edota berriki sekulako poza eta ilusioa sortu dizkiguten bi egitasmok frogatzen dutenez: Laudion kokatuta dagoen Aiaraldea Ekintzen Faktoria (www.faktoria.eus) eta Iruñeko Gaztelu plazan zabalduko duten LABA (www.laba.eus). Biek ala biek, euskaratik eta euskaraz, errealitatea eraldatzeko egitasmoen bilguneak izateko helburuz jaio dira.

 

Bi plaza berri dira euskal kulturgintzarentzat baina ez dira erakusleiho huts, ez dira oholtza berri bat soilik. Biek ala biek dute kulturgintza elkarrekin bizitzeko dugun modu hau eraldatzeko ezinbestekotzat. Ikuskera hori da euskal kulturgintzak amestu dezakeen plazarik zabalena.

 

TWITTER